Ostomia bat egiten denean, heste mehea (ileostomia) edo heste lodia (kolostomia), sabelaldeko paretan zehar kanporantz atera, eta larruazalean josten da; helburua da eginkari edo eduki fekalentzako irteera artifizial bat sortzea.

Ostomiak aldi baterakoak edo iraunkorrak izan daitezke, eta itxura eta kokapen desberdinak izan ditzakete. Estomatik ateratzen den hesteetako edukia poltsa batean jasoko da, zeina sabelaldeko hormari itsatsita edukiko baita, estoma inguratzen duela.

Estoma ostomiaren kanpoko zuloa da.

Ostomia-poltsak

  • Pieza bakarreko poltsak:Lamina itsaskorra eta poltsa pieza bakarra dira. Beraz, unitate bakarra dira. Sotilagoak dira, ez baitira hain handiak. Poltsa horiek jartzea eta kentzea errazagoa da. Eskuzko gaitasun txikiagoa duten pertsonek erabiltzeko modukoak dira. Gaur egun oso malguak dira. Estomaren inguruko larruazala egoera onean dagoenean erabiltzen dira. Larruazala gehiago narrita dezakete, etengabeko aldaketen ondorioz. Soluzio ona dira larruazaleko tolesturak dituzten estometan.
  • Bi piezako poltsak: Disko itsasgarria eta poltsa bereizita daude. Diskoak 3-4 egun egon daitezke, ostomizatutako pertsonaren erosotasunaren eta eginkarien arabera. Estomaren inguruko larruazala gutxiago narritatzen dute. Larruazala oso sentikorra duten pertsonentzat eta mendekotasuna dutenentzat dira egokiak. Ileostomietan erabiltzen diren gailuak dira. Eskuzko trebetasun gehiago behar da.

Itxura berrira egokitzea

Ostomia bat izateak gorputzaren irudia aldatzea dakar, eta horrek konfiantza galtzea eta arbuioa ere eragin dezake. Ostomia baten presentzia begiz onartzeak denbora behar du; komeni da pazientzia izatea, eta alderdi positiboak nabarmentzen eta negatibotasuna saihesten saiatzea.

Erosotasuna eta diskrezioa: Zer arropa jantziko dut?

Ostomiak ez du eragozpenik jarri behar eguneroko jarduerara itzultzeko. Gaur egungo gailuak oso diskretuak dira, eta aukera asko daude kokapenaren eta paziente bakoitzaren beharren arabera.
Garrantzitsua da arropa esturik ez erabiltzea, estoma edo poltsa estutu eta lesioak edo ihesak eragin ditzaketelako.
Ostomiekin lan egiten duen erizain bat dugu, eta hark prozesu osoan lagunduko dizu. Jaso ezazu haren laguntza erabakia hartzerakoan. Azal iezazkiozu sortzen zaizkizun zalantzak.

Etxean zer zainketa behar ditu estomak?

Garrantzitsua da estoma ondo garbitzea, gutxienez, egunean behin. Horretarako unerik egokienak goizeko lehen orduak edo otorduen aurrekoak dira, momentu horietan funtzionatzen baitu gutxien estomak.

Ostoma eta inguruko larruazala ur epelarekin, xaboi neutroarekin eta belaki leun batekin garbitu behar da, kalterik ez egiteko. Gero, estoma inguruko larruazala ondo lehortu behar da zapi leun batekin edo zelulosa askoko paper batekin, poltsa behar bezala itsatsita gera dadin eta ihesik ez izateko.

Gorputzeko garbitasuna, bainua edo dutxa, poltsa jarrita zein jarri gabe egin daiteke.

Elikadura orekatua eta osasungarria izango da. Segur aski baliagarria izango zaizu haizeak eragiten dituzten elikagaien edo eginkarien usaina aldatzen dituztenen berri izatea.
Gomendioak, usain txarreko eginkariak edo haizeak izanez gero: Poliki jan, elikagaiak ondo mastekatuz. Ez mastekatu txiklerik egunean zehar. Ez erre.

      • Haizeak eragiten dituzten elikagaiak: edari karbonatatuak, lekaleak (babarrun zuriak, txitxirioak), zainzuria, azalorea, brokolia, Bruselako azak eta aza.
      • Eginkarien usain txarra areagotzen duten elikagaiak: baratxuria, tipula, aza, ilarra, lekaleak (babarrun zuriak, garbantzuak), zainzuriak, arrautzak, arrain urdina eta bizigarri askorekin ondutako janaria.
      • Eginkarien usain txarra gutxitzen duten elikagaiak: jogurta, mamia edo gatzatua, gaztanbera, perrexila eta gurina (noizbehinka hartzeko).
      • Hauek dira estoma baten ezaugarri normalak: kolore gorria edo arrosa, hezea eta distiratsua, minik gabea eta, garbiketa egitean, erraz jar daiteke odoletan.
      • Estoma inguratzen duen larruazalak ez du narritaturik egon behar. Hala balitz, beharrezkoa da ostomietako erizainekin harremanetan jartzea.
      • Normala da odol apur bat agertzea estoma garbitzean edo lehortzean.
      • Estomaren inguruan ilea badago, punta motzeko guraize batzuekin moztu behar da, babes itsasgarria hobeto akopla dadin. Ez erabili depilazio-produkturik. Ez moztu inoiz bizar-labanaz.
      • Poltsak egunean zenbait aldiz hustu eta, higieneagatik, egunean behin aldatuko dira. Ez da komeni edukieraren 2/3 baino gehiago betetzen uztea.