Hematologiako Zerbitzuak gune hau sortu du mieloma anizkoitza duten pertsonei gaixotasun horrekin eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ematen zaion tratamenduarekin lotutako alderdi guztiei buruzko informazioa emateko.
Normala da zalantza eta galdera asko izatea, batez ere diagnostikoa jasotzen duzun unean. Dokumentu honetako atalen bidez, ohikoenak ebazten saiatuko gara.
Hematologiako zerbitzuko profesional-taldeak jarraian azalduko dizugun bidaia horretan guztian lagunduko dizu. Gure instalazioak eta zurekin egongo garen pertsonak ezagutuko dituzu.
Eta gogoan izan dokumentu honetan erakutsiko dizugun informazioa kontsultan eskainitakoaren osagarria dela. Zure esanetara gaude bidean izan dezakezun edozein zalantza argitzeko eta laguntzeko.
Nor gara?
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzua odoleko gaixotasunetan espezializatutako profesionalek osatzen dute. Osasun-talde osoa gaixotasun hematologikoen inguruan esperientzia handia duten medikuek, erizainek eta laguntzaileek osatzen dute, eta modu koordinatuan lan egiten dugu ahalik eta arreta sanitariorik onena eskaintzeko.
- Zer da Eguneko Ospitalea?
- Nola funtzionatzen du Eguneko Ospitaleak?
- Nola funtzionatzen du hematologiako kontsultak?
- Kokapena
Eguneko Ospitale Medikoa Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko unitate bat da, eta ospitaleratzearen ordezko unitatetzat hartzen da. Mediku-kontsultak egiten dira, zain barneko tratamenduak ematen dira eta hainbat teknika eta proba diagnostiko egiten dira arreta sanitarioaren erosotasunarekin, baina ospitaleratu beharrik gabe. Zure kasuan, Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuko Eguneko Ospitaleko taldeak artatuko zaitu.


Eguneko Ospitalera joaten zaren lehen aldian, harrera-mahaira joan beharko duzu. Bertan, administrariek hitzorduen kartulina emango dizute, eta lehenengo izapideen berri emango dizute. Kontsultan, kartulina hori eta eman dizuten bestelako dokumentuak erakutsi beharko dituzu. Eguneko Ospitalera joaten zaren bakoitzean, hitzorduen kartulinaren barra-kodea iritsierak kudeatzeko gailura (âtotemaâ) hurbildu beharko duzu. Gailuak gorde beharreko tiket bat emango dizu. Zenbaki hori itxaron-gelako pantailetan agertuko da zure txanda iristen denean (kontsultara joateko, tratamendu bat jasotzeko, etab.).



Hematologiako kontsultak Eguneko Ospitaleko 8. eta 10. kontsultetan daude. Mediku-kontsulta hitzordu-ordenaren arabera egiten da, ez iritsiera-ordenaren arabera, agendaren erritmo egokiari eusteko asmoz. Salbuespen gisa, medikuek itxaron-gelako pertsona jakin batzuei arreta emateko urgentzia baloratuko dute. Pertsona horiek kontsultara lehenago sartuko dira, irizpide klinikoak direla-eta; horrek kontsultaren ordua alda lezake. Beti ekarri beharko dituzu hitzorduen kartulina eta ohiko tratamendu-orria, halakorik izanez gero. Era berean, ospitaleratze- edo larrialdi-txosten berrienak ere ekarri beharko dituzu. Mediku-kontsultan zehar, zure prozesuari eta proposatutako tratamenduari buruzko informazio medikoa emango dizugu. Zalantzak argitzeko unea izango da. Edozein prozedura hasi aurretik, eta prozedura azaldu ondoren, idatziz onartzeko eskatuko zaizu. Era berean, lehen mediku-kontsulta amaitu ondoren, erizain klinikoaren kontsultara joan beharko zara. Minbizi Erizaina deritzogu, eta mediku-hitzorduetatik kanpo zure ohiko harreman sanitarioa izango da. Prozesu hematologikoarekin lotutako arazoak konpontzeko zure esku egongo da. Berarekin harremanetan jar zaitezke, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, kontsultan emango dizuten telefono-zenbakira deituta. Kontsultako hitzorduak eskatutako proba diagnostikoak egitera eta agindutako tratamenduen kadentziara egokituko dira. Hitzordua doitzeko Eguneko Ospitalearekin harremanetan jarri behar baduzu, deitu 946006320 telefono-zenbakira (idazkaritza).






