Gaur, otsailak 15, Haurren Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren 21. edizioa da. Horren harira, Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haurren Onkologiako langileek ingresatutako haurrekin batera hartu dute parte Aladina Fundazioak eta La Cuadri del Hospi nahiz Aspanovas elkarteek antolatutako ekitaldietan.

Iaz bezala, Aladina Fundazioak ospitaleratutako haurrak, beren familiak eta arreta ematen dieten langileak gonbidatu ditu argazki bat egin dezaten ospitalearen sarreran, buruan zapi bat jantzita, eta sareetan partekatu dezaten #PañueloChallengeAladina traola erabilita. Arropa Zuriaren Zerbitzuak ere bat egin du ekimenarekin, eta Pediatriako jaken ehun berarekin egin ditu zapiak. Halaber, urtero bezala, unibertsitate-ospitaleak horiz argitu du eskailera, gaixotasun hori duten haurrak ikusarazteko eta haiei babesa emateko.

Bestalde, La Cuadri del Hospi elkarteak bat egin du ekimenarekin, eta ilusioa sortu du Haurren Onkologiako Arloan, korridorea, eguneko ospitalea nahiz ospitalizazio-eremua dekoratzeaz arduratu baita.

Ildo beretik, Aspanovasek ere hartu du parte eta askotariko tailerrak egin ditu Onkologian dauden haurrekin.

Haurren minbizia

Haurren minbizia gaixotasun arrarotzat jotzen da; 5 eta 14 urte bitarteko umeen artean heriotza-tasarik handiena duena da, eta bigarren handiena 15 eta 24 urte bitartekoen artean, istripuen ostean. Urtero haurren 1.500 minbizi-kasu berri diagnostikatzen dira gure herrialdean. Zorionez, pazienteen % 80 ateratzen da bizirik; hala ere, horietako askok bizi osorako sekuela fisikoak eta emozionalak izaten dituzte.

Hori horrela izanik ere, funtsezkoa da elkartasuna adieraztea denok, minbizia duten adingabeek eta beren familiek beharrezkoa den babes osoa izan dezaten bai diagnostikoan zehar, bai horren ondoren.

Noticia anteriorESIaren 2019-2023ko plan estrategikoaren hedapenaren ebaluazioa
Noticia siguienteEzkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko Kirurgia Batzordea eratzea