Zazpi urte dira jada Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak, ABAO Bilbao Óperaren eskutik, «Opera eta +» programa antolatzen duela. Programak Ospitaleko zerbitzu eta unitate ezberdinetatik hedatzen jarraitzen du.
«Opera eta +» programa Nefrologian, Eguneko Ospitalean, Gaixotasun Inflamatorioaren Unitatean, Barne-medikuntzan, Pneumologian, Onkologia Erradioterapikoan eta zainketa aringarrien ibilbidean egiten da. Zerbitzu horietako pazienteekin egiten diren jardueren helburua da gaixotasun kronikoa kudeatzen laguntzea, eta, horretarako, musikarekin eta operarekin lotutako bizipen pozgarriak eta esperientzia-trukea eskaintzen dizkie pazienteei.
Pediatria Zerbitzuan ere egiten da programa, eta haurren bizitza normalizatzen laguntzen du. Hori horrela, musikaren eta operaren arloko ezagutzak eskuratzen dituzte, beren ohiko ikastetxean egingo luketen bezalaxe. Jaioberrien Unitatean ere egiten da, eta, horretan, kantuaren bitartez, ingurune atsegin bat sortu nahi da, eta eragin positibo bat izan zentzumenetan eta giroan, soinu-estresa arintzeko.
«Opera eta +» programa sozial, berritzaile eta aitzindari bat da. ABAOren opera-denboraldiari lotutako jarduerak egiten dira ospitalearen barruan eta hortik kanpo, eta EDP eta “La Caixa” fundazioen eta Zabalgarbiren kolaborazioa du. Helburu nagusia da pazienteen eta haien senideen ongizate emozionalari laguntzea, oro har musikaren eta zehazki operaren ezagutzaren eta gozamenaren bidez.