Kimioterapia-medikamentu mota asko daude. Pertsona batzuek ospitalean jasotzen dute tratamendua, eta beste batzuek, berriz, kimioterapia etxean jaso dezakete (ahotik hartzeko tratamenduak, kapsula edo pastillen bidez).

Garrantzitsua da beste pertsona batzuk kimioterapiako medikamentuekin kontaktuan jartzeko aukera murriztea. Horretarako, kontuz ibili behar da kimioterapian erabilitako substantzia kimikoak izan ditzaketen gorputz-jariakinekin, eta zorrotz kontrolatu behar dira etxeko medikamentuak.

Kimioterapia eta gorputz-jariakinak

Gorputz-jariakinak gorputzeko likidoak dira. Besteak beste, odola, gernua, jariakin genitalak, gorotzak eta gorakoak aipa daitezke.

Kimioterapiako medikamentuak hartzen dituzun bakoitzean, substantzia kimikoak gorputzeko jariakinetan egoten dira tratamenduan zehar eta baita ondoren ere, denbora batez.

Denbora hori pertsonaren araberakoa da, baita erabilitako farmakoaren araberakoa ere, nahiz eta kimioterapia gehienak hartu eta lehen 48 orduen ondoren desagertzen diren.

Ahoko kimioterapia behar bezala emateko arauak

Dentista
  • Gorde pastilla, kapsula eta injekzio guztiak leku seguru batean, haur eta animaliengandik urrun, eta etiketan azaldutako biltegiratze-jarraibideak bete.
  • Kimioterapia hartzerakoan arazorik edo zalantzarik baduzu, deitu medikuntza, erizaintza edo farmaziako erreferentziazko profesionalari aholku eman diezazun.
  • Bota orratz eta xiringa guztiak ontzi apropos batean, eta erreferentziazko farmazialariari galdetu hondakinak modu seguruan ezabatzeari buruz.
  • Itzuli soberako pastilla edo kapsula guztiak farmaziara, modu seguruan ezabatzeko.

Etxean hartu beharreko neurriak

  • Ez da beharrezkoa etxean obrarik egitea, baina garrantzitsua da garbi eta ondo aireztatuta egotea.
  • Garrantzitsua da higiene pertsonal egokia izatea. Gainera, eskuak kontu handiz garbitu beharko dituzu, batez ere komunera joan ondoren edo elikagaiak kozinatzen ari zarenean.
  • Alfonbrak eta gortina handiak kentzea gomendatzen da. Istripuak eta etxeko oihaletan hautsa pilatzea saihestu.
  • Oheko arropa garbi eduki eta izarak maiz aldatu.
  • Aukera edukiz gero, zuk bakarrik erabili komuna. Komuna partekatu behar baduzu, higiene-baldintza egokietan erabili.
  • Beherakoa izanez gero, edo kimioterapia-tratamendua jaso duzun egunean, komuna lixibarekin garbitzea gomendatzen da.