-
Zer egin nire jatorrizko hizkuntza euskara edo gaztelania ez bada?
Komunikazioa oinarrizkoa da edozein kontsulta medikotan, dela informazioa transmititzeko eta jaso ditzakezun tratamenduak azaltzeko, dela izan ditzaketen albo-ondorioak azaltzeko, pazienteen nahiak eta kezkak entzuteko eta haien zalantzak argitzeko.
Zure ohiko komunikazio-hizkuntza euskara edo gaztelania ez bada, osasun-taldeari jakinarazi beharko diozu, eta, horrela, telefono bidezko aldibereko itzulpena eskura jarriko dizugu.
-
Ba al dago laguntza psikologikoko zerbitzurik?
Bai, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean psiko-onkologiako zerbitzu bat dago. Uste baduzu laguntza psikologikoa behar izan dezakezula tratamenduan zehar edo tratamendua amaitu ondoren, jakinarazi osasun-taldeari, balorazio bat egitea eskatzeko psiko-onkologiako taldeari.
-
Tratamenduan zehar laguntza erlijiosoa jaso al dezaket?
Bai, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean arreta erlijioso eta espiritualeko zerbitzua dugu (SARE). Galdetu talde medikoari horren inguruan.
-
Zer gizarte-zerbitzu daude eskuragarri mieloma anizkoitza duten pazienteentzat?
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean gizarte-laneko talde bat dugu behar duten pertsonen eskura. Galdetu talde medikoari horren inguruan.
Tratamendu-aldian
-
Zer egin dezaket zalantza edo ezinegonen baten inguruan galdetu nahi badut?
Tratamendu bat jasotzearen ondorioz egoera orokor txarra baduzu, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura joan beharko duzu balorazio medikoa jasotzeko.
Zalantza edo ezinegon txikiren bat baduzu, eta lanegun batean agertzen bada, Minbizi erizainarekin jar zaitezke harremanetan, eta hark zure zalantza argituko dizu.
Asteburuan edo jaiegun batean agertzen bada, Osasun Aholkuarekin jar zaitezke harremanetan (Tel.: 900 20 30 50).
-
Ohikoa al da ilea erortzea tratamenduan zehar?
Zenbait tratamenduk ilea partzialki edo osorik erortzea eragin dezakete. Normalean, ilea erortzea itzulgarria da, eta ilea berriro aterako zaizu kimioterapia-tratamendua amaitzean. Zure mediku edo erizainak emango dizu alopezia-arriskuaren berri, jasoko duzun tratamenduaren arabera.
-
Mieloma anizkoitzaren tratamendua jasotzen ari banaiz, egin al dezaket edertasun-tratamendurik? (Hala nola, ilea tindatzea)
Produktu batzuek azalean eragina izan dezaketen edo tratamenduarekin elkarreragin dezaketen kimikoak izan ditzakete. Lehentasuna segurtasunari eman behar zaio. Amoniakorik gabeko ilea tindatzekoak erabil daitezke. Mediku-taldeari galdetu edertasun-tratamenduren bat egin aurretik.
-
Mieloma anizkoitzaren tratamendua jasotzen ari banaiz, egin al dezaket depilazio-tratamendurik?
Larruazalaren sentikortasunak eta tratamenduak izan ditzaketen albo-ondorioek eragina izan dezakete erabakian. Hobe da zure egoera kontuan hartuta edozein prozedura segurua dela ziurtatzea.
Kimioterapia-tratamenduan zehar, ez da depilazio-metodo tradizionalik erabili behar, hala nola depilatzeko krema, argizari beroa edo hotza, laser bidezko depilazioa…
Depilatzeko aitzurra erabiltzea gomendatzen da. Kontu handiz eta presatu gabe depilatuko zara, larruazalean urradurarik edo ebakirik ez eragiteko.
Mediku-taldeari galdetu depilazio-tratamenduren bat egin aurretik.
-
Baraurik joan behar al dut tratamendua jasotzera?
Berariaz besterik adierazi ezean, ez da beharrezkoa baraurik joatea.
-
Txertoak har ditzaket tratamenduak irauten duen bitartean?
Txertoek hainbat mikroorganismoren aurkako babesa ematen dute, eta, oro har, pazienteek txertaketa-kartilla eguneratuta izatea gomendatzen da edozein kimioterapia-tratamendu hasi aurretik, baina hori ez da beti posible izaten.
Tratamenduan zehar txertoak har ditzakezu, baina jakin txerto batzuk kontraindikatuta daudela kimioterapia-tratamenduak jasotzen dituzten pazienteentzat (birus bizi indargetuetan oinarritutakoak).
Galdetu mediku-taldeari jarraibide espezifikoak jasotzeko.
-
Nolakoa izan behar du nire elikadurak tratamenduan zehar?
Garrantzitsua da mantenugai (proteina) ugariko dieta orekatua izatea. Jarraitu emandako gomendioak eta galdetu talde medikoari dieta zure beharren arabera egokitzeko.
-
Elikadura-osagarriak gomendagarriak dira tratamenduan zehar?
Paziente batzuek osagarriak behar izan ditzakete gabezia espezifikoei aurre egiteko, baina ezinbestekoa da medikuak gainbegiratuta egitea, tratamenduari eragin diezaioketen interakzioak saihesteko.
-
Ariketa erregularki egin dezaket tratamenduan zehar?
Bai, neurrizko ariketa fisikoa egitea onuragarria izan daiteke. Hitz egin talde medikoarekin ariketa zure egoerara egokitzeko.
-
Nola kudea dezaket mieloma anizkoitzari lotutako estresa?
Meditazioa, yoga edo laguntza psikologikoa lagungarriak izan daitezke. Zuri hobe egokitzen zaizuna aurkitu. Behar izanez gero, psiko-onkologiako zerbitzu bat dugu pazienteentzat.
Transplante hematopoietikoa egiteko ospitaleratu behar badidate
-
Zer eraman behar dut ospitaleratzeko?
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera ate nagusitik sartu eta pazienteak onartzeko gunera joan NANarekin eta/edo OTIarekin (osasun-txartel indibiduala), ospitaleratzeko administrazio-izapidea egiteko.
Entretenitzeko tresnak (liburuak, tabletak, irratia…) eramatea gomendatzen da.
Ez ahaztu zure burua garbitzeko gauzak (hortzetako eskuila, bizar-aitzurrak, krema hidratatzaileak…), bai eta etxean egoteko zapatilak ere, oinari ondo eusten diotenak.
-
Zein dira nirekin daudenentzako arauak?
Norbait zurekin egotea funtsezkoa da โia nahitaezkoa ereโ, batez ere ospitaleratzearen lehenengo 2-3 asteetan. Aproposena egunean zehar txandakatzen diren bizpahiru pertsona izatea da. Lagunek ez dute korridoreetan ibili behar.
Komeni da logelara sartzean oinetakoak aldatzea. Gelako armairuan oinetako erosoak utz ditzakete bertan egoteko (adibidez, zapatila erosoak).
Bisita soziala kontraindikatuta dago, hau da, ospitalean zurekin egon ohi ez diren lagunek eta senideek ezingo dizute bisitatu.

