Komunikabideetan urteetan azaldu diren hainbat albisteren ondorioz, azken hilabeteetan indarkeria bikarioaz hitz egiten aritu gara. Izena eta indarkeria hori gauzatzeko modua ez dira oso ezagunak, nahiz eta ohiko indarkerietako bat izan, gutxitan salatzen delako. Artikulu honen bidez, ikusgarriagoa egin nahi dugu, pixka bat gehiago ezagutarazi, identifikatu ahal izateko; izan ere, «izenak egiten du izana».
Indarkeria bikarioa terminoa Sonia Vaccaro psikologo klinikoak sortu zuen duela ia 10 urte, bikoteak banantzean intentsitate handiagoz gertatzen zen indarkeria mota bat aztertzen ari zela. «Bikario» kontzeptua funtzio bat betetzeko pertsona baten ordez beste bat erabiltzearekin lotuta dago: indarkeriari aplikatzen zaionean, jomuga den pertsonaren ordez beste bati erasotzea esan nahi du.
Indarkeria instrumentala da; seme-alabak amari, bikotekideari edo bikotekide ohiari min egiteko erabiltzean datza. «Adingabeei gizatasuna kentzen zaie, pertsona kategoria kendu eta objektu kategoria jartzen zaie, instrumentu kategoria, amari min emateko eta indarkeria mota horrek muturreko mina eragiten du».
Hau da, seme-alabak amari mina emateko eta hura kontrolatzeko erabiltzea da genero-indarkeria mota muturreko eta gordinenetako bat. EMAKUME ASKOK JASATEN DUTEN KONTROL ETA TRATU TXAR PROZESU BATEN AMAIERA DA.
Seme-alabak min emateko tresna gisa erabiltzen dituen aitak badaki amari zuzenean eraso eginez baino min askoz ere handiagoa emango diola. Min horrek «errudun» sentiaraziko du, haurrak ez babesteagatik; batez ere, hilketen kasuan, indarkeria bikarioaren kasurik muturrekoenean.
«ERAGITEN DUEN MINA MUTURREKOA DA, BIZITZA OSOAN IRAUNGO DUELAKO». Vaccaroren ustez, oraingoz, adingabeak hiltzen dituztenean bakarrik hartzen da kontuan indarkeria bikarioa, baina hori izozmendi handi baten punta besterik ez da. Indarkeria bikarioa genero-indarkeria prozesu luze bat areagotzean sortzen da eta, prozesu horretan, indarkeria fisikoa eta ekonomikoa tartean egon daitezke, baita psikologikoa edo kontrolekoa beti daude. Kontrola delako gako-hitza. Indarkeria bikarioa banantzeko unean gertatzen da, tratu txarrak ematen dituenak bikotekidearen gaineko kontrola eta boterea galtzen ari dela ikusten duenean. «Hori gertatzen denean, dena galtzen du eta muturreko zigorra ezartzera irits daiteke, hau da, seme-alabak hiltzera». Bikotekidearekin egiten dute, hori egiteko boterea dutela uste dutelako. Kultura horretan hezi gara; gure emazteak nahi duguna egiten ez badu, zigortzeko eskubidea dugu. Tratu txarra zigor bat da, emakumeak bere tokia zein den jakiteko indarkeria zuzentzaile bat.
Gure herrialdean indarkeria horren adibide ugari daude eta, kasu askotan, aitak seme-alabak hil ditu. Kasu ospetsuenetako bat José Bretónena izan zen, 2011n gertatua. Bere bikotekide ohia, Ruth Ortiz, mehatxatu zuen, «min handiena emango dizuna egingo dizut» esanez; handik gutxira, bere haurrak hil eta gorpuak erre zituen. Ruth eta Jose, 6 eta 2 urtekoak, aitak hil zituen Kordoban, eta 2013an zigortu zuten. Gertakari hori mugarri bat izan zen, seme-alabak genero-indarkeria gauzatzeko modu gisa erabiltzen direla jabetzeari dagokionez. Hala ere, 2015. urtera arte, adingabeak ez ziren genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat jo. Handik aurrera, berriz, gai horri lotutako zerbitzuak erabiltzeko aukera bermatu zitzaien.
Angela González Carreñok ere salatu zituen bikotekide ohiak alabari egindako mehatxuak eta, berrogeita hamar salaketa baino gehiago jarri zituen, aitaren eta alabaren artean zaindu gabeko bisitak eragozteko. Horietako batean, aitak hil egin zuen. Castellón gizon batek bere bi alabak hil zituen. Amak, Itziar Pratsek, kautelazko neurriak eskatuta zituen, baina ez zuen halakorik ezartzea lortu. Kasurik berriena Anna eta Oliviarena da, 2021eko apirilaren 27an aitarekin batera desagertu ziren Tenerifeko adingabeena. Gure garaiko gaitz bat da.
Genero eta Osasun Taldea
Bibliografia
• Cordero, G & López, C. & Guerrero, A. I. (2017). Otra forma de violencia de género: La instrumentalización. «¡Dónde más te duele!». Documentos de Trabajo Social (59), 170-189.
• Vaccaro, S. (2015). Violencia vicaria: Los hijos y las hijas víctimas de la violencia contra sus madres. Tribuna Feminista. Hemendik berreskuratua: https://tribunafeminista.elplural.com/2016/03/violencia-vicaria-las-hijas-y-los-hijos-victimas-de-la-violencia-contra-sus-madres/boqiubf3òu4bwd