Webgune honetan, hipofisiaren kirurgiari buruzko informazio orokorra eskaintzen zaie pazienteei, prozedura zertan datzan eta prozesu asistentziala nolakoa den azaltzeko, baita ebakuntzaren aurretik eta ondoren sor daitezkeen zalantza ohikoenak argitzeko ere.

Halaber, harremanetarako informazioa ematen da, kontsulta egitea eta, behar izanez gero, orientabide gehiago lortzea errazteko.

Zer dira?

Hipofisia edo guruin pituitarioa oso guruin txikia da, 1 zentimetro inguruko tamainakoa, ilar ale baten antzekoa. Garunaren oinarrian dago eta, txikia izan arren, oso funtzio garrantzitsua betetzen du organismoan.

Bere zeregin nagusia hormonak sortu eta askatzea da; mezulari gisa jokatzen dute eta gorputzeko beste guruin eta organoen funtzionamendua erregulatzen dute hormonek. Hipofisiari esker, besteak beste, prozesu garrantzitsu hauek kontrolatzen dira:

  • Haztea haurtzaroan eta nerabezaroan
  • Ziklo menstruala
  • Funtzio sexuala eta ugalkortasuna
  • Gorputzeko likidoen eta gatz mineralen arteko oreka
  • Gorputzaren erantzuna estresaren aurrean
Tumore hipofisarioa guruin horren ehuna neurriz kanpo haztea da. Tumore horiek onberak dira gehienetan (ez da minbizia) eta poliki hazi ohi dira. Hala ere, sintomak eragin ditzakete zenbait arrazoirengatik:
 

  • Hormona gehiegi, tumoreak hormonak kontrolatu gabe sortzen dituenean (tumore funtzionalak).
  • Hormona gutxiegi, tumoreak hormonak normaltasunez ekoiztea eragozten duenean (hipopituitarismoa).
  • Presio-efektua, tumorea tamainaz handitzen denean eta inguruko ehunen gainean presio egiten duenean, adibidez, nerbio optikoetan, ikusmena kaltetuz.
Tumore hipofisarioen diagnostikoa egin daiteke sintomak agertzen direnean: hipofisiak hormona gehiegi edo gutxiegi sortzen dituelako, pazienteak ikusmen arazoak dituelako; edota kasualitatez, beste arrazoi batengatik garunaren irudi-proba bat egin ondoren.

photo

Tumore hipofisarioen tratamendua ez da pertsona guztientzat berdina. Tumore motaren, tamainaren, eragiten dituen sintomen eta pazientearen ezaugarrien arabera, gaitzari aurre egiteko aukera hauetako bat edo batzuk izan daitezke:

  • Jarraipena eta behaketa, tumorea txikia denean eta sintomarik eragiten ez duenean.
  • Tratamendu farmakologikoa, hormonen jarioa kontrolatzeko edo tumorearen tamaina murrizteko.
  • Kirurgia, tumorea erauzi behar denean.
  • Erradioterapia, tratamendu osagarri edo alternatibo gisa, egoera jakin batzuetan.

Diziplina anitzeko lantalde batek kasu bakoitzaren balorazio indibiduala egiten du, besteak beste, faktore hauek kontuan hartuta: adina, osasun-egoera orokorra eta tumorearen ezaugarri espezifikoak, egoera bakoitzean tratamendu egokiena eskaintzeko.

Endokrinologia Zerbitzuak lehenengo ebaluazioa egin ondoren, kasu bakoitza Hipotalamo Hipofisiaren Patologiako Diziplina anitzeko Batzordeari aurkezten zaio. Batzordea osatzen duten askotariko espezialistek paziente bakoitzaren egoera osoa aztertzen dute xehetasunez.

Balorazio hori egiteko, kontuan hartzen da:

  • Historia kliniko osoa
  • Irudi-probak, hala nola erresonantzia magnetikoa
  • Azterketa oftalmologikoa
  • Analisi hormonalak eta biokimikoak
  • Beharrezkoak izan diren beste proba batzuk

Informazio horrekin guztiarekin, batzordeak erabakitzen du zein den terapia-plan onena eta ebakuntza egin behar den ala ez.

Ebakuntza tratamendu egokiena dela erabakiz gero, Neurokirurgia Zerbitzua pazientearekin harremanetan jarriko da, kasuaz arduratzen den neurokirurgialariarekin kontsulta bat programatzeko.

Kontsulta horretan, xehetasunez azalduko da:

  • Zertan datzan ebakuntza kirurgikoa
  • Nolakoa izango den ebakuntzaren aurreko prozesua
  • Zer proba egin behar diren ebakuntza aurretik, hala nola odol-analisia, irudi-proba berriak edo kontsulta Anestesia Zerbitzuarekin

Osasun-taldeak pazientearen zalantza guztiak argituko ditu eta lagun egingo dio prozesu osoan zehar.