Jaso eskua eta erakutsi esku-ahurra, sartu hatz lodia barrura eta itxi ezazu beste lau hatzak erabiliz eta ukabil bat osatuz. (Osasun eta Genero Taldearen artikuloa)
Mugimendu erraz eta isila da, baina esanahi eta mezu garrantzitsuak ditu. Keinu horri esker, duela gutxi, arriskuan zegoen neska gazte batek laguntza jaso ahal izan zuen: Burgoseko jaietan sexu-eraso baten biktima izandako neska gazteak erasotzailearengandik ihes egin eta unibertsitate-ospitalean babesa hartu zuen. Ospitalera iritsitakoan, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko laguntza-keinua egin zuen (Signal for help), erizain batek keinua ezagutu, neskatoa espazio seguru batera lagundu eta agintari eskudunei abisua eman zien, zeinek erasotzailea atxilotu baitzuten.
Keinu horren jatorria 2020. urtekoa da: Covid-19aren ondorioz pandemian sartuta geundenean, Canadian Women’s Foundation elkarteak keinua ezagutzera eman zuen, konfinamenduaren ondorioz areagotutako indarkeria matxistari erantzuteko asmoz. Une hartan sare sozialek garrantzi handia hartu zuten, sozializatzeko bide bakarra eskaintzen baitzuten, horregatik, kamera baten aurrean —zuzenean zein bideodei batean— zeuden emakumeentzako pentsatu zen. 2020az geroztik keinua ezagutarazteko egindako askotariko kanpainei esker, 40 herrialdek eta 200 erakunde kolektibok baino gehiagok bere egin eta partekatu dute. Erakunde askok, hala nola Amnistia Internazionalak, eta genero-indarkeriaren aurkako zenbait behatokik jardunbide egoki gisa gomendatu eta sustatu dute; hala, indarkeria matxistaren kasu batzuk ekidin eta antzematea lortu da.
Ekainean Burgosen keinu hori egin zuen neskatoaz gain, Espainian badira beste kasu batzuk non emakumeek keinu hori bera laguntza eskatzeko erabili duten (orain dela hilabete batzuk, Gironan, bikotekidearekin eta bi adingaberekin kotxean zihoan emakume batek keinua egin zuen kopilotuaren eserlekutik eta Mossos d’Esquadrako agenteek antzeman zuten; Bartzelonan, beste emakume batek medikuaren kontsultan erabili zuen, erasotzailea harekin batera zegoela, eta osasun-langileek antzeman zuten; Cáceresen, polizia-kontrol batean, kopilotuaren eserlekuan zihoan beste emakume batek ere erabili zuen…). Kasu horietan guztietan agintariek esku-hartu zuten eta erasotzaileak atxilotu zituzten, biktimei aitorpena hartu ostean. Horietan guztietan, segurtasun-kidegoetan keinua zabaldu izana funtsezkoa izan da indarkeria antzemateko.
Seinale horrek bizitzak salbatu ditu eta atxiloketak ahalbidetu; hala ere, seinalearen eraginkortasuna bi faktoreren mende dago: lehenengo eta behin, biktimak seinalea ezagutu behar du, eta, bigarrenik, ikusten duenak haren esanahia zein den jakin behar du. Hori dela eta, feministen kolektiboek etengabe azpimarratzen dute keinua zabaldu beharra dagoela, batez ere landa-eremuetan, non, askotan, emakumeek zaurgarritasun egoera larriagoak bizi dituzten; horrez gain, zentro psikosozialetan eta hezkuntza-, polizia- eta osasun-zentroetan ere hedatu beharra dago. Honen bidez gure ekarpena egin nahi diogu zabalkunde horri, batez ere, uda-sasoi betean gaudela kontuan izanik, indarkeria-egoerak bizi dituzten emakumeentzat arriskurik handieneko garaia baita. Ekainean, uztailean eta abuztuan krimen guztien % 30 inguru biltzen dira, 2003an erregistroak biltzen hasi zenetik. Oporretan bikotekideek denbora gehiago ematen dute elkarrekin, eta emakumeek autonomia eta askatasun handiagoa izaten dute, erabaki gehiago hartzen baitituzte aisialdiko jarduerei, bidaiei edo pertsonei buruz. Horrek talka egiten du erasotzailearen izaera matxistarekin: erasotzaileak kontrola galtzen du eta, ondorioz, berreskuratu nahi izaten du. Batzuetan, kosta ahala kosta.
Garrantzitsua da adieraztea keinuak indarkeria matxistaren adierazpen bat adierazten duela, eta horrek ez du esan nahi segurtasun-indarrei zuzenean dei egin behar zaienik erasotzailea salatzeko, baizik eta biktimari espazio seguru bat eskaini behar zaiola, non bere kontakizuna eta salatzeko edo ez salatzeko erabakia azaldu ahal izango duen.
Apiriletik gaur arte, Espainian hamalau gizonek hamalau emakume, bi neskato eta mutiko bat erail dituzte. Haien gurasoak ziren, oraindik ere haur horien amen bikotekideak, eta banantzeko fasean zeuden edo bakoitza bere aldetik bizi zen.
Gaur egun bizi dugun eraso xenofobo eta arrazisten goraldia ikusita, azpimarratu nahi dugu apirilaz geroztik beren bikotekideak eta, kasu batzuetan, seme-alabak hil dituzten gizon horien % 71 espainiarrak zirela, eta biktimen % 57 ere bai, Berdintasun Ministerioak emandako datuen arabera. Indarkeria matxista ez dator kanpotik, eta ez da gizarte-maila espezifikoetara mugatzen; indarkeria matxista zeharkako fenomeno bat da, gizartearen maila guztiak zeharkatzen dituena, eta ez dauka zerikusirik arrazarekin, adinarekin, hezkuntza-mailarekin eta maila ekonomiko edo kulturalarekin.
Testu hau idazten ari garen unean, jakin dugu Kanariar Uharteetan 20 urteko gizon bat 17 urteko neska-laguna erretzen saiatu dela. Neska egoera kritikoan dago erredurengatik, eta Sevillako erreduren unitatera eramango dute. Aurten, estatuan 22 emakume hil dira beren bikotekideen edo bikotekide ohien eskutan. 2003an estatistika globala martxan jarri zenetik, 1316 emakume izan dira. Eta hiru dira aurten gurasoek edo beren amen bikotekideek eraildako haurrak, hau da, 2013an zenbatzen hasi zirenetik 65 dira.
Signal for help keinua keinu bat baino ez da, baina berau ezagutzeak eta identifikatzeak gure bizitza edo beste biktima batena salbatu dezake. Isilpeko oihu hori entzun eta zabaldu dezagun. Bizirik, aske eta beldurrik gabe egon nahi dugu.
Biktimari laguntzeko telefono bidezko zerbitzua 24h: 900840111
Larrialdietako telefonoa: 112



