Giro hurbilagoa eta adiskidetsuagoa izan ohi da hilabete honetan –abenduan, alegia–; Eguberrietako jaiak bertan sumatzen dira, izan ere. Profesionalen jarrera jakin batzuen bitartez, norberarentzako onura ez ezik, askotariko erantzunak ere lortzen dira inguruan dituzten eta artatzen dituzten pertsonen aldetik, eta, aukera horien berri zehatz-mehatz eman nahian, hitz eta informazio horiek azalduko ditugu, gogorarazi eta ulertarazi nahi baititugu horrelakoak urte osoan zehar erabili behar eta ahal direla, ez baitira une jakin batzuetan bakarrik erabiltzekoak.
Zenbait adituk diotenez, aurpegia emozioen lupa da, eta arimaren isla dela esan ohi da horregatik. Aurpegi-adierazpenak zintzo ematen du aldartearen eta sentimenduen berri. Paul Ekman-ek bere ikerketetan esaten zuen 6 adierazpen unibertsal daudela, norberaren gizartea edo kultura zein den alde batera utzita; berdin identifikatzen dira mundu osoan, alegia: poza, tristura, haserrea, harridura, nazka eta beldurra. Egiten ditugun gainerako keinuak ikasiak dira, eta begiradaren bitartez hautematen dira, begiradak eragin handia baitu pertsonen arteko komunikazioan.
Pertsona orok aski du begirada bat eta segundo bat baino gutxiago solaskidearen aldartea hauteman eta bere egiteko. Haren aurpegiari erreparatzea besterik ez du irribarrea edo haserre-aurpegia imitatzeko. Erreakzio automatiko eta inkontzientea da, eta beste pertsonarekin eta haren sentimenduekin enpatizatzeko aukera ematen digu.
Prozesu automatiko hori inoren aurpegian adierazpenen bat ikustean aktibatzen da (irribarre bat, adibidez), imitatu egiten da aurpegi-adierazpena, ikusitako adierazpenarekin lotutako garun-eremu berak aktibatzen baitira, eta horrek, azkenik, sentimendua sorrarazten du (zoriontasuna, lasaitasuna, kasu), imitazioak eragina izan baitezake sentimenduetan. Hau da, segundo batean baino gutxiagoan gai gara beste pertsona baten keinuak imitatzeko eta bere sentimenduak oharkabean gure egiteko.
Irribarreak eta haren ahizpa zaharrenak –barreak– endorfinak, dopaminak, serotonina eta adrenalina askatzen dituzte, eta azken horiek min fisikoa eta emozionala murrizten eta osasuna hobetzen laguntzen dute; izan ere, sistema neuroendokrinoa eta immunitarioa aktibatzen, leukozitoen kopurua handitzen eta garuneko plastikotasuna errazten dute. Horrez gain, medikuntza psikosomatikoaren arloko adituek beren testuetan diotenez, irribarreak % 60 ere laburtzen du gaixoek suspertzeko behar duten denbora, organismoaren sendatze-indarra aktibatzen duelako; eta sendatzeko aukerarik ez dagoenean ere, errespetua eta laguntza helarazten ditu, ezinbestekoak bizi-kalitateari eusten saiatzeko.
Horrenbestez, irribarre egiten dugularik argi berdedun semaforoa proiektatzen dugu inguratzen gaituztenengana. Gertuko eta abegitsuago sumatzen gaituzte horri esker; izan ere, hari beha dagoena kutsatzearekin batera, estimua, konfiantza eta onarpena helarazten ditu . Baina irribarre egiten duenak horren onurak ere sentituko ditu: poza, aurrean dugunarekin hobeto konektatzeko aukera eta sinesgarritasuna ematen du.
Aurpegi-keinu xume horren bidez adeitsuxeagoa izango da gure laneko egunerokoa; sentimendu atseginak biziko ditugu, orobat, eta errezetatuz ez baizik eta begirada eta keinu bidez partekatutako beste tratamendu batekin lagunduko diegu artatutako pertsonei; izan ere, maskarak gorabehera, ikusi ahal izaten dira irribarre egitean begi-ertzetan azaleratzen diren zimurrak, baita begiak beraiek nola txikiagotzen diren ere. MAIZAGOTAN EGIN BEHAR DUGU IRRIBARRE GIROA ETA BIZIKIDETZA HOBETZEKO; GELAN GUREKIN DAUDENEK IRRIBARRE EGINGO DUTE AZKENEAN, NAHITA EDO OHARKABEAN!!!
«Irribarreak aberastu egiten ditu hartzaileak, baina emaileak pobretu gabe. Segundo bat irauten badu ere, ez da inoiz desagertzen, batzuetan, haren oroitzapena»
«Generoa eta Osasuna» taldea