Biocruces Bizkaia Institutuak, Gurutzetako ospitalearekin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioarekin (BIOEF) eta Virgen de la Arrixaca ospitalearekin (Murtzia) batera, Biometric Vox Espainiako teknologia-enpresak sortutako teknologia erabiliko du COVID-19a ahotsaren bidez detektatzeko; horretarako adimen artifizialeko modeloak erabiliko ditu.

Gaixotasunak goiko arnasbideei eragiten die hasieratik, disnea edo arnasa hartzeko zailtasuna eragiten ditu, eta fonazio-aparatua ere erasan dezake. Beraz, teknologia honek garrantzi berezia izan dezake hasirako sintomarik gabeko kasuak detektatzeko; horietan test azkarrak eta PCR bidezko probak ez dira hain erabilgarri eta aplikagarriak. Gainera, ikerketa egiteko azkarra da biztanleria mailan, eta emaitzak azkar egongo lirateke eskuragarri. Sistema honen bidez, fonazio-aparatuaren egoera analizatuko da eta, ondorioz, kutsatze-kasuak detektatzen lagunduko du. Hori dena urrutitik, kontaktu fisikorik gabe eta denbora errealean. Osasuneko langileak babestuta leudeke, beraz, ez dagoelako kontaktu fisikoaren ondoriozko arrisku potentzialik.

Nola funtzionatzen du?

Biocruces Bizkaiak azterlana garatu eta baliozkotuko du; horretarako, paziente kutsatuen eta osasun onekoen ahotsak grabatuko ditu. Ondoren, sistema entrenatuko da COVID-19a duten pertsonak detektatzeko gai izan dadin. Gero, informazio guztia bilduko du eta, irizpide medikoaren arabera, ahots-laginak taldekatuko ditu, sintomatologia espezifikoaren arabera. Pazienteen 100 kasu baliozkotuko dira: sintomatiko larriak, sintomatiko arinak, sintomarik gabekoak eta osasun onekoak. Adimen artifizialeko teknologia ahotsetan aplikatuko da, eta azterlan algoritmiko batek horietako bakoitzeko eredu eztabaidaezinak bereizteko aukera emango du.

Azterlanean arituko diren Institutuko eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuak Pneumologiakoa, Larrialdietakoa eta Etxeko Ospitalizaziokoa dira.

Biometric Vox-ek garatutako teknologiak ahotsaren 100 parametro morfologiko eta fonetiko baino gehiago neur ditzake. Ezaugarri horien guztien analisi sakonari esker, gaixotasun biriko honen ondorioz hiztunaren fonazio-aparatuan aldaketarik gertatu den aztertzen du enpresak.

Proiektuak aplikazio bat garatuko du. Aplikazio horrek, azken berrikuntza teknologikoen bidez, biztanleriaren kutsatze-indizea asmatze-maila handiarekin adieraziko du. Lehenik eta behin, Biometric Vox-ek webgune bat du prest ospitale-erabilerarako, Windows, iOS edo Android duen edozein gailu elektronikotatik erabili ahal izango dena. Sakatzeko botoi bat du, eta testu bat, pazienteak dikzioa egin dezan. Gainera, COVID-19ari buruzko galdetegi bati erantzun beharko zaio, irizpide medikoarekin bat.