Neurokirurgia kognitiboaren 2022ko goi-bilera egin da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan Hauek izan dira hasierako mahaian: M Luz Marqués Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari gerentea; Jesús Lafuente (Hospital del Mar, Bartzelona) eta Santiago Gil-Robles (Quirón Salud) neurokirurgialariak; Manuel Carreiras (Basque Center On Cognition, Brain and Language; BCBL) eta Íñigo Pomposo (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurokirurgiako zerbitzuburua). Azken horrek egin du, hain zuzen, ongietorria-hitzaldia: «Neurokirurgia kognitiboa. Emaitza onkologikoak eta bizi-kalitatekoak epe luzera gradu txikiko gliometan».

Europako etorkizuneko lankidetza-proiektuak ekarriko dituzten diziplinen arteko elkarrizketarako eta elkarrekintzarako esparru bat sortzeko helburuarekin, Europako lehen mailako profesionalak izan dira goi-bileran. Profesional horiek Neurokirurgia Kognitiboaren ikuspegi berritzailea eman dute, bai eta epe luzerako biziraupenean eta pazienteen bizi-kalitatean dituen inplikazioak ere.

Programaren sarrerak dioen bezala: «2014an elkarlanean aritu ginenetik, funtsezko bi ildo izan ditugu ardatz: bata, praktika klinikoarekin zuzenean lotuta, eta, bestea, oinarrizko ikerketarekin. Lehen lerroaren helburu nagusia da tumoreak eragindako eskualdeen eta inguruko eremuen mapaketa funtzional optimoa ahalbidetuko duten tresnak eta protokoloak sortzea. Bigarren lerroak, berriz, pazienteen suspertze kognitiboa ahalbidetzen duten garun-plastikotasuneko mekanismoak ulertzea du helburu. Bi lerro horiek bat egiten dute pazienteez ari garenean. Pazienteen eta haien familien bizi-kalitatea, neurri handi batean, haien gaitasun kognitiboak kontserbatzearen mende dago (hizkuntza, memoria, funtzio exekutiboak, arreta, etab.). Pazienteak erabat oneratzen badira, bizitza profesionala eta pertsonala berreskuratu ahal izango dute. Haien independentzia eta gizarteratzea ahalbidetzea da gure helburu nagusia».

Noticia anteriorEzkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak lau ikertzaile ditu zientzia guztietako mundu mailako onenen artean
Noticia siguienteEskerrik asko Abacadabra eta Jesús Serra Fundazioak