
Kimioterapiako farmakoek ondorio kaltegarri asko eragiten dituzte. Zorionez, kimioterapiako medikamentu berrien garapenak tratamenduen toxikotasuna hobetzea lortu du, baina guztiak dira zertxobait kaltegarriak.
Jarraian, ondorio kaltegarri ohikoenak eta garrantzitsuenak deskribatuko ditugu. Jakin ezazu hainbat kimioterapia daudela, eta albo-ondorio desberdinak sortzen dituztela. Medikuek edo erizainek azalduko dizute zer albo-ondorio izango duzun ezartzen dizuten tratamenduaren arabera.
Nolanahi ere, nahiz eta espero izatekoa den ondorio kaltegarriren bat izatea (normalean arina edo moderatua), jakin ezazu ezinezkoa dela denak izatea, eta are gutxiago aldi berean.
- Zitopeniak
- Infekzioak
- Mukositisa eta estomatitisa
- Neuropatia periferikoa
- Goragaleak eta gorakoak
- Beherakoa
- Idorreria
- Ugalkortasuna
- Arazo kognitiboak
- Ilea erortzea
Kimioterapiako tratamendu batzuek zitopeniak eragin ditzakete. Zitopenia esaten diogu odolaren hiru osagai nagusien (globulu gorriak, zuriak eta plaketak) kopuru normala baino txikiagoa izateari.
Globulu gorrien gutxitzeari anemia esaten zaio. Kimioterapiaren ondoriozko anemia ezin da elikaduraren edo osagarrien bidez zuzendu. Agertzen denean, nekea eragiten du. Muturreko nekea baduzu, hematologiako zerbitzuarekin jarri beharko zara harremanetan. Batzuetan, anemia larria bada, emandako hematie kontzentratuak isuraldatzea beharrezkoa izan daiteke.
Plaketen gutxitzeari tronbopenia esaten zaio. Plaketak funtsezko osagaiak dira hemostasia- edo koagulazio-prozesuan; beraz, normala baino gutxiago badira, odol-galerak errazago izango ditugu. Odol-galerak arinak izan ohi dira (hematoma txikiak agertzea bat-batean edo kolpe txiki bat eman ondoren), baina moderatuak edo larriak ere izan daitezke. Odol-galera eteten ez bazaizu, berehala joan larrialdi-zerbitzu batera. Plaketak normala baino gutxiago badira, donazio altruista bateko plaketak isuralda daitezke.
Globulu zurien gutxitzeari leukopenia esaten zaio. Neutropenia hitzak neutrofiloen jaitsierari egiten dio erreferentzia, bakterioen aurkako defentsa-azpimota bat. Agertzen denean, infekzio konplikatu bat garatzeko arrisku handiagoa dago, bakterianoa edo birala normalean, baina baita onddo edo parasitoengatik ere. Ezin dira beste pertsona baten defentsak isuraldatu, baina badira muina estimulatzeko gai diren medikamentuak, ohi baino defentsa gehiago sortzeko. Medikuek esango dizute medikamentuak ematea beharrezkoa den. Kimioterapiako tratamenduak irauten duen bitartean, funtsezkoa da infekzio-zantzuei arreta jartzea.

Minbiziaren aurkako tratamendu batzuek odoleko globulu zurien (defentsak) kopurua murriztu dezakete. Horrek esan nahi du organismoak ezin diela infekzioei ohi bezain ongi aurre egin, eta, beraz, edozein infekzio larri bihur daiteke. Garrantzitsua da infekzio-zantzuak ezagutzea.
