Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da eta aurten oso irmoki egin behar zaie aurre politika jakin batzuetan eta sareetan dauden diskurtso negazionistei. Horren erakusgarri dugu Trumpen hautaketa, esaterako. Gogoan izan behar ditugu ere euren burua feministatzat duten baina emakumeei sexu-erasoak egiteagatik salatu dituzten politikoak. Egoera hau aldatu behar da. Guk ez dugu lotsa izan behar, haiek baizik. Ez dago aitzakiarik.
Berriki egon diren kasuek ere pentsarazi behar digute. Esaterako, aipatzekoa da Gisele Pelicot emakumearen kasua, hamarkada batez senarrak drogatu eta berrogeita hamar bat gizonek bortxatu baitzuten, berrogeita hamar urtez ezkonduta egon ostean.
Giselek aldarrikatu du lotsa alderdiz aldatu beharra dagoela, kasu honetan sexu-indarkeria eta bereziki bikote-harremanen baitan gertatzen den indarkeria hizpide izanda.
Alauda Ruiz de Azúadek (Barakaldo, 1978) zuzentzen duen Querer telesail estreinatu berrian sentsibilitate handiz jorratzen da ezkontza barruko sexu-indarkeria eta arreta berezia ematen zaio adostasunaren gaiari, guretzat deserosoak diren egoerak aztertu ditzagun; halaber, ezkontza barruko indarkeriari lotuta ohikoak ez diren egoerak ere agertzen dira.
Madrilgo Complutense Unibertsitateak emakumeen aurkako indarkeriari buruz 2022an egindako makrogaldeketa baten arabera, sexu-indarkeria motaren bat jasan izana adierazi zuten emakumeen % 44tik hamahirutik batek (% 7,8) adierazi zuen bikotekideak bortxatu zuela.
Real Academia Españolako (RAE) hiztegiaren arabera, querer aditzaren lehenengo adierak “desira izatea edo gogo izatea” dakar, bigarrenak “maitatzea” dakar eta hirugarrenak, berriz, “zerbait egiteko borondatea izatea”. Horiek horrela, beste gizaki batenganako gure sentimenduei buruz aritzen garenean aditz hori erabiltzeak pertsona hori eduki nahi izatea dakar, bere desioak eta hautatzeko askatasuna gorabehera. Alauda Ruiz de Azúa zuzendariak elkarrizketa batean adierazi zuen oraindik deseroso zaigula sexualitateari buruz hitz egitea. “Gure belaunaldia inguru aurrerakoiagoan egon da eta nahi ez diren haurdunaldiei buruz hitz egiten da, sexu-osasunari buruz oro har hitz egiten da. Alabaina, ez dira hizpide izaten afektibitateari lotutako alderdi guztia, desira eta norberaren desira konplexua, eta horri lotuta dago aztertzea egoera jakin batzuk onartu behar ote dituzun, zer desio duzun eta zergatik. Oraindik deseroso egiten zaigu horri guztiari buruz hitz egitea, eta seme-alabekin are gehiago. Hortaz, gizartean zabaltzen den mezua hauxe da: “horri buruz ez da hitz egiten”.
Beraz, sexu-indarkeriari lotutako zerbait gertatzen denean, emakume batek ez du uste zilegi denik gertatutakoa salatzea edo horri buruz hitz egitea. Sexuari buruz hitz egiteko modu bakarra dagoela ikasi duelako. Askotan bestearen desioa lehenesten dugu.
Querer telesailean agerian uzten da ezinezkoa dela emakumeek osasun mental egokia izatea baldin eta genero-indarkeria edo sexu-indarkeria jasan badute.
Zalantzan jarri beharko litzateke indarkeria jasan duten emakumeak nola ebaluatzen eta tratatzen ditugun. Osasun mentala eta genero-indarkeria jorratzeko talde-espazioak sortu behar dira, ukitutako emakumeen ahotsei eta haien benetako beharrizanei garrantzi gehiago emateko. Zerbait egin behar dugu haien ahotsak garrantzitsuak direlako. Oso garrantzitsuak.
Generoa eta Osasuna taldea



