Endometriosis

Endometriosia gaixotasun kroniko bat da, non umetokiaren barruan hazten den antzeko ehuna -hilekoa izatean ezkatatu ohi dena (endometrioa) – , bere ohiko lekutik kanpo garatzen den eta organismoaren erantzun inflamatorioa eragiten duen. Kasuen %90ean baino gehiagotan, pelbiseko ehunetan izaten da, umetokiaren inguruan (obulutegiak, tronpak, hesteak, besteak beste)

Patologia horrek eragiten die ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10-15i, eta paziente batzuek sintomarik ez badute ere, beste batzuek mina eta/edo haurdunaldia lortzeko zailtasunak izan ditzakete.

Endometriosia hainbat modutan agertu ohi da: obulutegiko kisteak (endometriomak), nodulu fibrotikoak edo zikatrizialak (endometriosi sakona), atxikidurak, peritoneoaren gainazaleko inplanteak (mintz mehea da, eta organo guztiak estaltzen ditu pelbisaren eta abdomenaren barruan (azaleko endometriosia), edo inplanteak umetokiaren edo matrizearen lodieran bertan (adenomiosia).

Endometriosiak ez du sendabiderik, nahiz eta tratamendu-aukera bat baino gehiago dugun. Terapia indibidualizatua izan behar da, eta hainbat baldintzen araberakoa: adina, aurretiko kirurgiak, sintomak, haurdunaldiko desira, aurretiko tratamenduekiko erantzuna …

Zeintzuk dira arrazoiak?

Endometriosia eragiten duten kausak ez dira ezagutzen. Hainbat dira nola agertzen den azaltzeko teoriak: endometriosi-ehuna tronpetatik ateratzea hilekoa izatean (mestruazio retrograda izenekoa), gaixotasuna beste eremu batzuetan garatzea (metaplasia) edo gaixotasun hori odol-hodien edo hodi linfatikoen bidez zabaltzea.

Zeintzuk dira sintomak eta zeinuak?

Endometriosia duten emakume batzuek ez dute sintomarik. Nolanahi ere, sintomen intentsitateak ez du zertan zerikusia izan gaixotasunaren larritasunarekin eta hedadurarekin. Sintomarik ohikoena pelbiseko mina izatea da, batez ere hilekoa izan bitartean, baina badaude pelbisean mina eragiten duten beste patologia batzuk ere (infekzioak, digestio- eta gernu-gaixotasunak, besteak beste).

Pelbiseko mina gerrialderantz, perineorantz edo uzkiaren ingururantz zabaldu edo irradiatu daiteke, baita hanketara ere. Mina izan daiteke:

  • Hilekoa baino lehen edo hilekoa izan bitartean (dismenorrea).
  • Hilekoen artean, eta hilekoa izatean okerrera egitea.
  • Sexu-harremanetan edo sexu-harremanen ondoren (dispareunia).
  • Gorozkiekin (diskearekin) edo pixa egitean (disuriarekin).

Bestalde, endometriosiak zaildu egin dezake emakumea haurdun geratzea umetokian, obulutegietan eta tronpetan eragindako kaltearen ondorioz.

Ez dugu ahaztu behar, halaber, endometriosia duten emakume asko arazorik gabe geratu izan direla haurdun, eta haurdunaldia zaildu dezaketen beste arrazoi batzuk ere badaudela. Haurdunaldiak gaixotasunaren sintomak hobetu ohi ditu.

Nola diagnostikatzen da?

Endometriosis diagnostico

Arestian deskribatutako sintomek endometriosia dagoela susmatzeko aukera ematen dute, baina hori ebakuntza-gelan soilik egiazta daiteke. Hala ere, gaixotasuna tratatzeko ez da beti beharrezkoa diagnostikoa berrestea. Gaur egun, irudi-probak nahikoak izaten dira tratamenduari ekiteko, gaixotasunaren susmo handia egonez gero.

Historia klinikoak eta azterketa ginekologiko egoki batek bideratu ahal gaituzte proba osagarriak egitera; bereizmen handiko ekografia edo erresonantzia magnetikoa, besteak beste. Horien bidez, gaixotasunaren hedadura eta egituren balizko eragina ezagutzeko aukera dugu, gaixotasunari tratamendu indibidualizatu batez ekin ahal izateko.