Bularra hodien bidez konektatzen diren lobuluz eta lobulutxoz osatuta dago, eta hori guztia bularrari trinkotasuna eta bolumena ematen dion gantzez inguratua dago. Esnea lobuluetan eratzen da, eta hodi galaktoforo horietatik titiburura iristen da.

Bularreko minbizia bularreko guruin-ehunean sortzen den tumore gaiztoa da.

Tumore-zelulak bularreko guruin-ehunetik datozenean eta gai direnean aldameneko ehun osasuntsuak inbaditzeko eta urruneko organoetara iritsi eta haietan ezartzeko, bularreko minbiziaz mintzo gara.

Nola garatzen da bularreko minbizia?

photo

Zelula normal bat gai da zatitzeko, hazteko eta, denboraren poderioz, baita hiltzeko ere. Minbizi-zelulek, berriz, zelula normalak ez bezala, kontrolik gabe hazten eta zatitzen jarraitzen dute, eta ez dira hiltzen hala dagokienean. Tumoreak autoerregulazio-mekanismo horiek huts egiten dutelako sortu ohi dira.

Zelula horiek, kontrolik gabe hazteaz gain, inguruko ehun eta organoak inbaditzeko (infiltrazioa) eta organismoko beste zati batzuetara joateko eta haietan ugaltzeko (metastasia) gaitasuna dutenean, tumore gaizto bat dela esaten dugu, eta horri “minbizi” deitzen diogu.

Bularreko minbizia bularreko guruin-ehunean sortzen den tumore gaiztoa da. Hazkunde lokala izan dezake, eta inguruko egiturei erasan diezaieke, besteak beste, pareta torazikoari (muskuluak eta hezurrak) eta larruazalari. Horrez gain, sistema linfatikoan zehar barreia daiteke, bularreko hodi linfatikoen sarearen bidez, beste gongoil linfatiko batzuetara: besapekoetara (hori izan ohi da ohikoena) edo bularreko barne arteriaren eremuan daudenetara (toraxaren erdiko gunean) eta klabikula gainekoetara.

Barreiatzeko beste bide bat bide hematogenoa da. Odol-hodien bidez, tumore-zelulak gorputzeko beste atal batzuetara irteten dira, eta beste organo batzuetara irits daitezke, hala nola hezurretara, biriketara, gibelera eta larruazalera. Horri “metastasi” esaten zaio.

Arrisku-faktoreak

«Arrisku-faktore» bat zerbait gertatzeko arriskua areagotzen duen edozer gauza da, kasu honetan, bularreko minbizia garatzeko arriskua. Arrisku-faktore gehienak aldaezinak dira; esate baterako, adina, familia-aurrekariak eta aurrekari pertsonalak. Alabaina, beste batzuk alda daitezke; esate baterako, pisua, ariketa fisikoa eta alkohol-kontsumoa.

Bularreko minbizi gehienak esporadikoak dira. Horrek esan nahi du, gehienera jota, kasuen % 10ean soilik topatzen dugula arrazoi genetiko bat bularreko minbiziari, hau da, 10 pazientetik bati. BRCA1, BRCA2 eta PALB2 geneak dira mutatzeko eta bularreko edo obulutegiko minbizia garatzeko arriskua areagotzen duten hiru gene ezagunenak.

Badakigu BRCA1 genean mutazio bat duten emakumeek % 55 eta % 65 bitarteko arrisku absolutua dutela 70 urterekin bularreko minbizia izateko. Horrek esan nahi du mutazio horien eramaile diren 100 emakumetik 55-65 inguruk bularreko minbizia gara dezaketela 70 urte izatera iristen badira. BRCA2 genea mutatuta daukaten emakumeen kasuan, arriskua pixka bat txikiagoa da: % 45.

photo