Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea New Medical Economics saria —kudeaketa onena duen ospitale publiko gisa— jasotzeko hautatutako sei ospitaleetako bat da. Euskal osasun-zentroa La Fe ospitalearekin, Madrilgo San Carlos ospitale klinikoarekin, Isabel Zendal ospitalearekin, Infanta Leonor ospitalearekin eta Sant Joan ospitalearekin dago lehian. Sari horiek sektoreko ospetsuenen artean daude, eta adituek proposatu eta aldizkari espezializatu horretako Argitalpen Kontseiluak eta irakurleek bozkatzen dituzte.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea Ezkerralde Enkarterri Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuaren barruan dago, eta haren erreferentzia-esparrua Ezkerraldea-Enkarterriko 17 udalerrietako 170.000 biztanle inguruk osatzen dute. Udalerri horiei Lehen Mailako Arretako (LMA) eta Ospitaleko Arretako (OA) osasun-zerbitzuak ematen dizkie, eta Erandio-Astrabudua eta Txorierriko udalerriei ospitaleetako osasun-zerbitzuak.
Osakidetzako Ospitaleak eskaintzen dituen zerbitzu mediko eta kirurgikoetan espezializazio-mailarik handiena du; erreferentziazko ospitalea da Euskadin eta kanpoan, zerbitzu eta prozedura hauetan: gibeleko transplantea, helduen eta haurren giltzurruneko transplantea, emaile biziaren giltzurruneko transplantea, erredura handiak, giza ugalketa, bihotz-kirurgia, pediatria: onkologia eta azpiespezialitateak, medularren unitatea, sortzetiko gaixotasun metabolikoak, Parkinsoneko kirurgia eta begi-azaleraren berreraikuntza konplexua.
Euskal osasun-zentroak bere kudeaketan apustu argia egiten du asistentzia-jardunaren, arreta integratuaren eta goi-mailako espezializazioaren balioaren alde, eta azken alderdi horretan lider gisa duen posizioa sustatzen jarraitu nahi du, talentua erakartzen lagunduz, osasun-emaitzak hobetzeko helburuarekin.
Osakidetzako ospitalea osasun-sistema publikoko zentro kudeatzaile onenen artean kokatzen duen hautagaitza honek dagoeneko “egunero artatzen ditugun pertsonen osasuna zaindu eta hobetzeko helburuarekin lan egiten duen gure ospitaleko profesionalen lan handia aintzatesten du”, adierazi du ESIko zuzendari kudeatzaile Mª Luz Marques Gonzalezek.
New Medical Economics
Osasun-kudeaketaren munduan eta pazientearen esperientzian espezializatutako New Medical Economics argitalpen digitalak urtero sari hauek ematen ditu, Espainian Biomedikuntza eta Osasun Zientziak garatzen modu esanguratsuan lagundu duten eta jarduera berritzailea, ikertzailea, kudeaketakoa eta pazienteari arreta ematekoa duten profesionalen, Administrazioaren eta erakunde guztien lana aitortzeko.
Hautagaitzak ekainaren 30ean eman ziren ezagutzera, eta une horretatik aurrera hautagaiak bozkatu daitezke. Estatu osoko osasun-sektoreko profesionalek bozkatu dezakete. Botoen azken zenbaketa 2021eko urriaren 14an egingo da, eta emaitzak ondoren argitaratuko dira.
https://www.newmedicaleconomics.es/premios-2021/