Jarri harremanetan hematologiako kontsultako Minbizi erizainarekin, berehala, hauetakoren bat baduzu:
- 38°C-ko edo gehiagoko tenperatura
- izerdia, hotzikarak edo dardarak
- buruko min handia edo garondoko zurruntasuna
- arnasteko zailtasuna
- aldigaiztoa, zorabioak edo takikardia
- beherako edo gorako kontrolgabeak
- eztarriko mina, eztula edo hotzeria
- zauriak ahoan edo geruza zuri bat mihian
- erupzioa edo azala gorritzea
- hantura, gorritasuna edo sentikortasuna, batez ere zauri baten, kateterraren eremuaren edo ondestearen inguruan
- gernua uherra, pixa egitean mina edo odola
Minbizi erizainaren arreta-ordutegitik kanpo, edo ezin baduzu zuzenean harremanetan jarri erreferentziako mediku edo erizainarekin, joan hurbilen duzun ospitaleko larrialdi-zerbitzura laguntza eske edo deitu Osasun Aholkura (900 20 30 50).
Esan minbiziaren aurkako tratamenduan zaudela. Globulu zuriak baxu daudenean tenperatu altua izateari sukar-neutropenia esaten zaio, eta premiazko mediku-arreta eskatzen du.
Sukarrik gabeko infekzioa ere izan dezakezu. Ondoezik bazaude, jarri harremanetan hematologiako kontsultako Minbizi erizainarekin.
Mukositisa minbiziaren aurkako tratamenduek digestio-hodia estaltzen duten zelulak kaltetzen dituztenean gertatzen da. Horrek mina, zauriak eta ultzerak eragin ditzake ahoan, eztarrian eta hesteetan.
- Kimioterapiak mukositisa eragin dezake ahoan, eztarrian eta hestearen edozein zatitan.
- Erradioterapiak tratamendua ematen den eremuan bakarrik eragiten du mukositisa.
Estomatitisa ahoaren inflamazioa (hantura) da. Ahoaren edozein zatiri eragin diezaioke, masailak, hortzoiak, mihia eta ezpainak barne.
Mukositisak eta estomatitisak behar bezala jatea, edatea eta lo egitea eragotzi dezakete. Ahoko ultzerak edo zauriak normalean baino astiroago senda daitezke, eta horrek infekzioak agertzeko aukerak areagotzen ditu.
Hauek dira mukositisaren eta estomatitisaren zantzuak eta sintomak:
- Hortzoi distiratsuak, hanpatuak edo gorrituak
- Ahoan mina ematen duten guneak, zauriak edo ultzerak izatea
- Odol-galera ahoan
- Geruza zuri bat mihian edo eztarrian
- Ahoko infekzioak
- Zailtasunak eta mina jateko, irensteko edo hortzordeak eramatean
- Sentikortasuna elikagai eta edari bero, hotz, gatz, pikante edo garratzekiko
Mukositisa eta estomatitisa tratamendua amaitu eta egun batzuk edo aste batzuk igaro ondoren desagertu ohi dira, baina hobetzeko denbora gehiago behar izaten dute erradioterapiak eragindakoak badira.
Mukositis-zantzuak badituzu, jarri harremanetan Minbizi erizainarekin, sintomak hobetu ditzaketen tratamenduak baitaude.
Minbiziaren aurkako tratamendu batzuek neuropatia periferikoa eragin dezakete. Neuropatia periferikoa kimioterapia-farmako batzuek garunetik eta bizkarrezur-muinetik kanpo dauden nerbioetan eragindako kaltea da. Normalean, eskuei eta oinei eragiten die. Neuropatia periferikoaren sintomarik baduzu, jakinarazi mediku edo erizainei hematologiako/lehen mailako arretako kontsultan.
Sintomak kaltetutako nerbioen eta kaltearen larritasunaren araberakoak dira. Eskuei eta oinei eragin ohi diete, eta honako hauek ekar ditzakete:
- mina eta ondoeza
- gogordura, inurridura, erredura edo ziztadak
- astuntasun-sentsazioa
- muskulu-ahultasuna
- bero-sentsazioa edo erredura hotz dagoen zerbait ukitzean
- zerbait hotz edo bero dagoen bereizteko ezintasuna
- atorra lotzeko edo objektuak hartzeko zailtasuna
- burrunbak belarrietan edo entzuteko zailtasuna
- hesteetako arazoak, idorreria barne
- zorabio- edo bertigo-sentsazioa
- oreka- eta ibilera-arazoak
Noiz agertzen da?
