Erradiologia Pediatrikoko Zerbitzuak ekipamendu berriak estreinatu ditu. Instalazioa egin ahal izateko, eremua moldatzeko lanak egin behar izan ditugu eta, gainera, haurrei arreta emateko dekorazio aproposa jarri dugu haurren ekografia-aretoan. Oro har, eraberritze-lanak egin dira itxarongelan, idazkaritzan, txosten-gelan, aginte-postuetan eta ekografiako eta erradiologia konbentzionaleko miaketa-geletan. Guztira, 140 m2.

Proiektua gauzatzeko, hainbat bilera egin dira eraberritutako eremuan lan egiten duten profesionalekin, lanei ekin aurretik eta egin bitartean. Era berean, elkarrizketa egin zaie hainbat erabiltzaileri, eta haien ekarpenak ere lagungarriak izan dira oso proiektu honetako parte-hartzaile guztien esperientziaren ikuspegiak jasotzeko.

Athletic Club Fundazioaren laguntza

Athletic Club Fundazioak ere parte hartu du espazioak hobetzeko prozesuan, superheroien biniloen bidez. Horrela, jarraipena eman dio neska-mutikoen alde Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIarekin egiten duen kolaborazioari, balioak sustatuz, esfortzuaren, diziplinaren eta iraunkortasunaren erreferente den heinean.