2024ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak, Emakunderekin lankidetzan, EKIM (1) jarri zuen martxan, indarkeria matxistari buruzko informazioa jasotzen duen webgune bat, zeinaren helburua baita “biktimak erabakien erdigunean jartzea”, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi bezala.

Askotariko egoeren gaineko informazio zehatza eskaintzen du atariak, bai indarkeria matxistari buruzko zalantzak dituzten emakumeei, bai laguntza nahiz baliabideak eskuratu nahi dituztenei zuzenduta. Horrez gain, oro har biztanle guztientzat da interesgarria jasotako jarduketa-gomendioengatik, esate baterako arriskuan dagoen emakume bati lagundu nahi izanez gero. Segurtasun-, gizarte- nahiz osasun-baliabideetarako eta esparru judizialekoetarako irisgarritasuna azaltzen da.

Emakumeen erabakiak eta haien denborak errespetatzeko garrantzia nabarmendu da, bai eta erakunde-maila bakoitzean ematen den arreta ere.

Informazio praktikoaz gain, “Intereseko beste informazio batzuk” atalean askotariko edukia dago eskuragarri: araudia, datuak eta azterketak, gidak eta gomendioak, prestakuntza, etab. Hizpide dugun arazoari heltzeko oso interesgarriak dira Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiko datuak, icebergaren punta diren erregistratutako kasuen erakusgarri baitira; izan ere, kalkulatu da indarkeria matxista jasaten duten emakumeen % 60k ezkutatzen duela eta batez bestean zortzi urte eta zortzi hilabetez jasaten duela laguntza eskatzeko erabakia hartu arte.

Sexu-indarkeriako kasuei heltzeko bi berrikuntza aurkeztu dira: krisi-zentroak eta Larrialdietan lagin gehiago hartzea. Bi berrikuntza horiek Osakidetzako genero-indarkeriari buruzko XI. jardunaldian ere aurkeztu ziren, zeina 2023-12-15ean egin baitzen.

Laster irekiko diren krisi-zentroak 24 orduz egongo dira zabalik. Urruneko zein aurrez aurreko arreta eskainiko zaie sexu-erasoren bat jasan duten 16 urtetik gorako emakumeei eta laguntza osoa emango zaie.

Erasoa azken hamar egunetan gertatu denean ematen da Ginekologiako Larrialdi Zerbitzuko arreta. Orain arte, emakumeak salaketa jartzeko erabakia hartu behar zuen Ginekologia Zerbitzua epaitegiarekin jarri zedin harremanetan eta forentsea Larrialdietara joan zedin. Horiek horrela, aldi berean ematen zen ginekologia eta auzitegiko arreta kliniko/legala. Gaur egun, emakumeak ez badu salatzeko erabakia hartzen, bera ados baldin badago, ginekologoak azterketa medikoa egingo du eta bidezko laginak hartuko ditu, ondoren erabili ahal izateko prozesu judiziala hasiz gero.

 Indarkeria matxista mota desberdinen aurrean gure osasun-arloak funtsezko zeregina izan behar du biktimen osasuna sustatzen eta zaintzen. Adierazitako indarkeria oso gutxitan antzematen eta jasotzen da historia klinikoan, esan bezala kasuen % 60an ezkutatzen baitute. Baliteke arrazoi bat izatea biktima ez izatea indarkeria matxista jasotzen dabilenaren jakitun edo ez izatea bere bizipena kontatzeko konfiantzazko ingururik.  Gure erantzukizun profesionala da egoera zaurgarriak edo susmagarriak ezagutzea eta kasu bakoitza aztertzea gure esperientziaz eta entzute aktiboaz baliatuta. Horrez gain, kasua erregistratu behar da eta horren gaineko jarraipena egin, betiere kasuan kasuko biktimaren denborak eta erabakiak errespetatuz: emakumea eta ardurapean adingabeak eta senideak dituena, haiek ere jasan baitezakete indarkeria-mota hori.

Azken urteotan, areagotu egin da Osakidetzak eskainitako indarkeria matxistari buruzko prestakuntza, eta oraindik bide luzea dago egiteko. Gaiari dagokionez sentikortasuna adierazi ez ezik, beharrezkoa da ere gaikuntza profesionala eskaintzea lau emakumetik batek haien bizitzan noizbait jasan duten osasun publikoko arazo zail bati heltzeko(1).

  1. EKIM https://ekim.euskadi.eus/home.html
  1. Lynnmarie Sardinha, PhD et cols. Bikotekideek emakumeengan eragindako indarkeria fisiko edo sexualeko (edo bien) munduko, eskualdeko eta Estatuko prebalentziaren estimazioa. The Lancet. 399. liburukia, 10327. zenbakia, P803-813, 2022ko otsailaren 26a. https://www.thelancet.com/journals/lancet/article/PIIS0140-6736(21)02664-7/fulltext?s=09

Genero eta Osasun Taldea

Noticia anteriorMUGIKIDE: EEG ESIko Futbol 7 Taldea
Noticia siguienteInspirazioz jositako hamarkada bat, osasunean berritzeko bidaia kolektiboa