«Gauza guztiek izan behar dute pitzadura bat, hortik sartzen da ARGIA», Leonard Cohen

Garai hauetan komenigarria da gure esentziarekin konektatzea, eta hemen gaude zu eta ni gogoeta hau eta unibertsoaren txoko honetan egoteko zortea partekatzen.

Jaiotzea gure garaipena izan zen, gero hazi egin ginen eta leku bat egin dugu bizitzan eta bizirik iraun dugu, grabitatearen indarrak, higadurak, ezezagunaren beldurrak eta egunsentien edertasunak mendean hartzen gaituzte… Horregatik, artikulu hau ur gazitan murgilduta egongo da (bizitzaren jatorria duela 4.000 milioi urte gertatu zen itsasoaren hondoan, NASAren arabera). Agian horregatik, hura begiratzean eta entzutean, geldiarazi egiten gaitu, orekatzen… berrezartzen eta besarkatzen.

Lerro hauek gorazarre egiten diete «herritarrak» zaintzen dituzten pertsonei –emakumeak izan ohi dira–, beren izerdi eta malkoei. Lan egiten duten pertsonei, itsasoko emakumezko langileei, sareak josten dituztenei, «saregileei» –egiten duten lana ezinbestekoa da arrantzarako eta, hala ere, ikusezinak dira–, osasungintzan lan egiten dugun pertsonei –10etik 8 emakumeak gara–, emakumezko garbitzaileei –askotan ez dira ikusten, baina asistentzia seguruaren oinarria dira eta, are gehiago, gaur egun–, emakumezko zientzialariei, gorputza kresalez beteta duten ekitatearen defendatzaileei, ezagutzen ditugun emakumeei eta geuri –«zer moduz zaude?» galdetzen digutenean, esaten dugu «ondo, baina “nekatuta”, baina ondo…». Erantzun hori ezaguna zaigu eta Nuria Varelaren obra berriaren titulua da (CANSADAS). Gomendatu egiten dizuet.

«Ekofeministen» negarrei, emakumezko itsaskilariei eta gehiago ezin duela esaten digun planeta batean bizitza hobeago bat bilatu beharrean dauden emakumeei…

Pertsona migratuei eta ibilbide horietan bizitza eta ilusioa galtzen dutenei, eta maite dituzten pertsonak galtzen dituztenei.

Gorazarre egiten die, halaber, Dora Salazarren ZIRGARIEI. Bilboko itsasadarraren ondoan aurkitu nituen, zirga lodi bati eta beren indarrari lotuta. «Nor ote ziren?», galdetu nion neure buruari. XIX. mendean, Euskal Herrian, lurretik ontziei tira egiten zieten emakumeak ziren; gizonen eskasia zegoen, eta beren lana idiak baino merkeago ateratzen zen.

Emakumeen lanaren garrantzia eta oraindik lortu ez den berdintasunerantz aurrera egiteko beharra aintzat hartzea, sinbolikoki oraindik botatzen jarraitu behar dugun ZIRGA hori, BERDINTASUNA ez baita aukera bat, JUSTIZIA SOZIALA eta DUINTASUN balioa baizik.

Bizitzaren jatorria den itsasoa… enbrioiak bezala, likido amniotikoan flotatzen dugu, amaren umetokiko itsasoa… urak botatzen ditugu. Nereidek edo sirenek kantatzen digute gure amaren umetokian izaki garenean? Sednak, Ozeanok, Yemayak, Tetis munduko uren pertsonifikazioak laztantzen gaituzte?

Itsasoko jainkosek, sirenek eta itsasaldietan nagusi den ilargiak so egiten digute; oso lotuta gaude horiekin.

Duela hiru mendetik hona, feminismoak olatuetan antolatu du bere denbora:

  1. Lehen olatua, XVIII. mendearen erdialdetik, XIX. mendearen hasierara.
    2. Bigarren olatua XIX. mendearen erdialdetik, XX. mendeko 50. hamarkadara arte.
    3. Hirugarren olatua, XX. mendeko 60-70eko hamarkadatik 90eko hamarkadara arte (korronte batzuek diotenez, gaur egun arte).
    4. Laugarren olatua; gaur egun horretan gaude.

Planeta osoan feminismoa ez dago olatu berean… eskubideetan, lorpenetan eta aurrerapenetan.

Pandemia hau «olatu»etan antolatu da; seigarrenean gaude. Paralelismo hori agian ez da kasualitatea edo bai; baina, egia esan, orain dela gutxi arte, suntsitzen zuen guztiak, urakanek eta gainerakoek emakume izena zuten. Eva paradisutik kanporatzeagatik epaitzen hazi ginen, eta ez ziguten Lilith sorkuntzako lehen emakumeaz eta lehen feministaz hitz egin, jatorriz Adam bezalakoa zen (Jainkoak gizona eta emakumea bere irudira eta antzekotasunera sortu zituen). Paradisutik alde egin zuen ez zetorrelako bat menderatze-eskakizunekin eta desberdinkeriarekin.

Aldaketa-garaiak bizi ditugu, eta, ozeano beraren parte garenez, pertsona bati gertatzen zaionak guztioi eragiten digu. Gure zatirik handienean ura gara (% 60 baino gehiago), gehiago edo gutxiago, bizitzako zein etapatan gauden: jaiotzean, % 80, eta, heldutasunean, berriz % 50.

Mendietatik haratago mendi gehiago daude, baina baita ur amaigabeak, egunsentiak eta ilunabarrak ere.

Garrantzitsuena da aurrera egitea, etenik gabe.

«Izarren hautsa gara», Carl Sagan .