Ellas en la ciudad (2025) dokumental-filma da Reyes Gallegos Rodríguez zuzendariaren opera prima. Sevilla kanpoaldeko auzoetan bizi diren emakume batzuen historia kontatzen du.

Emakume horiek gazterik heldu ziren, 60ko hamarkadan, horietako asko ikasketa barik (garai hartan mutilak joaten ziren eskolara) eta haurrak zirenetik lanean egon ostean: “zortzi urterekin jaunartzea egin nuenean, josketa-lanetan nenbilen jada”, adierazi du batek. Hala ere, ezkontzen zirenean etxean geratzen ziren familia bat sortzeko.

Senarren lana zela-eta, auzune bakartuetara joan ziren bizitzera, zeinak txarto urbanizatuta baitzeuden eta non zenbait kilometrotara baitzeuden oinarrizko zerbitzuak, garraio publikorik gabe. Egoera hori pairatu zuten eta kontzientzia kolektiboa hartu zuten, bai eta lan egin eta euren balioa nabarmendu ere.

Emakume horiek, gure amak edo amamak izan daitezkeenak, aldaketa- nahiz eraldaketa-garaian bizi izan ziren, eta eskubideak eskuratu zituzten demokraziari eta feminismoari esker. Euren garrantzia aitortu dezagun eta ohartu gaitezen eskubide horiek borrokatu behar izan zituztela, oraindik bidea dagoela egiteke, eta batzuek desberdintasuna ukatzen dutela.

“Senarraren lizentzia” delakoa desagerrarazi zuen 14/1975 Legearen 50. urteurrena da aurten; horren arabera, emakume ezkonduek senarraren baimena behar zuten hainbat ekintza egiteko, hala nola lan egiteko, kontu korronte bat irekitzeko eta atzerrira bidaiatzeko. Araudi-aldaketa ezartzen duen testuak hauxe dakar: “Kontratuetan eman beharreko adostasunari dagokionez, 1263. artikuluaren hirugarren apartatu laidogarria desagerrarazi da; artikulu horrek emakumea parekatzen zuen gaitasunaren ohiko betekizun fisiko eta psikikoak ez dituztenekin”.

Funtsezkoa da aurrekariak ezagutzea, emakumeen eraldaketa-ekintza aitortzea eta gizartea interpelatzea. Berdintasunaren arloan aurrera egiteak berekin dakar osasunean oro har aurrera egitea.

Generoari eta osasunari buruzko artikulua

Noticia anteriorOlentzerok eta Mari Domingik ospitaleratutako haurrak bisitatu dituzte
Noticia siguientePediatria aintzatetsi dute Gabonetako Ospitale arteko I. Dekorazio Lehiaketan