Kimioterapia jasoko duten pertsonen elikadura garrantzitsua al da?

Gaixotasun hematologikoak (leuzemia, linfoma edo mieloma) prebenitzeko, eragiteko, tratatzeko edo sendatzeko gai den dietarik, elikagairik edo osagarririk ez badago ere, nutrizio egokia funtsezkoa da, bai kimioterapiako tratamenduan zehar, bai ondorengo errekuperazio-fasean zehar.

Gaixotasun hematologikoak eta tratamenduen albo-ondorioek eguneroko elikadura benetako erronka bihur dezakete, eta, behar bezala elikatzen ez bazara, desnutrizioa eta osasun-egoera orokorra okertzea eragin dezakete.

Jarraian azalduko ditugun gomendioen helburua hurbilketa orokor bat egitea da, nutrizio egokia izate aldera; hala ere, ez dute inoiz ordeztuko medikuek emandako gomendio zuzen bat.

Gomendio orokorrak

photo
  • Dieta askotarikoa eta orekatua izan, elikagaiak modu errazean prestatu, intentsitate handiko espeziak eta espezia pikanteak saihestu eta elikagai-talde guztiak jaten dituzula ziurtatu.
  • Otorduak maiz jan, kantitate txikitan. Egunean hiru otordu nagusi egin, hainbat aparteko otordutxorekin (gutxienez hamaiketako bat, merienda bat eta beste otordutxo bat oheratu aurretik). Ordutegi ahalik eta erregularrena izatea gomendatzen da.
  • Ebaki elikagaiak txiki-txiki, mantso jan eta ongi mastekatu.
  • Murriztu edari estimulatzaileen kontsumoa (kafea, tea, kola-freskagarriak, etab.). Ez hartu alkoholik: traba egin diezaioke tratamenduari. Edari karbonatatuak eta/edo azukredunak saihestea gomendatzen da.
  • Jan ondoren, eserita edo erdi altxatuta egon, etzan gabe.
  • Ur-zurrupada txikiak edan sarritan, ongi hidratatzeko. Egunean gutxienez litro eta erdi likido edan beharko duzu.
  • Ahoko higiene egokia izan, eskuila leuna erabiliz eta ahoa maiz garbituz.

Kozinatzeko gomendioak

  • Eskuak, platerak, ebakitzeko oholak, sukaldeko tresnak eta sukaldea bera garbi mantendu. Maiz aldatu sukaldeko belakiak eta trapuak.
  • Elikagaiak bereizi manipulatu eta prestatzen dituzunean. Erabili sukaldeko tresna desberdinak (labanak, ebakitzeko oholak…) haragi, arrain eta barazkietarako. Elikagai gordinak eta kozinatuak bereiz manipulatu eta gorde.
  • Gorde elikagaiak hotzean, eta ez hautsi hotz-katea. Kozinatu ondoren, egunean bertan kontsumitu edo hoztu.
  • Ez jan iraungitako produkturik edo egoera txarrean egon daitezkeenak.

Oro har, honako hauek saihestu:

  • Pasteurizatu gabeko esnekiak edo esneki freskoak: saihestu etxeko prestakinak, gazta hartzituak (gazta urdinak eta brie motakoak). Jogurt ez-industrialak, bai eta Lactobacillus bakterioz aberastutakoak ere (โ€œBIOโ€ izenekoak). .
  • Produktu gordinak edo gutxi kozinatuak: โ€œodola darienโ€ haragi edo arrainak, prestakin gordinak (tartarrak, carpaccioak, sushia…). .
  • Ez jan hanburgesategietan edo janari lasterreko frankizietan.

Oro har, behar bezala kozinatutako, pasteurizatutako, ontziratutako edo poteratutako elikagaiak jan ditzakezu.

Egoera bereziak

Gaixotasunaren edo erabilitako tratamenduen ondorioz, baliteke batzuetan hau gertatzea:

  1. Jateko gogorik eza eta azkar asetzearen sentsazioa.
  2. Goragalea edo gorakoak.
  3. Aho lehorra.
  4. Zauriak ahoan (mukositisa).
  5. Abdomeneko mina eta beherakoa.
  6. Idorreria.
  7. Dastamenaren eta usaimenaren alterazioak.

Lehenik eta behin, zerbitzu medikoari edo erizaintza-zerbitzuari jakinarazi beharko diozu sintoma horietakoren bat agertuz gero. Sintoma askok tratamendu espezifikorik ez badute ere, batzuk medikazioarekin edo neurri zehatzen bidez maneiatu daitezke. Jarraian aztertuko ditugu.

Egoera Kimioterapia-tratamenduko gomendioak
JATEKO GOGORIK EZA ETA AZKAR ASETZEAREN SENTSAZIOA
  • Gutxi jan baina sarritan (4-6 otordu egunean).
  • Aukeratu kaloria gehien* eta proteina gehien dituzten elikagaiak.
  • Jateko gogo handiena duzun unea baliatu otordu osoagoa egiteko.
  • Sartu mokaduak zure dietan: zereal-barrak, ogi txigortua indioilar-urdaiazpiko, izokin edo gaztarekin, patata frijituak, etab.
  • Jan bitartean atseden hartu, ez da beharrezkoa platera berehala amaitzea.

* Kaloria askoko janariak: Ogi txigortua olioarekin eta tomatearekin, esnea zerealekin, tortilla frantsesa edo patata-tortilla, gisatuak, lekaleak (dilistak, babarrunak…), pasta, sandwichak, pizza, etab.

