Cáncer de próstata - Programa mi calidad de vida

Programa honetan galdetegi batzuk bete ditzazun proposatzen dizugu. Horiekin zure bizi-kalitatea nolakoa den eta zure gaixotasunak noraino mugatzen duen jakin nahi dugu. Zure erantzunek arazo horiek agertzen diren jakiten lagunduko digute, eta nola lagundu zaitzakegun baloratzen.

Informazio hori zure historia klinikoan gordeko da. Informazioa ikusteko aukera kontrolatua izango da, eta honako hauek bakarrik kontsulta dezaten ziurtatuko da: zuk, artatzen zaituzten medikuek eta erizainek, eta, nahi baduzu, laguntza behar izanez gero ikusteko aukera eman nahi diezun pertsonek.

Zure baimen informatua behar dugu programan parte hartzeko. Parte hartzea erabat borondatezkoa da eta edozein unetan eman ahal izango duzu baja, zure jarraipenaz arduratzen diren profesionalei jakinarazita.

Zure eguneroko bizimoduariburuzko 3 galdetegi dira: gernu- edo eginkari-inkontinentziari buruzkoa, zure sexu-bizitzaren ingurukoa eta laguntzako gailuen erabileraren ingurukoa. Zuk erantzun behar duzu, edo konfiantzazko pertsona baten laguntza izan dezakezu.

Beharbada, senti dezakezu galdera batzuk oso gai pribatuei buruzkoak direla, baina gure helburua zure osasunari buruz dituzun kezkak ezagutzea da, orobat kezkatzen zaituzten albo-ondorioak lantzen laguntzea. Osasun-langileak ohituta daude honelako egoerak maneiatzen eta albait eramangarrien egiten saiatuko dira. Zalantzak badituzu edo ezeroso sentitzen bazara, aipa iezaiezu eta zuretzako egokiena den inkesta-aukera bilatuko dugu.

Lehen galdetegiei esker, zure hasierako egoera ezagutu ahal izango dugu, tratamendua hasi aurretikoa; beraz, ohikoa da planteatzen diren arazoetako bat bera ere ez jasatea. Ondoren ematen dituzun erantzunek lagundu egingo digute jakiten ea arazo horiek agertzen diren, denboran zer bilakaera duten ikusten eta nola lagun zaitzakegun baloratzen.

  • Lehen inkestak kontsultategian beteko dituzu, PROGRAMAN SARTZERA GONBIDATZEN zaituzten egunean.
  • Ondoren, hurrengo inkestak noiz egin adieraziko zaizu eta horiek telefonoz egingo dira.
  • Jarraipen-kontsulta baino egun batzuk lehenago, Osasun Aholkua ematen duten erizainen deia jasoko duzu, hitzordua adosteko eta inkestak egiteko. Planifikatu hitzordua zure beharren arabera.
  • Liburu honetan inkesten kopiak aurkituko dituzu. Osasun Aholkuarekin jarritako hitzordua baino lehen ikustea komeni da, eta liburuan bertan erantzutea.
  • KONTSULTAN SARTU AURRETIK IZANGO DITU MEDIKUAK ZURE ERANTZUNAK. Inkesta-sistema horri esker, erantzunak zure historian izango ditugu mediku espezialistarekiko jarraipen-kontsultara sartu aurretik, emaitzak eta denboran izandako eboluzioa zurekin berrikusi ahal izan ditzan.
  • Ez bazara eroso sentitzen inkestei telefonoz erantzuten, aipa iezaiezu erizainei hurrengo kontsultan, kontsultaren egunean bertan erantzun ahal izateko.
  • Zure emaitzen eboluzioa ikusi ahal izango duzu eskuliburu honetan bertan osasun-galdeketei emandako erantzunak berrikusiz edota jarraipen-kontsultetan emango dizuten informazioaren bidez.

Osasun Aholkua Osakidetzako arreta-zerbitzu ez-presentziala da, eta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan ematen dute erizaintzako profesionalek.

Zure erreferentzia-puntua da, ohiko osasun-arazoen gaineko gomendioak behar dituzunerako, osasuneko profesionalen esku-hartze presentziala beharrezkoa ez denean. Zure zalantzei erantzuten diete eta, sintomen arabera, jarduteko jarraibide egokienak eskaintzen dizkizute. Eta, programa honetan, zure eboluzioaren jarraipena egiten lagunduko digute.