Kimioterapiak eragindako neuropatia periferikoa tratamenduan zehar agertu ohi da.
Erradioterapiak eragindako neuropatia periferikoa, batzuetan, tratamendua amaitu ondorengo hilabete eta urteetan gara daiteke.
Zenbat irauten du?
Pertsona asko nerbio-alterazioetatik denborarekin berreskuratzen dira (normalean zenbait hilabetetan). Hala ere, pertsona batzuek denbora gehiago behar dute tratamendua amaitu ondoren sendatzeko, eta baliteke epe luzeko tratamendua behar izatea, edo, are gehiago, ez sendatzea.
Nola tratatzen da?
Neuropatia periferikoaren tratamendua sintomatologiaren intentsitatearen araberakoa da. Ez dago neuropatia periferikoa sendatzeko tratamendurik; beraz, askotan, tratamendua sintomak kontrolatzean (analgesikoak emanez) eta nerbioak kaltetzen ez jarraitzeko kimioterapia-dosia aldatzean datza.
Goragaleak eta gorakoak kimioterapia eta erradioterapia mota batzuen albo-ondorio ohikoak dira. Kimioterapia-farmako batzuek goragalea edo gorakoa eragiten dute, baina ez guztiek. Zure tratamenduak goragaleak edo gorakoak eragiten baditu, medikuak sendagaiak emango dizkizu horiei aurrea hartzeko eta tratatzeko (farmako antiemetikoak).
Ziurtatu goragaleen eta gorakoen aurkako medikamentua agindu bezala hartzen duzula, gaizki sentitu ez arren. Askoz errazagoa da goragaleak eta gorakoak prebenitzea, hasi ondoren gelditzea baino.
Goragaleak eta gorakoak tratamenduaren ondorengo lehen orduetan edo egunetan agertzen dira. Pertsona batzuek goragaleak eta gorakoak tratamenduaren aurretik izaten dituzte. Hori gerta daiteke goragaleak eta gorakoak lehenago izan dituztelako, eta horiek errepikatzea kezkatzen dielako.
Eta medikazioa hartu arren botaka egiten jarraitzen badut?
Botaka egitean, ura edo gorputzeko likidoak galtzen dira. Botaka asko egiten baduzu, likido asko gal ditzakezu. Horri deshidratazio deritzogu. Medikazioarekin kontrolatu ezin dituzun gorakoak badituzu, ospitaleko larrialdi-zerbitzura joan.
Beherakoa normalean baino maizago libratzean datza. Gorozkiak bigunak edo urtsuak izan daitezke.
Kimioterapiako tratamendua jasotzean, beherakoa tratamenduak berak, hesteetako infekzio jakin batzuek, antibiotikoak behin eta berriz hartzeak edo hestearen berezko arazoek eragin dezakete.
Beherakoa larria bada, gorputzak ur gehiegi gal dezake, eta deshidratazioa eragin dezake.
Beherakoa zerk eragiten duen, baliteke sintomatologia arintzeko tratamenduren bat behar izatea. Jarri harremanetan ospitalearekin honako hauetakoren bat gertatuz gero:
- Beherako kontrolatugabea, baita antidiarreikoak hartu ondoren ere.
- Odola gorozkietan (kaka).
- Urdaileko min handia eta hantura.
- Bat-bateko gorakoak edo berriak.
- Deshidratazio-zeinuak.
- 38°C-ko edo gehiagoko tenperatura.
Beherakoa izanez gero, dieta-gomendioak kontsulta ditzakezu elikaduraren/nutrizioaren atalean.
Idorreria libratzeko zailtasunak izatea da (gutxiagotan libratzea, edo gorotzak oso gogorrak izatea eta zailtasun handiz libratzea).
Kimioterapiako tratamenduak jasotzen dituzten pazienteen idorreriaren kausak honako hauek izan daitezke:
- Kimioterapia-farmakoak berak.
- Analgesiko zehatz batzuk (morfinaren deribatuak).
- Zuntz gutxiko dieta izatea (ez jatea nahikoa zereal, fruta eta barazki).
