Emakumeak sistematikoki baztertu dituzte zientziatik 2000 urtez.
Ikusezinak izan dira zientzialari gisa, eta, hala ere, historikoki emakume zoragarri eta bikainek izan dute arrakasta ikerketan. Haize kontra egin zuten lan, eta, kasu batzuetan, haien gizonezko lankideek merituak ostu zizkieten.
Ikusezinak zientzia androzentristaren ikerketetan, Charlotte Perkins Gilmanek The Man-Made World or Our Androcentric Culture liburuan idatzi zuenez (1911). «”Geizatasun” deitzen dugun hura hein handi batean gizonezko izatasuna baino ez da. Gure kultura androzentrikoa kultura maskulinoegia izan da, eta jarraitzen du izaten, bai eta, hortaz, zer esateko modukoa ere».
Feminismoa behar izan da, eta emakumeen ekintza ere bai, dugun eredua zalantzan jartzeko eta berdin gisa parte hartu dezagula exijitzeko. Zenbait hamarkadatik hona, emakumeek lortu dute hezkuntza-sistemara sartzea, eta, gaur egun, unibertsitate-gradua amaitzen duten gehiengoa dira; hain zuzen ere, EAEn 2022/23 ikasturtean gradua amaitu zutenen % 58 emakumeak ziren. Kontua zera da: karrera zientifikoan duten presentziak zergatik du gizonena baino garrantzi gutxiago?.
“Artazi formako grafikoa” deritzonak erakusten digunez, nahiz eta unibertsitate-gradua amaitzean zertxobait gailendu, bidean zehar emakume kopurua murriztu egiten da maila profesionalak gora egin ahala. Doktorego aurreko etapan gehienak emakumeak dira (% 51,3), baina % 26 baino ez dira Ikerketako Irakasleen goi-mailako kategorian. CSICen Emakume Ikertzaileen 2024ko Txosteneko datuak dira.
Zuloak dituen hodiaren irudia oso grafikoa da, eta ulertarazten du emakumeak zelan diren baztertuak maila profesionalak gora egin ahala. Adibidez, CSICen datuen arabera, Biologia eta Biomedikuntzako Doktorego-aurrekoan % 61,9 emakumeak dira, baina ikerketako irakasleen % 25,4 baino ez dira, ordea. Nahiz eta hodi hasierako emarian emakumeak areagotu, ez du eragin handirik izango goi-mailetako zifretan, talentu-ihes argia baitago.
Edozeinen ibilbide profesionalean zehar zenbait oztopo egoten dira, baina horietako askok emakumeei eragiten diete emakume izatearen arrazoi soilagatik.
Lanbide-karreraren aldeko apustuak berekin dakar norberaren bizitzan erabakiak hartzea, baina ez die era berean eragiten emakumeei eta gizonei. EAEko 2023ko Osasun Inkestaren (EAEOI) arabera, emakumeek denbora gehiago erabiltzen dute etxeko lanetan eta zainketan, adin-tartea, klase soziala eta ikasketa-maila zeinahi ere den. Horrez gain, lanaldi-murrizketara jotzen dutenen gehiengoa dira, eta, argi dagoenez, ez daude laneko ordutegi egonkorretik kanpo geratzen diren jarduerak egiteko gizonak bezain libre, hala nola ekoizpen zientifikoaren eta ikerketaren alorretan gertatzen denez. Eta libre-egote hori ez dutenez, sustapena oso zaila da ikasteko, argitalpenak egiteko eta kongresuetara joateko denbora gehiago duenaren aldean. Beraz, lanbidearen alorrari dedikatzeko denboraren lehia horretan emakumeek galtzen dute.
Alderdi ekonomikoan ere galtzen dute, soldata-arrakala –eta haren barneko aldagaiak– gero eta gehiago hazten delako lan-bizitzak aurrera egiten duen aldi berean, eta erretiratu artean jarraitzen du.
Denboraren eta diruaren alderdi horietako aldea beste baldintza batzuek ere indartzen dute, hala nola hautaketako eta balorazioko alborapena, zeregin-banaketa eta abar. Guztiek, aldi berean, osatzen dute desparekotasuna iraunarazten duen argamasa.
Emakumeek haien garapen profesionalean hartzen dituzten erabakietan zentratzeak haiengan jartzen du genero-berdintasunaren erantzukizuna, eta bidegabea, frustragarria eta sinplistegia da hori. Beraz, emakumeak konpontzen saiatu beharrean –izan ere, bestalde, inoiz ez dira matxuratuta egon–, emakumeentzat kaltegarriak diren estereotipoak iraunarazteari utzi beharko genioke, eta, gizonak barnean hartuta, laguntza-laneko kultura bat sortu emakumeek arrakasta izan dezaten lanbide-karreran, zientzietakoa izan ala ez. Marta Bueno Saz (Fisikako lizentziaduna eta Pedagogiako graduduna Salamancako Unibertsitatean. Neurozientzietako ikerlaria)
Egun seinalatuetan taldea. Berdintasun Batzordea Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIa



