Psoriasia larruazaleko gaixotasun inflamatorio kroniko bat da, lesio gorri eta ezkatatzaileak agertzea ezaugarri duena, nagusiki ukondoetan, belaunetan, buruko larruazalean eta bizkarrean. Ez da kutsakorra, baina desatsegina gerta daiteke, eta nabarmen eragin jasaten duenaren bizi-kalitateari.
Psoriasiaren diagnostikoa dermatologian espezialista diren medikuek egiten duten miaketa fisikoaren bidez egiten da. Kasu gehienetan ez da analisi espezifikorik behar, baina zalantzazko egoeretan larruazalaren lagin txiki bat (biopsia) har daiteke diagnostikoa baieztatzeko. Era berean, garrantzitsua da aztertzea gaixotasunak azazkalei edo giltzadurei eragiten dien.
Zenbait psoriasi mota daude, eta ohikoena plaka-psoriasia da (lesio gorrixkak eta ezkatatzaileak eragiten dituena gorputzean sakabanatuta) (3. irudia). Gainera, gaixotasuna gradutan sailkatu daiteke, hedaduraren eta pazientearen eguneroko bizitzan duen eraginaren arabera (4. irudia).
ย
ย Psoriasiaren bilakaeran agerraldiak gertatzen dira. Une batzuetan, lesioek okerrera egiten dute edo kaltetutako eremu berriak agertzen dira, eta, ondoren, beste une batzuetan, sintomak hobetu egiten dira edo erabat desagertzen dira. Agerraldiak eragiten dituzten faktoreak identifikatzen ikasteak asko lagundu dezake haiek maneiatzen.
Kasu batzuetan, psoriasiak giltzadurei ere eragin diezaieke, eta artritis psoriasiko deritzon egoera eragin. Mina, hantura, gorritasuna eta zurruntasuna ditu ezaugarri, batez ere eskuetako hatzetan eta oinetako behatzetan, eskumuturretan, belaunetan edo bizkarraren beheko aldean. Garaiz diagnostikatzen eta tratatzen ez bada, kalte iraunkorrak eragin ditzake artikulazioetan. Horregatik, funtsezkoa da sintoma horiei arreta jartzea eta, agertzen badira, medikuei kontsultatzea. Psoriasi mota eta haren larritasuna ezagutzea funtsezkoa da tratamendurik eta jarraipen-planik onena erabakitzeko. Behin betiko sendabiderik ez duen arren, garaiz diagnostikatzeak sintomak hobeto kontrolatzen lagundu dezake.
Zergatik dut psoriasia
Psoriasia larruazaleko zelulen berritze-prozesua bizkortzen duen immunitate-sistemaren erantzun anormal baten emaitza da. 28 egunez behin berritu beharrean, patologiarik gabeko larruazalak egin ohi duen moduan, psoriasia duen pertsona baten zelulak egunero berritzen dira, eta, horren ondorioz, zelulak pilatzen dira larruazalaren gainazalean eta lesio bereizgarri horiek agertzen dira.
Ez da kausa bakar bat ezagutzen. Immunitate-sistemak ohiz kanpoko moduan funtzionatzea eragiten duten zenbait faktore konbinatzen direlako gertatzen da. Faktore garrantzitsuenen artean, genetikoak, immunologikoak eta ingurunekoak daude.
Nahiz eta psoriasia ez den zuzenean heredatzen beste gaixotasun batzuk bezala, bada hura izateko aldez aurretiko joera bat. Gurasoetako batek psoriasia badu, seme-alabek izateko arriskua handiagoa da, ziurra izan ez arren hura izango dutenik. Familia-aurrekariak dituzten pertsona askok ez dute inoiz garatzen gaixotasuna.
ย Psoriasian, immunitate-sistema neurriz gain aktibatua dago. T linfozito izeneko defentsa-zelulak larruazaleko zelula osasuntsuei eraso egiten hasten dira, eta hantura kronikoa eragiten duten substantziak askatzen dituzte.
Ondorioz, larruazalaren berritze-prozesua bizkortu egiten da. Zelula berriek ez dute askatzeko astirik, gainazalean pilatzen dira, eta gaixotasunaren ezaugarri diren plaka lodi, gorritu eta ezkataz estaliak eratzen dituzte.
Psoriasiaren oinarria genetikan eta immunitate-sisteman dagoen arren, kanpoko zenbait faktorek hura agertzea edo haren sintomek okerrera egitea eragin dezakete. Horien artean daude:
- Larruazaleko traumatismoak: ebakiek, kolpeek, urratuek edo erredurek lesio berriak eragin ditzakete lehen ondo zeuden eremuetan. Fenomeno horri Koebner-en fenomeno deitzen zaio.
- Infekzioak: zenbait infekziok, hala nola amigdalitis estreptokozikoak, lotura izaten dute psoriasiaren agerraldiekin, batez ere haurretan eta nerabeetan. Birusek eragindako beste infekzio batzuek, GIBak eragindakoak, adibidez, gaixotasuna larriagotu dezakete.
- Estres emozionala: faktore eragilerik ohikoenetako bat da. Estresak ez du psoriasia eragiten, baina agerraldiak areagotu edo luzatu ditzake, eta tratamenduari erantzutea zaildu.
- Medikamentuak: zenbait farmakok, hipertentsioaren edo malariaren aurkakoek eta litioak (gogo-aldartearen nahasmenduetan erabiltzen da), adibidez, psoriasiaren agerraldiak eragin edo larriagotu ditzakete. Gainera, kortikoideak ahotik luzaroan erabiltzeak edo bat-batean uzteak agerraldi biziak eragin ditzake, baita gaixotasunaren forma larriak ere.
Funtsezkoa da faktore horiek identifikatzea; izan ere, askotan, aski izaten da faktore horiek saihestea agerraldiak prebenitzeko edo haien intentsitatea murrizteko.

