1963an Betty Friedanek The Feminine Mystique (Mistika femeninoa) argitaratu zuen, non deskribatu baitzuen Estatu Batuetan emakumeek 50eko eta 60ko hamarkadetan bizi izan zuten egoera. Hain zuzen ere, sistema ekonomikoa aztertu zuen, aldaketak izan baitzituen emakumeek hainbat eskubide lortu zituztelako, esaterako bozkatzekoa eta hezkuntza jasotzekoa, eta ordainpeko lanetan hasi zirelako, gobernuak sustatuta, beharra sortu baitzen Bigarren Mundu Gerran gizonak frontean zeudelako, baina gerra amaitu ostean utzi egin zioten etxetik kanpo lan egiteari. Emakumeak etxera itzuli ziren, familiaren zainketak eta oparotasuna bermatzen zituen etxekoandrearen funtzioak betetzera. Independentzia ekonomiko ezak eta muga intelektualak bakardadea, depresioa eta «femeninotzat» jotzen diren bestelako sintomak eragiten zizkieten. Friedanek «izenik gabeko ondoez» esaten zion. Bera ere etxekoandre bihurtutako psikologoa zen, eta honela idatzi zuen: emakumeen helburua ezin da soilik senarra eta seme-alabak edukitzea izan, norbanako gisa garatzeko beharra baitute.

Hala, generoak osasun-aldeetan duen funtsezko eragina kontuan hartuz (OMEk eta beste erakunde batzuek adierazten dutenez, baita gure 2021-2024 aldiko Osasun Marko Estrategikoak eta Osakidetzako I. Berdintasun Planak ere), jakin behar dugu aldagai hori ezinbestekoa dela emakumeek osasun-kalitate okerragoa izateko.  Aldeak ezagutzea eta onartzea gakoa da praktika klinikoan.

Hasteko, mahai gainean jarri beharko genituzke ohiturazko genero-aldeak, pertsonak gizartean bizi diren modua baldintzatzen baitute jaiotzen direnetik: sexu biologikoak inguruan balioak, sinesmenak eta asmoak pizten ditu. Koloreekin edo jostailuekin gertatzen den bezala jokatzen da pertsonen jokabideari zein arlo afektibo-sexualari buruzko usteekin. Luisa Antolínek antzerkiari buruzko metafora batekin azaltzen du: gizonei eta emakumeei jaiotzen direnean beren sexuaren araberako papera ematen zaie. Nola jokatu, jantzi, amestu, lan egin edo erlazionatu behar diren adierazten zaie. Ondorioz, aktore bilakatuta, egokitu zaien papera hobeto edo okerrago interpretatzen dute munduko antzokian, eta ikusleek (gizarteak) txalotzen edo gaitzesten dituzte. Kritikak erabakiko du estereotipoetatik gertu edo urrun gauden. Neskatoa indartsua, ausarta edo aktiboa bada zigortu egingo dute, baita mutila ere, sentikorra eta zuhurra bada.

Modu horretan, arauen araberako jokabideak ikasten eta etengabe errepikatzen dira, askotan zalantzan jarri gabe. Ariketa ona litzateke gure amonen bizimoduan pentsatzea eta zer aldatu den identifikatzea, baita aldatu ez dena ere. Zaintzaileak ziren, eta paper horrek jarraitzen du XXI. mendean.

Araudi hori etengabeko gatazka moduan bizi dute emakumeek, egiten dutenaren eta egin beharko luketenaren artekoa.  Besteak beste, ama ona, profesional ona eta, noski, erakargarria izateko mitoek ekartzen duten exijentziak nahasmendua eta frustrazioa eragiten dute emakumeengan eta, ondorioz, ondoeza.

Hori dela eta, lehen mailako arretako kontsulten % 30-60 medikoki azal ezin daitezkeen sintomengatik dira (Medically Unexplained Symptoms edo MUS, ingelesez), hala nola, antsietateagatik, depresioagatik, min kronikoagatik, patologia funtzionalagatik eta abarrengatik. Kategoria horietako paziente gehienak emakumeak dira. Kontsulta gehiago egiten dituzte eta baliteke horren arrazoia izatea beren inguruko erreferentziako zaintzaileak direla. Baina, nork zaintzen ditu emakume horiek? Osasun-sistemara jotzen dute. Eta, halako kasuetan, ohikoa da sistemaren erantzuna zalantzazkoa eta deserosoa izatea: zientzia medikoak oso ondo zehaztuta dauka diabetesaren edota apendizitis baten arreta, diagnostikorik gabeko azterketetan, ordea, ondoezak irauten badu, medikalizatzea da erantzuna –are gehiago emakumeekin (antsiolitikoak, antidepresiboak eta analgesikoak).

Horrenbestez, ezinbestekoa da lehenbailehen profesionalak sentsibilizatzea eta trebatzea generoak ere osasunean inpaktua duela jakin dezaten, beste faktore batzuek bezala, klase sozialak kasu. Eragina du gaixotzeko eta jakin behar dute nola aurre egin. Genero ikuspuntuari buruzko bi gako: ikerketa eta eredu biopsikosoziala.

«Generoa eta Osasuna» taldea

Noticia anteriorLa Cuadri del Hospik Eguberri giroz bete du Haur Onkologia
Noticia siguienteAurten ere, Megapark-ek jostailuak eman dizkie Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatrian ospitaleratuta dauden umeei