EEGko ESIaren Balioan Oinarritutako Medikuntzaren estrategiaren helburu estrategikoetako bat da asistentzia-jardunaren eraginkortasuna lortzea, eta, horretarako, osasun-arloko emaitzak –bai paziente kronikoenak, bai akutuenak– hobetzea.

Ildo horretan ari da, halaber, UPV/EHU, duela gutxi, Janssen Gela sortu baitu. Horrek, balioan oinarritutako medikuntzaren ikuspegitik, helburu du batetik, baliabideak zentzuz erabiltzeko kultura sustatzea eta gizarteari helaraztea; eta bestetik, balioan eta berrikuntzan oinarritutako kudeaketa gauzatzea, garapenerako premisa gisa, eta esparru soziosanitarioko eragile guztien artean beharrezko zubiak ezarriz betiere. Hainbat jardueraren bidez, hezkuntza, ikerketa, hausnarketa, analisia eta hedapena sustatu nahi ditu osasun-arloan, inplikatutako eragile guztien ikuspuntutik: pazienteak, profesionalak, kudeatzaileak, osasun-industria eta hezitzaileak.

Esparru horretan, paziente traumatiko larriari lotutako jardunaldi zientifiko-tekniko bat sortu da Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIarekin eta Osasun Sailarekin lankidetzan. Gaiari buruzko ezagutza aditua partekatzeko, bai ebidentziari buruzkoa, bai nazioarteko esperientzia bermatuei buruzkoa (Norvegiakoa kasu). Jardunaldiaren emaitzak optimizatzeko asmoz, tailer bat (Think Tank) egin da prozesuaren eta etorkizuneko ekintza-ildoen inguruan.

Jardunaldia Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko zuzendari gerente M Luz Marquések, Janssen ikasgelako zuzendari Javier Meanak (UPV/EHU) eta ESIko Anestesia Bizkortzeko zerbitzuburu Alberto Martínezek aurkeztu zuten.

Errealitateak erakusten digunez, gaixotasun traumatikoa, oro har, eta traumatismo kraneoentzefalikoa, bereziki, 45 urtetik beherakoen artean heriotza eta desgaitasunaren lehen kausa dira herrialde garatuetan. Iktusarekin eta miokardio-infartuarekin batera, sekuela eta baliaezintasun handienak eragiten ditu, eta kostu ekonomiko eta sozial handia dakar.

Traumaren berezitasuna da prozesu asistentzial konplexu bat dakarrela berekin, eta bai osasun-sistemaren, bai tartean dauden beste eragile batzuen zerbitzu asistentzial ia guztien –batez ere diagnostikoak eta kirurgikoak– parte-hartzea, erantzukizuna eta lidergo potentziala eskatzen ditu.

Jardunaldian egindako lana OMEren ereduan oinarritu da. Erakunde horrek indize bat diseinatu du trauma-sistemen heldutasuna ebaluatzeko eremu geopolitiko jakin batean (OMEren Trauma System Maturity Index). Kasu honetan, honako arlo hauek landu dira: erreskatea, hasierako ospitalizazioa eta ospitalizazio espezializatua, pazientearen jarraipena eta errehabilitazioa, eta helburuak lortzeko ezarri beharreko aliantzak.

Jardunaldia Bizkaia Aretoan egin zen, 2022ko martxoaren 7an.  ESIko zuzendari gerente M Luz Marquések aurkeztu zuen, eta honako hauek parte hartu zuten: Mikel Sánchez, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria; Víctor Bustamante Asistentzia Sanitarioko zuzendaria eta Ana Bustunduy Ospitale Koordinazioko zuzendariordea (biak Osakidetzakoak); Ainhoa Epalza eta Inés Gallego, Zerbitzu Kirurgikoetako eta Berrikuntzako zuzendariordeak, hurrenez hurren.  Guztira, 42 aditu (tartean ospitaleko eta larrialdietako espezialistak eta errehabilitaziokoak), 6 lan-mahaitan banatuta.