Ebakuntzaren ostean behar bezala indarberritu eta balizko konplikazioak saihesteko, honako jarraibide hauek gomendatzen dizkizugu:
- Has zaitez zure eguneroko bizitza pixkanaka egiten.
- Ez egin ahalegin eta kirol bortitzik.
- Izan eguneroko higiene pertsonal ona, zauria lehor mantenduz. Dutxatu zaitezke.
- Edan likido asko, 2-3 litro ur egunean.
- Jarraitu urologoak emandako tratamendua.
Ebakuntzaren ondoren, normala da honako sintoma hauek izatea:
- Aldaketak gernuaren kolorean (ohi baino ilunagoa).
- Mina sentitzea zauri kirurgikoaren edo uretraren eremuan.
- Maskuri-espasmoak (zundak edo zundaren buxadurak eragindako maskuri-uzkurdura mingarriak). Zalantzarik baduzu, zure familia-medikuarekin kontsultatzeko gomendatzen dizugu.
- Gernu-inkontinentzia, zunda kendu ostean.
Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura joan behar duzu honako sintoma hauetakoren bat baduzu:
- Sukarra (38ºC edo gehiago).
- Zorne-jarioa zaurian.
- Zauri kirurgikotik odola ateratzea, eta jarioa ez etetea zenbait minutuz presioa egin ostean.
- Gernuan odola egotea (kolore gorri bizia).
Maskuri-zundaren zainketak etxean
Gernu-zunda plastikozko edo go- mazko hodi biguna da, uretraren bidez maskurian txertatzen dena, gernua kanporatzeko. Globo bat du puntan eta hori puztu egiten da maskuriaren barruan; hala, zunda finko mantentzen da eta ez da eror- tzen. Ez egin tira zundari; atera egin daiteke edo min har dezakezu.
Maskuri-zunda jarrita izatea ez da eragozpena bizitza soziala, familia-bizitza eta aisialdia normaltasunez uztartzen jarraitzeko.
Zunda eta poltsa behar bezala mantentzeko beharrezko materiala os- pitaleko altarekin batera emango dizute. Ondoren, zure osasun-zen- troan emango dizute.
Gomendioak:
- Egunean zehar, zundak bolumen txikiko hankako poltsan egon behar du konektatuta; poltsa hori zinta batzuen bidez hankara eutsita egongo da.
- Gauean, komeni da zunda oheko poltsara konektatzea (bolumen handiagoa du), poltsa husteko jaiki beharrik ez izateko.
- Gernu-poltsak beti egon behar du maskuria baino beherago, gernu-fluxua maskurirantz itzultzea saihesteko.
- Egiaztatu poltsa zundara ondo konektatuta dagoela, gernu-ihesak saihesteko.
- Zaindu zundaren edo poltsaren hodiak tolestuta ez egotea, gernua poltsarantz igarotzea ez oztopatzeko.
- Edan likido ugari (egunean 2-3 litro), gernu asko egon dadin eta maskurian zunda buxa lezaketen hondakinak sor daitezen eragozteko. Hobe da ura edatea, baina zukuak, salda, infusioak eta abar ere edan ditzakezu.
Higienea:
- Gernu-poltsa egunero aldatu behar da.
- Zunda edo poltsa maneiatu aurretik, eskuak xaboi eta urarekin garbitu behar dituzu, infekzioak saihesteko.
- Drainatzeko gailua komunean hustu behar da 8 ordutik behin, gutxienez, edo beteta dagoenean.
- Egunero garbitu behar dira zakila eta genitalak ur eta xaboiarekin, zundaren inguruan ez dadin «lohitasunik» sortu, eta infekzioak saihesteko. Dutxa zaitezke, tapoia erabiliz.