Ebakuntzarako adierazi dizuten egunean, 07:30etan joan beharko duzu Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko 0 solairura.
Gomendagarria da zurekin norbait etortzea.
Harrera-leihatilan NANa eta osasun-txartel indibiduala aurkeztu beharko dituzu, zure paperak presta ditzaten; beraz, ez ahaztu ekartzea.
- Ebakuntzarako prestaketa
- Ebakuntzarako urratsak
- Tratamendutik irteten zarenean, honako hauek izango dituzu
- Zer emango didate?
- Ebakuntzaren egiaztagiriak
Hurrengo orrietan, egun horretarako egin beharreko prestaketa osoa azaltzen da.
- Baraurik egongo zara, aurreko eguneko 24:00etatik.
- Protesirik (audifonoak, hortzordeak, betaurrekoak…), bitxirik edo erlojurik ez duzu izango jarrita.
- Anestesia aurreko kontsultan azaldu dizkizuten medikazio-jarraibideak beteta izan behar dituzu.
- Ziurtatu ez duzula sukarrik edo katarro/gripe sintomarik; hala izanez gero, jakinarazi zerbitzuari, ebakuntzara bertaratu aurretik.
- Behin Ospitaleratzerik Gabeko Unitatean sartu ostean, jagole bat etorriko da zu jasotzera eta Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuraino eramango zaitu.
- Pertsona bakarra egon daiteke zurekin; beraz, zurekin etortzen diren gainerako pertsonek adierazitako gelan itxaron beharko dute.
- Ondoren, erizainek ebakuntza-gelara lagunduko zaituzte; han beharrezko prestaketak amaituko dituzte eta Anestesiako eta Erradioterapiako medikuek bisitatuko zaituzte, baita erizainek ere.
- Brakiterapia-tratamenduak 3 eta 4 ordu bitartean irauten du, baina luza daiteke, sortzen diren beharren arabera.
- Brakiterapia-tratamendua anestesiarekin egiten da, beraz ez duzu inolako minik sentituko.
- Brakiterapia-tratamendua amaitutakoan, Ospitaleratzerik Gabeko Unitatera eramango zaituzte, eta han egongo zara 18:00ak edo 19:00ak arte. Oro har, honelako ebakuntzetan, ez da beharrezkoa izaten ospitaleratuta geratzea.
- Une horretan, osasun-profesionalek ebakuntzaren gorabeherak azalduko dizkiete zurekin etorri diren pertsonei.
- Ospitaleratzerik Gabeko Unitatean beharrezko medikazioa emango dizute, eroso eta minik gabe egon zaitezen.
- Behin anestesiatik suspertutakoan, ospitaleko alta emango dizute.
Ondoeza txiza egitean; maiz egingo duzu txiza eta, hasiera batean, odol pixka bat agertuko da gernuan.
- Alta medikoaren txostena, ebakuntzari buruzko informazioarekin.
- Lehen egunetan izan ditzakezun sintomak eta horiek kontrolatzeko analgesia-tratamendua jasotzen dituen orria.
- Hurrengo kontsultaren hitzordua, 48 ordura, eta Plangintzako OTA egiteko jarraibideak.
- Zure laguntzaile edo senideren batek bertaratu izanaren egiaztagiririk behar badu, Zerbitzuko Idazkaritza-leihatilan eskatu ahalko du.
- Zure izen-abizenak esan beharko ditu eta egiaztagiriaren eskatzailearen NANa aurkeztu beharko du.
Prostata-brakiterapiaren albo-ondorio nagusiak
Tratamenduan zehar, oro har, ez da minik sentitzen, baina, tumoretik gertu dauden organo eta ehun osasuntsuek erradiazio-dosi baxu edo ertainak jaso ditzaketenez, posible da erradioterapia-tratamenduaren ostean albo-ondorioren batzuk agertzea, aldez aurretik paziente bakoitzaren egoera behar bezala eta arretaz aztertuta ere.
Oro har, garrantzi handirik ez duten zenbait sintoma ager daitezke:
- Eginkarien kopurua eta maiztasuna areagotzea.
- Txiza sarriago egitea, eta erresumina sentitzea.
- Txiza-txorroak indarra galtzea.
- Normala da gernua arrosa-kolorekoa izatea zenbait egunez, baita odolbilduren bat kanporatzea ere.
- Prozedura egin ondoren, semenak kolore gorrixka edo marroia eduki dezake lehenengo eiakulazioetan.
- Hainbatetan gerta liteke txizagura izan eta ezin egitea. Horrela bada, joan hurbilen duzun ospitale-larrialdietako zerbitzura, maskurian zunda bat jartzera.
- Ohiko izaten da orratzak sartu diren aldean (perineoa) min pixka bat edukitzea.
- Brakiterapiaren ostean ohikoa izaten da, halaber, perineo edo eskrotoan ubeldura agertzea. 2-3 asteren buruan, berez desagertuko da.