- Ur nahikoa ez edatea.
- Ez mugitzea edo ariketa fisiko nahikoa ez egitea.
Jarri harremanetan ospitalearekin honako hauetakoren bat gertatuz gero:
- Abdomeneko min handia eta bat-batekoa, eta hantura (abdomen gogorra eta puztua).
- Duela hiru egun baino gehiago ez libratzea.
- Gorozkiek odola edukitzea.
- Gasik ezin botatzea.
Idorreria izanez gero, dieta-gomendioak kontsulta ditzakezu elikaduraren/nutrizioaren atalean.
Minbizi mota batzuek eta horien tratamenduek ugalkortasuna murritz dezakete, eta horrek zaildu egiten du sorkuntza edo ugalketa. Ez die kimioterapia edo erradioterapia jasotzen duten eta minbizia duten pertsona guztiei eragingo.
Emakumeen kasuan, minbizi hematologikoak eta horren tratamenduak etorkizuneko ugalkortasunean eragina izan dezakete:
- Obuluen kopurua eta kalitatea murrizteagatik.
- Hormona sexualen ekoizpena gutxitzeagatik.
- Sexu-harremanak izateko gogo emozionala eta fisikoa aldatzeagatik, tratamenduaren albo-ondorioak direla eta (adibidez, nekea edo gorputz-irudia aldatzea).
Gizonen kasuan, minbizi hematologikoak eta horren tratamenduak etorkizuneko ugalkortasunean eragina izan dezakete:
- Esperma-ekoizpena murriztu edo geldiarazteagatik.
- Espermatozoideen kalitateari eragiteagatik.
- Testosteronan oinarritutako hormonen ekoizpena eta libidoa (sexu-desira) murrizteagatik.
- Zakilean esperma garraiatzen duten hodiak eta eiakulaziorako edo erekziorako beharrezko nerbioak kaltetzeagatik.
Ugalkortasunean gertatzen diren aldaketak iraunkorrak al dira?
Tratamendu onkologikoak ugalkortasunean duen eragina aldi baterakoa edo iraunkorra izan daiteke, honako hauen arabera:
- Adina (ugalkortasuna berez murrizten da adinarekin).
- Dagoeneko ugalkortasun-arazoak badituzu.
- Minbizi motaren arabera.
- Jasotzen duzun edo dituzun tratamendua edo tratamenduak.
Zer egin behar dut?
Pertsona bakoitzaren egoera, tratamendu-plana eta diagnostikoa desberdinak dira. Tratamendua hasi aurretik, hitz egin medikuntza, erizaintza edo erradioterapiako zure erreferentziazko profesionalarekin etorkizunean seme-alaba bat izan nahi duzun esateko, eta batera aztertu:
- Tratamenduak nola eragin diezaiokeen ugalkortasunari.
- Ugalkortasuna babesteko zer aukera dauden.
OHAR GARRANTZITSUA
- Kezkatuta bazaude minbiziaren aurkako tratamenduak zure sortzeko edo ugaltzeko gaitasunari eragin diezaiokeelako, medikuarekin edo tratamendu-taldearekin hitz egin behar duzu tratamendua hasi AURRETIK.
- Emakumeak haurdun gera daitezke minbiziaren aurkako tratamenduan zehar eta tratamendua amaitu eta berehala. Gizonek ugalkorrak izaten jarrai dezakete minbiziaren aurkako tratamenduan zehar eta tratamendua amaitu eta berehala.
- Metodo antikontzeptibo fidagarri bat erabili behar da, minbiziaren aurkako tratamendu batzuek fetua kaltetu dezaketelako. Semena ere kaltetu dezakete.
- Galdetu mediku edo erizainei zer metodo antikontzeptibo erabili behar duzun tratamenduan zehar.
- Jarri harremanetan berehala zure mediku edo erizainarekin, baldin eta: haurdun bazaude, haurdun zaudela uste baduzu edo tratamenduan zehar haurdun geratzen bazara.
- Jarri harremanetan berehala zure mediku edo erizainarekin, baldin eta: zure bikotekidea haurdun badago edo tratamenduan zehar haurdun geratzen bada.
