Tableta arinen bidezko erizaintzako mugikortasun-proiektu honek Osakidetzako informazio-sistemen funtzionaltasunak erabiltzen ditu, APP formatuan, digitala eta mugikorra den euskarri batean (tabletak), eta erizaintzan mugikortasunerako irtenbide integral bat ezartzeko modua ematen du, eta ospitaleratzean diharduen erizain baten eguneroko lanean pazientearen nortasuna egiaztatzeko aukera ematen du.

Proiektu hori 2015ean hasi zen, Konstanteekin, Odola Ateratzeekin eta Administrazio Terapeutikoarekin lotutako hiru aplikazioren gidaritzarekin. Aplikazio horiei esker, erizainen mugikortasunari dagokionez, segurtasuna hobetuko zen, baita erregistroaren eta lanaren kalitatea ere.

Egun, sistema ospitaleratze guztira zabaldu da, eta erregistroko bi aplikazio berri ditu: gailuak eta zauriak. Horiei esker, ohe ondoan bertan deklara daiteke pazienteak zer gailu dituen edota haren zauriek zer ezaugarri dituzten, eta irudiak ere txerta daitezke. Horrek esan nahi du erizainak datu grafiko bat sortzen duenean informazio gehiago ematen duela inprimaki batean zauriaren, presio-ultzeraren edo erreduraren deskribapena betetzen duenean baino; gainera, aplikazioaren bidez, informazio hori historia klinikoan kargatzeko aukera du.

Alde horretatik, lehen erabiltzen ziren gailuak baino arinagoa den tableta-eredu bat erabiltzeak erizainen erregistroa errazten du. Tabletarekin pazientea in situ azter daiteke, identifikazio-eskumuturreko berriaren barra-kodea eskaneatuta; halaber, nortasuna egiaztatu, eta eskatutako informazioa automatikoki Osabide Global aplikazioan erregistra daiteke.

Oheen kudeaketa

Gainera, uztailetik hasita, oheen mapa izeneko aplikazio berri bat jarri da abian. Informazio-aplikazio bat da, eta oheak kudeatzeko aukera ematen du, begi-kolpe batean horien egoera erakusten baitu: hartuak, erabilezinak, bakartuak… Hori guztia, ikonografiarekin eta koloreen laguntzarekin, solairu baten egoera modu globalean bistaratzeko aukera ematen baitu.

Dietak emateari dagokionez, deiak egiten dizkie zerbitzariei, eta pazientearentzat agindutako dieta eta hura ematea baldintzatu dezaketen alderdiak erakusten ditu (janari-alergiak, jan aurretik gluzemiak egiteko beharra, probak egiteko edo ebakuntza-geletarako hitzorduak, mendekotasun-datuak eta abar). Era berean, minaren balorazioari, presio-ultzeren arriskuari edo eroriko-arriskuari buruzko datuak ere baditu.