Cáncer de próstata - Prostatectomía

Prostata-minbizirako, kirurgia mota nagusia prostatektomia erradikala da. Horretan, prostata-guruin guztia eta inguruko ehunen zati bat erauzten dira, semen-guruinak eta gongoil linfatikoak barne.

Prozedura horren bidez, prostata eta ehun gaixoak desagerrarazi nahi dira, gaixotasunak eragindako sintomak desagerrarazteko. Epe luzeko sendatze-prozesua da.

Ebakuntza «da Vinci» deritzon ebakuntza-sistema robotiko bat erabiliz egiten da, sabelaldean egiten diren ebaki txikien bidez.

Albo-ondorio nagusiak

Gernu-kontrolik ez izatea.

  • Denboraldi jakin batean, zunda bat eraman beharko duzu gernua jasotzeko; baina, behin zunda kendutakoan, normalean, aldi batez ez duzu gernu-kontrolik izango.
  • Maskuriaren kontrol normala pixkanaka berreskuratzen da, zenbait aste edo hilabetetan zehar, etapatan. Osasun-langileek gernu-kontrola bizkorrago berreskuratzen lagunduko dizuten zenbait ariketa egiteko gomendatuko dizute.

inpotentzia, erekzioa mantentzeko zailtasunak.

  • Ebakuntzak eragin nabarmena izan dezake sexu-jardueran ere, aldi batez edo modu iraunkorrean.
  • Erekzioak prostataren alde bietan kokatuta dauden bi nerbio multzo txikik kontrolatzen dituzte. Ebakuntzan, posible da nerbio horiek hondatzea eta, ondorioz, erekzio espontaneoak izateari uztea. Hori gertatzen bada, zure medikuak azalduko dizkizu zer produktu dauden merkatuan erekzioak hobetzeko.

Aldaketak pisuan, hestee- tako mugimenduetan, hantura-sentsazioa…

Ebakuntzaren ohiko ondorioak dira, baina berez desagertzen dira denborak aurrera egin ahala.

Gainerako albo-ondorioak tratamenduarekin ados bazaude sinatu beharko duzun ebakuntzari buruzko baimen informatuan ageri dira.

Eta orain zer?

Puntu honetan, jada jaso duzu zure gaixotasunari, diagnostikoari eta tratamendu-aukerei buruzko informazioa; ebakuntza egiteko eraba- kia hartu duzu eta kirurgia-tratamendua hasi duzu.

Ebakuntzaz gainera, tratamendu hau osatzeko zenbait jarraipen-kontsulta egiten dira, harik eta urologoak be- hin betiko alta ematea erabaki arte. Oro har, prozesuak 5 eta 10 urte bitartean irauten du guztira.

Jarraian, tratamenduaren garapenean eman beharko dituzun urratsak azalduko dizkizugu.

  1. Anestesia-kontsulta: horretan, zure egoera fisikoa ebakuntza egiteko egokia al den baloratzen da. Kontsulta hori tratamendu aurreko kontsultaren data baino zenbait hilabete lehenago egiten da.
  2. Tratamendu aurreko kontsulta: Ospitaleko erreferentziazko urologoarekin egiten da kontsulta eta, horretan, ebakuntza kirurgikoaren egokitasuna baloratzen da eta zalantzak argitzen dira.
  3. Adierazitako data eta orduan bertaratuko zara ebakuntza egitera eta zenbait egun egongo zara ospitaleratuta urologiako solairuan.
  4. Hurrengo 2-3 asteetan, zenbait erizaintza-kontsulta izango dituzu, puntuen eta zauri kirurgikoen egoera berrikusteko, eta gernu-zunda kentzeko.
  5. Ebakuntza eta 45 egunera, gutxi gorabehera, lehen jarraipen-kontsulta izango duzu ospitaleko urologoarekin, zure eboluzio orokorra zein den ikusteko; ordurako prostatako antigeno espezifikoko lehen analisiak jada eginda egon behar du.
  6. 3 edo 6 hilabetera izango duzu hurrengo azterketa mediku eta erizainarekin, prostatako antigeno espezifikoko probaren emaitzen arabera.
  7. Hurrengo jarraipen-kontsulta planifikatua sei hilabetera egingo da.
  8. Eboluzioa ona bada, urteko jarraipen-azterketak mantenduko dira, ebakuntza egiten den unetik 5-10 urte igaro arte.
  9. Hurrengo orrietan kontsulta horien xehetasunak azalduko ditugu.

Ibilbidea

photo