BioCruces Ikerketa Institutuak, bere helburu estrategikoa jarraituz –ikertzaileen masa kritikoa handitzen laguntzea, profesionalei prestakuntza eta garatzeko aukera emanez–, maiatzaren 31ean eta ekainaren 1ean, institutuaren jarduerak eta helburuak aurkeztu zizkien Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Osasun Prestakuntza hasiko duten BAME berriei.
Gurutzetako Ospitaleak ongietorria egin die BAME berriei, eta BioCruces-ek, irakaskuntzan eta ikerketan ibilbide trinkoa egina duenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia-arloan erreferente denak, unea partekatu du. Mª Luz del Vallek, Kudeaketa eta Antolakuntzaren zuzendariak, BioCruces-ko ikerketaren ikuspegiaz gain, lantzen ari diren arlo zientifiko nagusienak aztertu zituen bi egunotan.
Zentroko hainbat ikertzailek ere haien ikerketa eta ardura-arloaren ikuspegia helarazi zuten. Guillermo Ruiz Irastorza doktoreak eta Amaia Ugaste Núñez doktoreak, Gaixotasun Autoimmuneen Arlokoak, Santiago Minteguik, Ama-haurren eta Laguntza Bidezko Ugalketa Osasun Barrutiko Larrialdi Pediatrikoen Ikerketa arduradunak, eta Borja Gómez Cortések, ikerketa klinikoa hasteko gomendio praktikoak emanez, ikerketaren inguruko ikuspegia eman zuten. Horrez gain, bakoitzaren arloko ikerketa-proiektuen adibideak aurkeztu zituzten. Ikuspegi hori Eunate Arana Arrik osatu zuen, eta Doktoretza programan nola sartu azaldu zien egoiliarrei.
BAME egoiliarrak ezagutza praktikoak dituzten pertsona irritsuak dira. Prestakuntza-aldi hau pazienteari aplikatzeko kontzeptuak eskuratzeko une ezin hobea izan ez ezik, ikerketa-prestakuntza hasteko aukera paregabea da. Ikerketari esker, erantzun zientifikoa eman dakieke praktika klinikoan sortzen diren arazo ugariei. Gainera, metodologia zientifikoak ikerketarako eskaintzen dituen tresnak eta sistematizazioaren gaineko ezagutzak izatea oso interesgarria da klinikoentzat. Saioaren barruan, ikerketak garapen profesionalean zer garrantzi duen galdetu zitzaien egoiliarrei, eta lantegi interaktibo batean horren inguruko iritziak emateko eskatu zitzaien.