Hasi da Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan herritarren artean COVID-19aren kasuen jarraipena egiteko Kasuen eta Kontaktuen Zaintza Plana. Komunitateko erizaintzako hiru espezialistak koordinatuko dute proiektuaren hasiera, eta ESIko lehen mailako arretako unitate eta zentro sanitario guztien lankidetza izango dute.

Zentrootako erizainak harremanetan egongo dira plana koordinatuko duten hiru profesionalekin. PCR+ duen pertsona baten berri jasotzen denean zentro operatiboan, kontaktuen zuhaitza zehaztuko da, erreferentziako sanitarioek kontaktu guztien jarraipena egin dezaten, nork bere unitatean. Era berean, PCR negatiboa bada ere, pasatu egingo da informazioa, handik zazpi egunera proba errepikatzeko eta emaitza ikusteko.

Kasuen eta Kontaktuen Zaintza Planaren erlazio-esparrua hauek osatzen dute: Lehen Mailako Arreta, komunitateko esku-hartzeko erizain espezializatuak, Prebentzioko Oinarrizko Unitatea, Prebentzio Zerbitzua eta Epidemiologiako eta Osasun Publikoko Saila.

Osasun-sistemaren sareko lan honek armiarma-sare moduko diseinu bat bermatzen du; horrela, PCR+ baten kontaktuen jarraipena eraginkorra izango da, eta kasu positibo batekin kontaktuan egon diren pertsonak guztiak zehaztuko dira. Osasunaren Mundu Erakundearen Go-data tresna erabiliko da kasuak eta horien gertuko kontaktu guztiak erregistratzeko, bai eta horien guztien proben emaitzak eta behar diren jarraipenak erregistratzeko ere. Hori guztia gaitzaren transmisio-kateak gerarazteko asmoz egingo da.