Memoria-aldaketak ohikoak dira minbizia izatean eta minbiziaren aurkako tratamenduak jasotzean. Ez dakigu zehazki zein den kausa, baina lotuta dago minbiziaren diagnostikoarekin berarekin eta horren ondoriozko bigarren mailako estresarekin, bai eta farmako jakin batzuekin edo gaixotasunarekin berarekin ere.
Aldaketa hauek izan ditzakezu:
- zenbait gauza ahaztea, hala nola izenak, hitzorduak eta data garrantzitsuak.
- kontzentrazio-arazoak.
- desantolatzea eta gauzak amaitzeko denbora gehiago behar izatea.
- zailtasuna berbak aurkitzeko.
- umore-aldaketak.
- ideiak ordenatzeko zailtasuna.
- informazioa ulertzeko arazoak.
Zenbat irauten du?
Memoria-aldaketak aldi baterakoak izaten dira, eta denborarekin hobetu egiten dira. Pertsona batzuen kasuan, memorian eta pentsatzeko moduan izandako aldaketak tratamendua amaitu ondoren ere mantenduko dira.
Ba al dago lagundu dezakeen medikamenturik?
Gaur egun ez dago memoria-aldaketak tratatzeko medikamenturik.
Zerk lagun diezadake egoera horretan?
- Ohar-blok bat, agenda bat edo telefono bat izatea, honako hauek erregistratzeko: hitzorduak, data eta elkarrizketa garrantzitsuak, medikamentuak noiz hartu, sintomak.
- Farmazian botikak ontziratze-sistemen bidez antolatzeko eskatu.
- Programatu alarma bat medikamentuak hartu behar dituzula gogorarazteko.
- Gorde giltzak eta telefonoa ohiko leku batean.
- Erabili ohar itsasgarriak gauzak gogoratzeko eta jarri ondo ikusteko moduan.
- Egunero egin behar duzunaren zerrendak egin, eta lehendabizi gauzarik garrantzitsuenak egin.
- Ez saiatu egunero gehiegi egiten eta zentratu beti gauza bakarrean.
- Behar beste atseden hartu eta ondo lo egin.
- Burua aktibo mantendu; puzzleak, gurutzegramak edo hitz-jokoak egin ditzakezu.
Ilea erortzea, alopezia ere esaten zaiona, minbiziaren aurkako tratamendu batzuen albo-ondorioa izan daiteke.
Minbizi-zelulak kaltetzen edo ezabatzen dituzten minbiziaren aurkako tratamenduek zelula normalei ere eragin diezaiekete. Horrek barne hartzen ditu ile-folikuluak (ile bakoitza hazten hasten den tokia). Ile-folikuluen kalteek ilea erortzea eragiten dute. Bekainak, betileak eta besapeetako, pubiseko, hanketako, besoetako edo bularreko ileak ere gal daitezke.
Ilea erortzea eragin dezaketen hainbat tratamendu mota daude: kimioterapia, terapia gidatuak edo erradioterapia (tratatutako eremuan). Hala ere, tratamendu guztiek ez dute ilea erortzea eragiten. Zure mediku edo erizainak emango dizu alopezia-arriskuaren berri, jasoko duzun tratamenduaren arabera.
Noiz eroriko zait ilea?
Ilea lehen tratamendua jaso eta 2-3 astera hasi ohi da erortzen. Mailakatua izan daiteke, edo bat-batean ile asko erori. Batzuetan, ilea erori aurretik edo erortzean, eremua azkura ematen hasten da, edo inurridura, sentikortasuna edo beroa nabaritu ditzakezu.
Berriz aterako zait ilea?
Oro har, ilea berriro hazten da tratamendua amaitutakoan. Baliteke ileak 3 eta 12 hilabete artean behar izatea berriz ateratzeko. Berriro hazten denean, desberdina izan daiteke. Leunagoa, kizkurragoa edo beste kolore batekoa izan daiteke. Salbuespenez, baliteke ilea berriz ez ateratzea.

