Gaur goizean ESIko profesionalei zuzendutako hitzaldi bat eman du Óscar Vizarragak. Gizarte-hezitzailea eta Kale Dor Kayiko Ijitoen Kultur Elkarteko komunikazioko zuzendaria da Vizarraga, eta Ijito Herriaren errealitatearen berri eman nahi izan digu.

Ijitoen historia eta kulturaren inguruko alderdien kronika bat eginez, Óscar Vizarragak ijitoen soziologia azaldu digu, hau da, haien gizartea eta familiak nola antolatzen diren, herri horren kulturaren gutxieneko ezagutza bat transmititzeko xedearekin. Kultura hori, hizlariaren hitzetan, «dinamikoa eta aldakorra da, eta ingurunetik bizi da hura eraldatu gabe».

Osasunaren arloari dagokionez, nabarmentzekoa da ijitoen artean prebalentzia handiagoa dutela gaixotasun kronikoek, eta ohi baino jende gazteagoaren artean ageri direla. Gainera, biztanleria osoarena baino 20 urte txikiagoa da haien bizi-itxaropena, eta haurren hilkortasuna estatuko batez bestekoaren gainetik dago. Alderdi horiek «kezka» eragiten dietela esan du Óscar Vizarragak, eta azaldu du ijito gehienak larrialdietako zerbitzuaren bidez sartzen direla osasun-sistemara: «Lehen mailako arreta ez da apenas erabiltzen. Horregatik, geure buruari ezarri diogun erronketako bat da prebentzioa indartzea ijitoen artean». Alabaina, onartzen du «zaila dela kontzeptu hori lantzea, eta askoz zailagoa emakumeen kasuan, zainketaren ardura haien esku uzten delako eta, horren ondorioz, emakumeen osasuna bera azken postuan geratzen da, lehentasunei dagokienez».

Topaketa honi esker komunikazio-kanal bat sortu da osasuneko profesionalen eta elkartearen artean. Horren isla izango dira otsailean Ortuellan alzheimerra lantzeko antolatu diren prestakuntza-saioak.

Noticia anteriorMikrokirurgiako prestakuntza kirurgialari espezialista eta egoiliarrentzat
Noticia siguienteITEMAS plataformaren diru-laguntza