Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Osasun Ituna ezagutarazi eta ezartzeko jardunaldia egin berri dute, osasun-esparru berriaren ildo estrategikoak eta hura erakunde sanitarioetan aplikatzeko modua aztertzea xede. 

Askotariko arlo eta kategoriatako hirurogei profesionalek baino gehiagok hartu dute parte, eta elkarlanean aritu dira plan horren ildo estrategiko bakoitzaren erronkak nahiz aldaketarako palankak identifikatzeko.

Mª Luz Marqués, ESIko zuzendari gerenteak aurkeztu du ekitaldia, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak, Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Inés Gallego Osasun Saileko Eraldaketa zuzendariak eta Ane Fullaondo Biosistemak Institutuko zuzendari zientifikoak lagunduta. Aurkezpenaren aurreko saioan, esparru estrategiko horren funtsa zehaztu da, eta azaldu da Ituna sistemaren bilakaerarako funtsezkoak diren lau mugimendutan oinarritzen dela: gaixotasuna osasunera igarotzea, ospitaletik komunitatera igarotzea, erakundeetatik harremanetara igarotzea eta jarduera balioari eta ekitateari begira jartzea. Hori guztia digitalizazioan oinarrituta, zeharkako motor gisa.

Taldeko dinamiken bitartez, bertaratutakoek Itunaren 24 ildo estrategiko aztertu dituzte, eta horren ezarpenari buruzko ikuspegi tekniko eta operatiboa eskaini dute. Jardunaldian ateratako ondorio guztiak helarazi zaizkie Zuzendaritza Nagusiari eta Sailari, eta gidatzat hartuko dituzte hizpide dugun estrategia planifikatzeko eta gure jarduketa-eremuan ezartzeko.

Noticia anteriorOspitaleko Erizaintzako Zuzendaritzak “Garapenean dagoen Erizaintza” zigilua jaso du
Noticia siguiente2026ko Eskertze jardunaldian aintzatetsi dira ESIan dauden lantaldeen talentua eta berrikuntza