COVID-19ak sortutako pandemia-egoera erronka itzela izaten ari da maila askotan. Horietako bat asistentziala da eta, horren barruan, prestakuntza eguneratua ez da erronka makala.

Europako herrialde guztiek egiaztatu dute profesionalen prestakuntza espezifikoa falta izan dutela pandemiari aurre egiteko orduan. Hori dela eta, egoera luzatzen ari zela ikusita, Europar Batasunak COVID-19a duten gaixoak artatzeko gaitasun asistentzialetako prestakuntza-programa bat antolatu zuen (SCIM 19), medikuei eta erizainei zuzenduta. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESI prestakuntza horretan parte hartzeko Europa mailan hautatu zuten erakundeetako bat izan zen.

Prestakuntza zainketa kritikoen unitateetan lan egin ohi ez duten profesionalentzako izan da. Gontzal Tamayo eta Miren Bengoetxea –gure ospitaleko Bizkortze Unitateko medikua eta erizaina, hurrenez hurren– arduratu dira prestakuntza Kantabrian eta Euskadin koordinatzeaz.

Prestakuntza erdipresentziala izan da, eta 2020ko abenduan hasi zen gure zentroan. 24 ordukoa izan da (16 ordu online eta 8 aurrez aurre), eta errealitate birtualeko baliabideak erabili dira.

Erizaintzaren kasuan, zainketa kritikoetan adituak diren bost trebatzailek (Miren Bengoetxea, Elena Cardo, Iraide Velasco, Maite Martínez eta Jaione Tena) eman dizkiete aurrez aurreko saioak kritikoetako, ospitalizazioko eta operazio-gelako 70 erizaini. Orotara, bederatzi aurrez aurreko saio/tailer izan dira, oso praktikoak. Gainera, zoom bidezko tailerrak antolatu dira beste ESI batzuetako (Zumarraga, Debagoiena, Bidasoa, Mendaro eta Galdakao) 53 erizainentzat.

Beraz, esan daiteke prestakuntza eraginkorra izan dela eta zainketa kritikoen eremua gertutik ezagutzeko balio izan duela.

Noticia anteriorFarmazia-baliozkotzeko tresna (VALFAR) zentro soziosanitarioetan ezarriko da
Noticia siguienteEbaluazio neuropsikologikoa Jiménez Díaz Fundazioan