GORAGALEAK ETA GORAKOAK
  • Medikazioa da goragalea eta gorakoak kontrolatzeko modurik egokiena. Jakinarazi zerbitzu medikoari edo erizaintza-zerbitzuari tratamenduarekin lotuta agertu diren, medikazio antiemetikoarekin prebenitzeko.
  • Gorakoen aurkako medikazioa hartzearen inguruan zalantzarik baduzu, galdetu hematologiako, erizaintzako edo farmaziako profesionalari.
  • Poliki jan, gutxi eta maiz (6 eta 10 otordu artean).
  • Bazkalostean, atseden hartu.
  • Jaki hotzak edo giro-tenperaturakoak jan, usain gutxikoak.
  • Koipe gutxiko elikagaiak jan (arraina, oilaskoa, indioilarra, etab.).
  • Saihestu jaki haizetsuak, hala nola lekaleak, aza edo azalorea.
  • Gorakoak tratamenduan zehar edo ondoren gertatzen badira, ez jan tratamenduaren aurreko bi orduetan.
  • Ez jan nazka edo goragalea eragiten dizun elikagairik.
  • Goragalea baduzu, ez behartu zeure burua jatera.
  • Ez kozinatu edo ez egon sukaldean kozinatzen ari direnean.
AHO LEHORRA
  • Ahoko higiene egokia izan behar duzu: ahoa sarri garbitu likidoarekin eta ahoko elixirrarekin.
  • Edan sarritan likido-zurrupada txikiak.
  • Gehitu saltsak elikagaiei.
  • Gaueko hezegailua erabil dezakezu.
  • Fruta azidoarekin, limoiarekin, menta-infusioarekin eta abarrekin egindako izotzak urtu ahoan.
ZAURIAK AHOAN
  • Murriztu elikagaien eta zauriaren arteko kontaktua: saihestu ahosabaian itsasten diren elikagaiak, elikagai lehorrak edo muturreko zaporeak dituzten espeziak.
  • Erabili saltsak (esnegaina edo gelatina) irenstea errazteko.
  • Ahoko higiene egokia izan, erabili eskuila leuna eta ahoa sarritan garbitu.
  • Elikagaiak eta edariak giro-tenperaturan edo hotzean kontsumitu.
  • Saihestu elikagai azidoak, pikanteak edo oso beroak.
  • Zauria orbaintzeko, eraginkorra izan daiteke ahotik hartzeko irakuzketak urarekin, bikarbonato-koilarakada batekin eta gatz-koilarakada erdiarekin nahastea. Bestela, kola-freskagarri karbonatatuko edo ur tonikoko irakuzketak erabil daitezke.
  • Mina ez bada ohiko medikazioaren bidez kontrolatzen, jarri harremanetan zerbitzu medikoarekin/erizaintzarekin: zauriek eragindako ondoeza kontrolatzeko medikazioa badago.
ABDOMENEKO MINA ETA BEHERAKOA
  • Gutxi baina sarritan jan (egunean 6-10 aldiz).
  • Hartu likidoak eta elikagaiak giro-tenperaturan.
  • Edan likido asko kantitate txikietan (1,5 eta 2 L artean egunean): garrantzitsua da gorputz-hidratazioari eustea.
  • Gantz gutxiko elikagaiak jan, modu errazean kozinatutakoak. Ez jan janari frijiturik.
  • Ez jan elikagai integralik, barazkirik eta esnekirik.
  • Ez jan elikagai pikanterik.
  • Ez jan zuntz askoko frutarik; platanoa, sagarra edo melokotoia jan.
  • Elikagai idorgarriak jan, hala nola arroza, patata egosia edo pasta, eta ez erabili saltsarik.
  • Beherakoa konpondu ondoren, elikagaiak berriro gehitu poliki-poliki.
  • Beherakoa kontrolatzea lortzen ez baduzu, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura joan.
MUKOSITISA
  • Ahoko aften (zauriak ahoan) eta beherakoen gomendio espezifikoak bete.
  • Fase horretan, saihestu haragi eta arrain gordinak, arrautza gordinekin egindako etxeko saltsak, pasteurizatu gabeko esnekiak, gazta mota guztiak eta garagardoa.

Fase hori igaro ondoren, arau orokorrei eutsi ahal zaie.

IDORRERIA
  • Edan likido asko (2-3 L ur egunean).
  • Gehitu zuntz askoko elikagaiak: barazkiak, frutak, zereal/pasta integralak, etab.
  • Erabili oliba-olioa janaria kozinatzeko eta entsaladan.
  • Saihestu gozagarri sendoak eta pikantea.
  • Egin ariketa fisikoa.
DASTAMENAREN ETA USAIMENAREN ALTERAZIOAK
  • Ahoko higiene egokia izan, eta otorduen aurretik eta ondoren ahoa garbitu.
  • Dastamena galduz gero: Elikagaiak belar aromatikoekin edo espeziekin ondu.
  • Usainak desatseginak egiten bazaizkizu: estali elikagaiak kozinatzean, ez egon sukaldean ahal den neurrian, eta zerbitzatu elikagaiak giro-tenperaturan eta ez prestatu berritan.
  • Zapore metalikoak hautematen badituzu: Erabili plastikozko mahai-tresnak jateko eta egurrezkoak kozinatzeko, hartu tea mentarekin/limoiarekin otorduetan eta kontsumitu fruta azidoa (limoia, laranja edo mandarina) zapore metalikoa kentzen laguntzeko.