Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, 2018-2023 Euskadiko Onkologia Plana aurkeztu du; bertan, arreta onkologikorako jarduketa-eremuak zehaztu ditu, minbizia dutenen biziraupena hobetzeko, kontuan izanik gure gizartearen osasun-arazo nagusietako bat dela. Dokumentua bat dator 2013-2020 Osasun Planaren oinarri izan diren irizpideekin, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak prestatu du, gaixo onkologikoen eta beren familiartekoen arretan inplikatuta dauden adituen eta osasun-profesionalen taldeen aholkularitza eta konpromisoarekin.

Oro har, Planak laguntza-eredua planteatzen du, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, eta horren helburua da diagnostikorako denborak murriztea eta interbentzio konplexuenak beharrezko esperientzia batzeko aukera ematen duten erreferentziazko unitateetan kontzentratzea.

Euskal Onkologia Planak, halaber, pertsonalizatutako doitasunezko medikuntzaren (PDM) garapenean ere sakontzen du, eta horrek aukera ematen dio pazienteari banako tratamendua egiteko, bere ezaugarrien eta daukan tumorearen arabera, historia kliniko elektronikoan prozesu onkologikoaren informazio guztia jasoko duen sistema informatikoaren laguntzarekin, besteak beste, jasotako tratamenduak eta pazientearen bizi-kalitatea, erabakiak hartzean erabilgarri izan dadin.

Gainera, berrikuntza-estrategia ere zabalduko da, Euskadiko enpresa teknologikoak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna berriak garatzen inplikarazi nahi dituena, eta osasuna eta prebentzioa sustatzeko sektoreen arteko estrategien aldeko etengabeko apustua egingo da.

Baina plan honen ezaugarri bereizgarria, gaur Jon Darpón sailburuak esan bezala, pertsona erdigunea dela da, bai prebentzio-arloan, bai laguntza-ereduan. “Prozesu onkologikoa humanizatzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu”, esan du Osasun sailburuak, eta esan du “plana ehuneko ehunean zentratzen dela pertsonen premia fisiko eta emozionaletan”, eta, gainera, partekatutako erabakiak hartzean parte hartu ahalko dutela.

2012an estandarizatutako biziraupen-tasa, diagnostikoaren ondoko bost urtean

​EUSKADI ​ESTADO ​EUROPA
EMAKUMEAK
59,9%
58% 58%
​GIZONAK 52,2% 48,9% 50,3%

Abiapuntu gisa gogorarazi behar da Euskadin 2000. urtetik minbizitik bizirik irteten den pertsona-kopurua handitu egin dela, nabarmen; 2012an % 52,2koa zen biziraupen-tasa gizonetan eta % 59,9 koa emakumeetan; tasa horiek Estatukoen gainetik daude, bai eta Europakoen gainetik ere. “Datuak itxaropentsuak dira, baina gure konpromisoa da minbiziaren inguruan hobetzen eta aurrera egiten jarraitzea; izan ere, gaur egun, oraindik, gure gizartean eragin handia duen gaixotasuna da”, esan du Jon Darpón sailburuak.

Informazio gehiago: Prentsa Oharra