
Kimioterapiaren konplikaziorik ohikoenetako bat infekzioak direnez, garrantzitsua da pazienteek txertaketa-egutegia eguneratuta izatea.
Immunizazioa infekzio bat prebenitzeko modu eraginkorra bada ere, patologia hematologikoak dituzten pertsonek serobihurketa-tasa txikiagoak dituzte txertoekiko, izan oinarrian dagoen gaixotasunagatik, izan jasotzen duten tratamenduagatik.
Oso gomendagarria da kimioterapiako tratamendua hasi aurretik hura jasoko dutenek eguneratuta izatea beren txertaketa-egutegia; hala ere, kimioterapiako tratamendu jakin bat azkar ezartzeko beharrak immunizazioa arriskuan jar dezake.
Gainera, infekzio immunoprebentiboetatik babesteko immunitatea guztiz edo partzialki galtzen dute transplante hematopoietikoa jasotzen duten pazienteek; beraz, transplantea jasotzen duten pertsona guztiak berriz txertatu beharko dira.
Zelula ama hematopoietikoen transplante autologoa (TAPH) jasotzen duten guztiak Prebentzio Medikuntzako Zerbitzura bideratuko dira transplantearen ondorengo bigarren hilabetean, txertaketa antolatzeko.
Kimioterapia jasotzen duten pertsonen erantzun immunologikoen tasak biztanleria osasuntsuarenak baino txikiagoak dira.
Txerto inaktibatuak edo RNA txertoak ematea segurua da edozein unetan, baita kimioterapiako tratamenduan egonda ere.
Birus bizi indargetuak dituzten txertoak kontraindikatuta daude kimioterapiako tratamendua edo transplante hematopoietikoa jasotzen duten paziente eta bizikideentzat.

