Sistema linfatikoa drainatze-sare zabala da, gorputz-likidoaren mailak orekatzen lagundu eta gorputza infekzioen aurrean defendatzen duena. Hodi linfatikoen sare batek osatzen du, linfa gorputz osoan zehar garraiatzen dutenak.
Sistema linfatikoaren funtzio garrantzitsuenetako bat da gorputzeko ehunetatik soberan dagoen likido linfatikoa jasotzea eta odolera itzultzea. Prozesu hori beharrezkoa da ura, proteinak eta beste substantzia batzuk etengabe iragazten direlako odol-kapilarretatik gorputz-ehunetara. Sistema linfatikoak gehiegizko likidoa drainatzen ez badu, gorputzeko ehunetan pilatuko da eta horiek puztu egingo dira.
Zer da Linfedema?
Linfedema da bularreko minbiziaren kirurgiaren eta erradiazio-terapiaren balizko albo-ondorio bat, eta tratamenduaren ondorengo hilabeteetan edo urteen buruan ager daiteke.
Linfa gorputzean zirkulatzen duen likido gardena da, ehunetako hondakinak, eta bakterioak eta beste substantzia batzuk ezabatzeko baliatzen da. Edema bat likido gehiegi metatzea da. Beraz, linfedema gorputzeko eremu batean linfa gehiegi pilatzen denean gertatzen da. Bularreko minbiziaren tratamendua jaso zuten pertsonengan linfedema bat gertatzen bada, oro har, besoan eta eskuan agertu ohi da, baina batzuetan bularrean, besapean, toraxean, gorputz-enborrean edo bizkarrean eragin dezake.
- Sintomak
- Nola prebenitu linfedema
- Tratamendu mota
- Prebentziorako baliabideak
- Zure eskura dagoen ekipoa
Beso edo hanka batean linfedema duten pertsonek sintoma hauek izan ditzakete:
- Hantura besoaren edo hankaren alde batean.
- “Astuntasun” sentsazioa.
- Mugikortasuna ahultzea edo gutxitzea.
- Eraztunak, erlojuak edo arropa ohi baino gehiago estutzen hasten dira.
- Eragozpenak.
- Larruazal gogortua.
- Laranja-azalaren itxura (hantura zulo txikiekin).
- Zainak eta hezur-erliebeak desagertzea.
Sintomak hasten bazaizkizu (bolumena handitu), larrialdi-zerbitzura joan beharko duzu eta/edo zita hartu errehabilitazioko medikuarekin, kausa posibleak baztertzeko eta kongestioa arintzeko tratamendua behar den erabakitzeko.
Linfa kanporatzeko gaitasuna gutxitzean, infekzio-arriskua (linfagitisa) areagotzen da. Infekzioaren sintomak dira larruazala gorritzea, min handia erasandako besoan edo hankan, sukarra edo bat-bateko hantura. Kasu horietan, garrantzitsua da osasun-zentro batera joatea asistentzia medikoa jasotzeko.
Linfedemaren prebentzioa kirurgiaren ondoren hasi behar da, eta eguneroko zainketa oso errazak behar ditu. Komeni da ahalik eta lasterren arnasketa- eta mugikortasun-ariketen programa bat hastea. Ariketa horiek emeki, geldo eta “erreboterik” gabe egingo dira mugimenduaren amaierara iristean.
Gaur egun linfedemaren tratamenduaren inguruan adostasun handia dago gai horretan diharduten mediku espezialisten artean. Linfedema agertuz gero, edo linfedema deskonpentsatuz gero, kausa posibleak aztertu eta tratatu ondoren, pazientearekin bat datorren tratamendua egingo da, kongestioa arintzeko terapiaren bidez:
- Neurri higieniko-dietetikoak.
- Ariketa fisikoak.
- Konpresio-neurriak.
- Eskuzko drainatze linfatikoa.
- Presoterapia.
- Linfotropa-medikazioa.
Linfadenektomizatutako pazienteari hitzordua ematen zaio errehabilitazioko medikuaren eta fisioterapeutaren 45 minutuko saio bikoitz baterako. Bertan, linfedemaren profilaxi-arauak azalduko zaizkio ahoz.
Linfedemaren eskola
San Juan de Dioseko ibilaldia
Bularreko minbizia diagnostikatzen zaizun unetik, minbiziaren arloko espezialisten talde batekin lan egingo duzu. Linfedemak prebenitzeko unitatearen errehabilitazio-taldearen partaideak gara:
Mediku errehabilitatzailea
Maria Teres Torralba Puebla doktorea
Fisioterapeuta
Maria Begoña Zamarripa Cuesta
Ospitaleko kokapena eta tratamenduen ordutegia
Errehabilitazio-zerbitzua Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko A blokeko 2. sotoan dago.
Sarrera nagusitik eta erdiko korridoretik sar zaitezke, hondoraino joan eta bi solairu jaitsi.
Bestela, ospitalera kanpoko kontsultetatik sartu eta igogailuan pisu bat jaitsi.
Nolakoa izango da nire prozesua?
Pazientea ospilaretatu dagoen bitartean solairuan artatzen da, eta/edo Gurutzetako ospitaleko errehabilitazio-zerbitzuko linfedema prebenitzeko unitatean, asistentzia-jakinarazpen bat jasoz gero. Bertan, egin beharreko ariketak adieraziko dizkizute, eta, linfedema prebenitzeko jarraibideak, beharrezko bada.
Kontsultan, pazientea miatu ondoren, tratamendu fisioterapikorik behar duen edo etxeko tratamenduarekin jarraitu behar duen zehaztuko da.
Erradioterapia egin eta hilabetera, hautagaia izanez gero, kontsultan artatuko da berriro, fisioterapia behar izateko edozein muga dagoen ikusteko.