Bigarren sexua-n (1949), Simone de Beauvoirrek bere buruari galdera bat egin zion: zer da emakume izatea? Bere esaldi ezagunak, «Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da», generoaren eraikuntza soziokulturala definitu zuen; haren obran nabarmendu zuen emakumeak ez direla esentzia aldagaitz bat, baizik eta hezkuntzaren eta ohituren emaitza, otzanak eta esanekoak izateko, eta isilik egoteko haziak.  Gizonak sendoak izan behar dira, emozioak erreprimitu behar dituzte eta lider izan behar dira, BOTEREA baliatzeko.

Rousseauk Émile edo hezkuntza-n berretsi zuen gizonek etxekoandreak nahi zituztela, umeak eta herritarrak zain zitzaten, eta bizitza atsegingarri egin ziezaieten.

 Mugimendu feminista «Ilustrazioak nahi ez zuen alaba izan zen». «Askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna» leloa gezurrezko unibertsaltasun baten aldarria da, emakumeak kanpo utzi zirelako.

Feminismoaren arabera, desparekotasuna eraikuntza soziala da, ez dago determinismo biologikorik, ez du biologiak erabakitzen zer eginkizun izango dugun bizitzan, kulturak baizik. Kate MILLETek Sexual Politics-en (1970) identifikatu zuen patriarkatua botere-egitura gisa.

Generoa sexuaren eraikuntza soziokultural bat da.

Feminismo erradikala

Korronte horren arabera, patriarkatua da, alegia, gizonak emakumea azpiratzeko sistema, gizarte-desparekotasunaren erroa; generoaren araberako botere-banaketa asimetrikoa azpiratze-egitura maskulinoaren bidez zertzen da. Emakumeen askapena generoaren abolizioarekin etorriko litzateke; akabo rol eta estereotipo zapaltzaileak.

TRANS LEGEA

Espainiako Berdintasun Ministerioaren proposamenak arrakala bat sortu du: nor da feminismoaren subjektua? Judith Butlerrek, Foucaulten oinarrituta, generoaren gainean teorizatu zuen ikuspegi postestrukturalista eta postmodernotik. Horren arabera, sexu biologikoa ere eraikuntza sozial eta kultural bat da, eta biologia produktu arautzaile bat, maskulinoa/femeninoa eredu bitarra zilegi egiten duena, sexu-identitatearen izaera aldagarriari aurre eginez.

Butlerrek (2006) dioenez, «ni-a» arauz osatuta dago, baina, orobat, haiekin harreman kritiko eta eraldatzaile bat duten bizimoduak izan nahi lituzke; trans indentitateak lirateke horren erakusle. Judith Butlerrentzat, genero-identitatea ezin dateke era dikotomikoan ulertu, maskulinoa/femeninoa; generoa performatiboa da, araua apur dezakeelako gorputzaren edo hitzaren ekintza errepikatuen bitartez; queer teoriaren arabera, generoa generorik gabea da.

Martxoaren 15eko 3/2007 Legeak aukera eman zien transei erregistroko generoa zuzentzeko, tratamendu kirurgikorik behar izan gabe.

2017ko lege-proposamenean, sexu-orientazio, -identitate edo genero-adierazpenagatiko bazterkeriaren aurkakoan eta lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen gizarte-berdintasunaren aldekoan.

Transen artean leudeke, besteak beste, trabestiak, cross dresserrak, drag queenak, drag kingak, queerrak, gender querrak eta generorik gabeak.

2018 urtean, «sexu-identitatearen» eta «genero-adierazpenaren» determinazio askea aipatu zen; norberak askatasuna izatea «sexu sentitua» eta «genero-identitatea» adierazteko, baina, desadostasun politikoak tarteko, ez aurrera ez atzera geratu zen.

Berdintasun Ministerioaren iritzian, indarreko 2007ko legeak gabetasunak zituen, ez baitzien baimenik ematen adingabeei sexu-zuzenketa eskatzeko. Trans legearekin, 2018ko proposamenarekin bat, 16 urtetik aurrerakoek hormona-tratamenduak eskuratu ahal izango dituzte gurasoen baimenik behar izan gabe.

Gaur egun, ministro-kontseiluak onartu du TRANS LEGEA, trans eta LGTBI kolektiboen eskubideena.

  • Genero-autodeterminazioa: 16 urtetik gorakoek bere kasa eska dezakete, eta gurasoek edo tutoreek lagunduta 14 urtetik aurrerakoek. Testuak baimena ematen du legezko sexu-aldaketa egiteko 12 urtetik aurrera, baldintzarik gabe 16 urtetik aurrera, legezko ordezkarien baimenarekin 14-16 urterekin eta epailearen baimenarekin 12-14 urterekin.
  • Diskriminazio positiboko neurrien atzerako eraginik gabe berdintasuneko legeak blindatzeak ez ditu desagerrarazten lehenagoko «betebehar juridikoak» (Genero Indarkeriaren Lege Integrala).
  • Konbertsio-terapiak debekatzea
  • «Haurduntze-gaitasuneko transentzako» laguntza bidezko ugalketako teknikak
  • Emakume ezkongabea erditu den umetxoaren filiazioa.
  • Luzapen bat intersexualentzat.
  • LGTBI aniztasuna hezkuntza-esparruan.
  • Enplegu-sustapena emakume transentzat.
  • Zehapenak, eskubideok urratzen direnerako.

Feminismo erradikala ez dago ados

Haien iritzian, «borondatea adierazte hutsarekin generoa autodeterminatzeak» emakumeen espazioak eta eskubideak kolokan jartzen ditu eta ez dio arazoari erreparatzen; gizartea sexista da, eta desparekotasuna betikotzen duten estereotipoak eta rolak erreproduzitzen ditu. Eta «sexua» kategoria hutsaltzen da (gizon edo emakume jaio izana). Homosexualen eta transexualen kolektibo batzuk ere ez daude pozik TRANS legearekin.

Judith Butlerrentzat, Simone de Beauvoirren «egin egiten da» hori kulturak inposatua da, baina baita hautatu den identitate bat ere. Feminista erradikalentzat, emakumeen askapena genero-aldarrikapen ezagatik bainoago abolizioagatik etorriko da: estereotipoak apurtzeak bide emango lioke harremanak libre eta berdinzaleagoak izateari. Bigarren sexua-ren egilearentzat, emakumeen askatasuna «egoerak» baldintzatuta dago.

Ondorioz, bi ikuspegi dauzkagu aurrean:

  • Generoa sexuaren eraikuntza soziokulturala da; desparekotasuna betikotzen duten estereotipoak eta rolak.
  • Queer teoria, generoa hautu kontua da: rolak ahalduntzea ez da arazoa, askatasunaren sintoma baizik.

Nekez ezkondu daitezke ideiok, askatasuna oso desberdin ulertzen duten korronte teorikoak direlako; desberdina da subjektu politikoa, eta, ondorioz, «agendak» bateraezinak dira zenbaitetan.

Une historikoan gaude, sexu-orientazio edo -identitate, genero-adierazpen edo sexu-ezaugarri edozeinetako pertsonak ikusgarri egin eta despatologizatzeagatik; ez dira duintasun handiagokoak ez gutxiagokoak; aniztasuna ez da desparekotasunen sorburu; giza eskubideak dira; errespetatzen badira, gizartea BIDEZKOAGOA, LIBREAGOA eta ZORIONTSUAGOA izango da.

Genero eta OSaun Lan Taldea

Noticia anterior120 egoiliar baino gehiagok hasi dute prestakuntza Ospitalean
Noticia siguienteMila transplante Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Hematologian