Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Asmaren Unitateak patologiaren kontrol txar horrek hobetu nahi du, berariazko medikazioaren bidez ez ezik, baita pazienteetan atxikidura hobetzeko eta gaixotasuna gehiago ezagutzea lortzeko egituratuta dauden hezkuntza-programen bitartez ere.

Asmaren asistentzia-bidea proiektuan Barakaldo-Sestaoko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko profesionalak aritzen dira elkarlanean. Lehenengo fasean, Haurren asma akutua kudeatzeko jardunbide egokiak sartu nahi ditu.

Maiatzaren 3an Asmaren Mundu Eguna izango da. 1998an egin zen lehendabizikoz egun hori, Bartzelonako Asmari buruzko lehen Mundu Bilera zela eta. Ordutik, partaidetza gero eta handiagoa izan da Asmaren Mundu Egun bakoitzean, eta asmari buruzko informazioa eta kontzientzia zabaltzeko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da munduan.

Asmaren Mundu Eguna Global Initiative for Asthma (GINA) erakundeak bultzatzen du eta Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak (SEPAR) eta Asma maneiatzeko gida klinikoak (GEMA). babesten dute.

Gaixotasun honek jasaten duten pertsonengan dituen ondorioei eta kontrolatuta edukitzearen garrantziari buruzko kontzientzia herritarren artean zabaltzea da helburua. Aurtengo leloa «Itxi arrakalak asmaren arretan» da, eta helburua zera da: arnasbideen arloko nazioarteko elkarteek elkarrekin lan egitea pazienteekin batera irtenbide berritzaileak abian jarri eta partekatzeko, hala tokiko mailan nola maila globalean.

Asma prebalentzia handieneko gaitz kronikoetako bat da. Mundu osoan adin guztietako 350 milioi pertsonari eragiten die; biztanle guztien % 5i, alegia. Gure herrialdean 3 milioiri eragiten die. Umeen artean ia % 12k dituzte asmarekin bateragarri diren sintomak, eta ospitaleratze gehien eragiten duen haurren patologia da. Gainera, patologia horrek inpaktu nabaria du jasaten dutenen eskolako eta laneko errendimenduan.

Asmak baliteke ondorio arinak izatea, baina baita pazienteen bizia arriskuan jartzen duten ondorio oso larriak ere. Gaixotasun hori kontrolpean edukitzea da osasun-arretaren helburu nagusia, horrela ospitaleratzeak, larrialdietarako bisitak eta tratamenduen nahi gabeko albo-ondorioak (kortikoide sistemikoenak, kasu) gutxiago izan daitezen. Kontrol okerraren kausetako bat pazienteak patologia, kronikotasuna eta tratamendua behar bezala eta egunero hartzearen garrantzia ez ezagutzea da. Ildo horretatik, ohikoa da pazienteen tratamenduarekiko atxikidura eza eta inhalagailuen erabilera okerra, eta profesional sanitariook datu horiek nabarmendu behar ditugu.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Asmaren Unitateak patologiaren kontrol txar horrek hobetu nahi du, berariazko medikazioaren bidez ez ezik, baita pazienteetan atxikidura hobetzeko eta gaixotasuna gehiago ezagutzea lortzeko egituratuta dauden hezkuntza-programen bitartez ere. Asmatikoen azpitalde batek –batere txikia ez denak– patologia larria pairatzen du, orobat, eta bizia arriskuan ere izaten dute. Tratamendu espezifikoagoak erabil litezke paziente horien mesedetan, biologikoak esaterako; tratamendu horiek oso jardun zehatza dute gaixotasunaren mekanismoaren gainean.

Gainera, bizi-ohitura onak eta inguru osasungarriak funtsezkoak dira, batez ere haurtzaroan. Hala, haurtzaroan eta haurdunaldian tabako-kearen eraginpean egoteak eta ingurumenaren kutsadurak eragina dute asmaren sintometan. Horregatik guztiagatik, elkarteak azterketak bultzatzen ari dira asmaren eta ingurumenaren arteko lotura ebaluatzeko.

