Irailaren 7a Duchenne-ri buruz kontzientziatzeko munduko eguna da. Duchenne-ren muskulu-distrofia (DMD) endekapenezko gaixotasun hilgarri bat da, ezindu egiten duena; haurrei eragiten die gehienbat, eta 3-4 urterekin atzeman ohi da. Jatorri genetikoa du; proteina distrofinoa –muskulu-osotasunari eusteko ezinbesteko proteina bat da– kodetzen duen gene baten alterazioak sortzen du. DMD duten haurretan, muskuluetako ahulezia progresiboak arazo mediko larriak dakartza; batik bat mugikortasunari, arnasketari eta funtzio kardiakoari eragiten diete. Gaixotasuna daukatenek nekea, salto eta korrika egiteko zailtasuna, eroriko asko, altxatzeko zailtasuna eta abar izan ohi dute. Nerabezaroan, ibiltzeko gaitasuna galtzen dute, eta, arnasa hartzeko arazoak eta bihotzeko arazoak tarteko, izugarri murrizten da haien bizi-itxaropena. Tratamendu batzuek sintomak gutxitu baditzakete ere eta bizi-kalitatea hobetu badezakete ere, gaixotasun honek ez du sendabiderik gaur egun.

Biocruces Bizkaia OIIko Gaixotasun Neuromuskularren Taldea DMDrako terapiak garatzen lan egiten du, eta, urtero bezala, Duchenne Parent Project España erakundeak antolatzen duen Ezagutza Zientifikoaren Transferentziarako VI. Workshopean parte hartzen du. Zehazki, bi hitzaldi hauek emango ditu: «Utrofina modulatzen duten konposatuen ebaluazioa, Duchenne‑ren eta Becker-en muskulu-distrofien tratamendurako» (Patricia Soblechero) eta «Emaitza negatiboak partekatzea positiboa izan daiteke» (Virginia Arechavala). Gainera, World Duchenne Awareness Day kanpainarekin bat egin du taldeak sare sozialetan, globo gorriak askatuta laborategian.