Kardiologiako Irudi eta Inprimaketa Tridimentsionalaren I. Jardunaldi Nazionala egin da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Kirurgia Kardiakoko Zerbitzuak eta Berrikuntza Unitateak antolatuta, Biocruces Bizkaiarekin lankidetzan. 100 profesional baino gehiago bildu dira topaketan, eta kardiologian 3D eredu anatomikoak erabiltzea bultzatzeko ezagutza eta esperientzia klinikoak partekatu dira. Erradiologia Medikoko Espainiako Elkarteak (SERAM), ISCII Biobancos y Biomodelos plataformak eta Kirurgia Kardiobaskular eta Endobaskularreko Espainiako Elkarteak (SECCE) bermatu dute jardunaldia.
Kardiologia eta kirurgia baskularreko nazioko eta nazioarteko adituek parte hartu dute topaketan, eta hainbat gai jorratu dituzte; tartean, kardiologiako 3D inprimaketa medikoaren aplikazioa irudiaren (erradiologia), fabrikazioaren (ingeniaritza) eta kontsumoaren eta erabileraren beraren ikuspuntutik.
Lehen blokean, erradiologiako adituek irudiak sortzeko prozesua izan dute ardatz, erresonantzia magnetikoaren, ordenagailu bidezko tomografiaren edo ekografiaren bidez eskuratzetik hasi eta 3D inprimaketarako segmentaziora arte.
Jarraian, fabrikazioari dagokionez, eta ingeniaritza biomedikoaren ikuspegitik, egungo inprimatze-teknikak azaldu dira, materialei eta teknologiei dagokienez, eta etorkizuneko beste berrikuntza-arlo batzuetan sakondu da; bioinprimaketan eta inplantagarrietan, kasu.
Ondoren, profesional klinikoek hainbat esperientzia kliniko arrakastatsu azaldu dituzte, bai Kardiologian, bai Kirurgia Kardiobaskularrean, bai eta 3D ereduen erabilera ere helduen eta haurren kardiopatietan eta kirurgia kardiobaskularrean.
Arratsaldeko saioak Europa mailako hainbat esperientzia ezagutzeko balio izan du, bai eta software espezializatuak garatzen dituzten sektoreko enpresenak eta 3D modelatzearen inguruko ikerketa-proiektuenak ere. Jardunaldia amaitzeko, egungo erregulazio-egoera eta ospitale-fabrikaziorako baldintzak bateratu dira.