Gaixotasun honetaz ohartarazi behar dugu, haren prebalentziagatik eta arnasbideetako gaixotasunek COVID-19aren pandemiatik hartutako garrantziagatik, birus horrek zuzenean eragiten baitio arnas aparatuari.

Laburbilduz, pazienteei asma medikazio egokiarekin, segimenduarekin eta pazienteen prestakuntza egokiarekin kontrola daitekeela esan behar diegu, eta hala, bizi-kalitate ona izan dezaketela.

Asma haurtzaroan. Asmaren asistentzia-bidea

Asmak biztanleriaren % 1-18ri eragiten dio (eskualdearen arabera), eta haurtzaroko gaixotasun kroniko ohikoena da. Gure ingurunean, asmaren prebalentzia % 10ekoa da, gutxi gorabehera, eta are handiagoa da kostaldeko eskualdeetan. Kontuan hartzen baditugu eskolako galerak eta gurasoen zainketekin lotutakoak, lehen mailako arretako eta larrialdi-zerbitzuetako kontsultak eta ospitalizazioak, asma da haurren morbimortalitatearen kausa garrantzitsuena, eta eragin oso handia du haurraren eta haren familiaren bizi-kalitatean. Esate baterako, Osakidetzako ospitale-sareko pediatriako larrialdi-zerbitzuetan asma akutuaren 8.000 gertakari baino gehiago artatzen dira urtero, eta 500 haur inguru ospitaleratzen dira arrazoi horregatik. Lehen mailako arretan, ez da oso jakina zein den gaixotasun-karga: bi erakundeetan, 700 gertakari inguru artatu dira ESI bakoitzeko LMAn eta urtean.

Gaur egun, asmaren diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendioak ematen dituzten praktika klinikoko gidak dauden arren, aldakortasun handia dago gaixotasunaren diagnostiko-irizpideetan eta tratamenduan, bai gertakari akutuari dagokionez, bai sakonekoari dagokionez. Bestalde, diagnostikoa egitean, askotan, ez dira behar bezala kontuan hartzen ez gaixotasunaren maiztasuna ez larritasuna, eta, beraz, gaixotasuna duten haur askok ez dute tratamenduez baliatzeko aukerarik, dela sintomak arintzeko dela horiek kontrolatzeko.

Asmaren asistentzia-bidea proiektuan Barakaldo-Sestaoko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko profesionalak aritzen dira elkarlanean. Lehenengo fasean, asma akutua kudeatzeko jardunbide egokiak sartu nahi ditu, helburu hauek izanik: diagnostikoa egokitzea, grabitatea ebaluatzeko eskalak erabiltzea, bronkodilatatzaileak ematea ganbera zabaltzailea duten MDI gailuen bidez; asma iraunkorraren sintomak detektatzea, eta gaixotasunaren sakoneko tratamendua hastea edo aldatzea. Lehenbizikoz, kontuan hartu dira gaixotasun hori duten haurren eta haien familien esperientzia, baita asma kudeatzen diharduten profesionalena ere. Asmaren asistentzia-bide integratuarekin batera, kalitatea hobetzeko metodologian eta ezarpenaren metodologian oinarritutako ikerketa-proiektu bat dago martxan, eta, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren beka bat irabazi du.

Horrela, asma akutua duten haurren arreta hobetzeko asmoz, Barakaldo-Sestaoko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko profesionalek hobekuntza-neurri batzuk jarriko dituzte abian, bai giden gomendioak helarazteko, bai profesionalek asma akutuaren inguruan duten ezagutza eguneratzeko. Bestalde, tailerrak egin dira asma duten adingabeen eta haien familien esperientzia ez ezik, arreta ematen dieten profesionalen esperientzia ere jasotzeko. Asmaren Mundu Egunean, familien, adingabeen eta profesionalen beharrak, iritziak eta esperientzia ezagutzea funtsezkoa da asmaren arreta eta zaintza hobetzeko.