Hipospadia sortzetiko anomalia bat da, zakilaren garapen desegokiaren ondorioz gertatzen dena. Noiz gertatzen da hispopadia?

Gernuaren zuloa (meato uretrala) ez dagoenean bere ohiko tokian, hau da, zakilaren puntan. Oro har, prepuzioaren azala ez dago itxita. Zakila beherantz okertuta egon daiteke erekzioa izatean (zakilaren inkurbazioa).

Meatoaren kokapenaren eta zakilaren inkurbazioaren arabera, hipospadia arinagoa edo larriagoa izango da.

Hipospadia motak:

  • Hipospadia arinetan meatoa (gernu-zuloa) zakil-puntatik gertu dago eta inkurbazioa txikia da. Hipospadia distala deitzen zaio.
  • Kasu apur bat larriagoetan, meatoa zakilaren gorputzean kokatzen da, eta inkurbazioa ere badago. Horiei
    hipospadia ertaina esaten zaie.
  • Kasu larrienetan, pixaren zuloa zakilaren oinarrian dago, eskrotoaren edo atzerago ere bai. Pazienteek beti izaten dute zakilaren ohiz kanpoko inkurbazioa. Hipospadia proximaladeitzen zaio.

Kausak

Arazoaren jatorri zehatza ezezaguna da gehien-gehienetan.

Hipospadiak 300 haurretik bati eragiten dio. Gehienetan, arazo isolatua da. Ohikoagoa izaten da familia batzuetan eta haur goiztiarrengan. Hipospadia proximaletan probak egingo dira bestelako alterazio genitalekin, hormonekin edo geneekin zerikusia duen ikusteko.

Diagnostikatu daiteke

Zakilaren azterketa kliniko baten bidez, haren formagatik, eta gernu-zuloaren kokapenagatik (meatoa). Oro har, diagnostikoa pediatrak egiten du, haur osasuntsuaren azterketa fisikoan edo kontsultako miaketan.

Zer egin behar dugu diagnostikatu ondoren?

Gehienetan ez da beste probarik egin behar, eta hitzordu bat emango dizuete urologia pediatrikoko kontsultan.

Garrantzitsua da jakitea haurrari EZIN zaiola zirkunzisioa egin. Izan ere, prepuzioaren larruazala beharrezkoa izango da hipospadia zuzentzeko ebakuntzan.

Haurrari hitzordu bat emango zaio urologia pediatrikoko kontsultan ikusteko, eta zirujauak hipospadia motari buruzko xehetasun guztiak azalduko dizkizue, baita horien larritasuna eta tratamendu-aukera posibleak ere.