Diotenez, irudi bakarra mila hitz baino ahaltsuagoa da. Ez dut nik halako baieztapen bat egiteko ahalmenik, baina bat baliatu nahiko nuke geroago kontatuko dizuedana testuinguruan kokatzeko. Eta ez dakidanez marrazten, deskribatu egingo dizuet: Bulba bat (bai, genital femeninoak) imajinatzen dut diban batean etzanda, bere sufrimendu psikologoa partekatzeko eta konpontzeko prest. Haren ondoan, eserita eta boligrafo eta paper bana dituela, terapeuta bat dago, bulbari arretaz entzuten. Entzun diezaiogun denok.

Bulba: Genital batzuk baino ez naiz, emakume baten zati txiki bat baino ez. Eta txikia banaiz ere, pisu handia dut gainean.

Terapeuta: Kontatu.

Bulba: Ai! Hau aldaketa! Orain dela asko nire askotariko gaitasunengatik ohoratzen ninduten; eta oraindik ere baditut gaitasun horiek, baina orain ematen didaten balioa oso bestelakoa da. Gizadiaren hasieratik, labar-pinturetan irudikatzen ninduten, Venus famatuetan. Katedraletan nago: bakarka edo emakume-gorputz batean. Heriotzarik gabe odola darit, bizitza ekartzen dut eta, batzuetan, nirea bera ematez, plazera naiz. Horregatik guztiagatik, jainkosa bat nintzen.

Terapeuta: Jarraitu.

Bulba: Ikuspegia aldatu egin da. Erabaki zuten lizuna nintzela, gaizkia bera nintzela ia eta oraindik ez dugu hori gainditu.

Hasteko, ez didate nire izenez deitzen; ez da ezagutzen. Bulba naiz, baina nire goitizenak entzuten dira. Are errespetu- eta teknizismo-ahalegin batean ere, lortzen dudan gehiena erredukzionismo bat da: bagina. Nire zatietako bat da hori, eta horrela deitzen didate. Eta zer zati? Zertarako balio du zati horrek? Nori erreferentzia eginez? Pista bat emango dizut: niri ez.

Terapeuta: Bai.

Bulba: Eta nire zatiez hitz egiten ari naizela, zer esan klitoriari buruz; organo zoragarria da, emakumeari plazera ematen dio, baina, dirudienez, hori arbuiagarria da gizarte honetan. Saio asko eta askotarikoak egiten dira hura ezkutatu eta ezabatzeko. Basakeriara ere iritsi dira: mutilazioa. Alegia, emakumezkoen plazerak bakarrik gogaitzen duela.

Terapeuta: Segi, segi.

Bulba: Gaur egun, presio estetikoa izugarrizkoa da. Ezin dut sinetsi: oso gutxi ikusten dut-eta argia! Nire ilea… Izatea naturala da, baina, orain, aldarrikatzailea edo transgresorea da. Depilatzeko arrazoi asko daude; horrela, emakume bakoitzak aukeratuko du horietako zein sinetsi, azken ilea ere kentzeko. Direla nolabaiteko edertasuna eta desiragarritasun, direla txukuntasuna, garbitasuna eta usainik eza. Ui! Eta zer esanik ez ezpain txikiei buruz! Aukera bakarra dago iruditeria komunean; baina, benetan, aniztasun handia dago. Horrek kirurgia «estetiko»ra animatzen gaitu.

Terapeuta: entzuten dizut.

Bulba: Ezin ditut usainik ezaren, fluxurik ezaren eta lubrikazioaren eskakizunak bete. Eta horiek lortzeko gaixotu ere egiten naiz. Desodoranteak, modu konpultsiboan garbitzea eta nazka-sentsazioa, baita berarekin naraman emakumearentzat ere. Ez nau harritzen: emakumeak beren genitalak beraienak ez diren eta lotsagarriak diren etengabeko mezuekin hazten dira. Ez nazazue ukitu, ez nazazue ezagutu, nazkagarria naiz. Emakumeek gizonen baimen bera izango balute! Gizonak pozik bizi dira beren genitalekin, eta beren zakilen tentetasun-egoera ezberdinak ospatzen dituzte.

Terapeuta: Ulertzen dizut.

Bulba: Presio horrek askatasuna, autonomia eta gozamena kentzen dizkigu. Ez dut ulertzen zergatik. Zergatik ez dute bulbek zakilen maitasun eta tratu on bera jasotzen? Enbrioi-jatorri berekoak dira; genitalak gara, eta funtziok partekatu ere egiten ditugu. Entzun nazaten eta merezi dudan espazioa bueltatu diezadaten nahi dut. Ai! Bai ona barrenak askatzea; berrituta geratu naiz. Beste egun batean nire sexu-harremanak kontatuko dizkizut.

Terapeuta: Hurrengora arte.

Bulba: Nire lagun ipurdi andreari esango diot zeinen ongi nagoen zurekin, bera ere etor dadin.

Terapeuta: Ipurdi andrea? Emakumezkoa al da? Bai, ipurdia unibertsala da, denek dugu ipurdia.

Bulba: Bai, baina, dirudienez, talde esklusibo batenak bakarrik dauka presio estetikoa pairatzearen eta erotizatua eta erabilia izatearen karga eta besteen zerbitzura egon behar du. Agur.

Terapeuta: Agur.

Janire Miranda Bárcena. Kabiezesko Osasun Zentroko emagina EEGko ESIa
Menopausia eta klimaterioaekitaldiko (2023/05/04) hizlaria. Gure intraneteko espazioan ikus daiteke ekitaldi hori.

«Generoa eta osasuna» taldearekin lankidetzan

Noticia anterior100 profesionalek baino gehiagok parte hartuko dute kardiologiako Irudi eta Inprimaketa Tridimentsionalaren lehen Jardunaldi Nazionalean
Noticia siguienteEzkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Osakidetzaren lehen mailako arretako fisioterapiaren eredu berria abiarazi du, eta emaitza bikainak lortu ditu pertsonen gogobetetzean