Diagnostikoari buruz…

  • Mamografia egin dut duela hilabete batzuk, nola da posible?

    Mamografia da bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarrerako probarik onena; hala ere, irudi-proba guztiak bezala, ez da perfektua eta detekzio-tasa ez da % 100ekoa. Bularreko minbizi-kasuen %20 nekez detektatzen dira soilik mamografiaren bidez. Horri negatibo faltsu esaten diogu. Batez ere, maizago gertatzen da bular trinkoak dituzten emakume gazteetan eta tumore mota batzuetan, hala nola, lobulu-kartzinoma infiltratzailea.

  • Nola erreakzionatuko dut? (Shocka, ukapena, tristura, onarpena …) Nola kontatuko diot familiari?

    Bularreko minbiziaren diagnostikoa kudeatzea zaila izaten da batzuetan, bai gaixotasun hori duen pertsonarentzat, bai haren senide eta lagunentzat.

    Oso normala da pazienteak beldurra izatea horrelako egoera baten aurrean, eta horrek ustekabeko aldaketa dakar bere bizitzan. Oro har, denbora behar izaten da egoera onartzeko eta hari aurre egiteko. Ziurrenik, pazientea fase desberdinetatik igaroko da: “Hasierako shock” fasea, ukapena edo sinesezintasuna eta tristura. Beste batzuetan, “Zergatik ni?” galdetu, eta beldurra edo haserrea sentituko du. Azkenik, onarpen-fasea iristen da, oro har tratamenduarekin bat datorrena, eta pixkanaka gaixotasunari aurre egiten zaiola ikusten da.

    Batzuetan oso zaila izaten da familiari berari kontatzea, baina gomendagarria da, laguntzarik handiena izango baita. Egitea ala ez, eta egiteko unea pazienteak berak erabakitzen du. Ziur aski, familiako kide bakoitzak modu desberdinean egingo dio aurre gaixotasunari. Seme-alaba txikiak edo nerabeak badituzu, oso garrantzitsua da haiekin hitz egitea. Haurrek, oro har, ez dute ulertzen zer gertatzen ari den, baina zerbait gertatzen dela nabarituko dute, eta helduek baino gaitasun handiagoa izaten dute kontrako egoeretara egokitzeko. Batzuetan, batez ere nerabezarotik gertuago dauden adinetan, hainbat modutan erantzun dezakete: errebeldia, gehiegizko erantzukizuna edo arreta deitzea…

Kirurgiari buruz…

  • Zenbat denbora itxaron beharko dut operatu arte?

    Oro har, gehieneko denbora hilabetekoa izaten da, pazientea itxarote-zerrenda kirurgikoan sartzen denetik.

  • Interbentzio berean bularra berreraiki ahal da? Bestela, noiz berreraikitzen da

    Bularra berreraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakia oso pertsonala da, eta informazio onean oinarritu behar da. Bularra berehala berreraiki daiteke kirurgia egin ondoren edo handik denbora igarota, hilabete edo urte batzuetara.

    Kasu gehienetan berreraikuntza kirurgia berean egin daiteke, berehalako berreraikuntza deritzona. Hala ere, badaude kontraindikazio absolutu batzuk (bularreko hanturazko kartzinoma), eta kasu horietan komeni da geroratzea. Pazienteak, mastektomia egin ondoren erradioterapia hartu behar duenean, ez dago kontraindikaturik berehala berreraikitzea, baina azken emaitza estetikoa arriskuan jar dezake erradioterapiak (irradiatutako protesiak zuntz bihurtzen dira, eta gogortu egin daitezke, mina, deserosotasuna eta zapalketa-sentsazioa eraginez). Hori ez da beti gertatzen, baina pazienteari azaldu behar zaio, erabakia har dezan.

  • Zer kirurgia mota lokalizatutako minbiziarentzat?

    Bularreko minbizian bi kirurgia mota daude: “Kirurgia kontserbatzailea” eta mastektomia. Kirurgia kontserbadorea da tumorea erauzi eta inguruko bular-ehun osasuntsua mantendu. Beraz, bularra kontserbatzeko aukera ematen duen tratamendua da, baina bolumen jakin bat galduta. Lesioak handiagoak direnean edo bularreko eremu zehatz batzuetan daudenean, emaitza estetiko egokia baldintzatu dezakete, baita konponketa plastikoko teknikak baliatzen badira ere (kirurgia onkoplastikoa). Kasu horietan, mastekomia egin behar da edo guruina erabat erauzi. Funtsezkoa da egindako kirurgiak lesioaren erauzketa osoa bermatzea, tumorerik gabeko erresekzio-marjinekin.

  • Zer anestesia-mota erabiliko dute?

    Oro har, anestesia orokorrarekin egiten da.

  • Zenbat irauten du esku-hartzeak?

    Ebakuntzak 60 eta 120 minutu bitartean irauten du. Berreraikuntza-teknikak egiten diren kasuetan, iraupena luzeagoa da eta egindako teknika motaren araberakoa izango da.

  • Ingresatuta geratuko naiz?

    Egindako kirurgiaren arabera. Gongoil zelatariaren biopsia duen kirurgia kontserbatzailea bada, pazienteak ordu batzuk emango ditu behaketan bizkortze-unitatean, eta dena zuzen badago, alta emango zaio etxera. Hala ere, mastektomia eta/edo besape-hustuketa bat egiten den kasuetan, pazientea ospitalizazio-solairuan ingresatuta geratzen da.

  • Zenbat egunetan geratuko naiz ingresatuta?

    Ingresu-egunak oso aldakorrak dira, egindako kirurgiaren eta titiburuetatik ateratzen den likidoaren araberakoak. Batzuetan, alta goiztiarrak plantea daitezke, etxeko ospitaleratze-zerbitzuarekin daukagun lankidetzari esker; horrela, infekzio-arriskua areagotzen duten ospitaleratze luzeak saihesten dira.

  • Zer da gongoil zelataria?

    Gongoil horretara edo horietara drainatzen da, lehenik eta behin, bularretako linfa-sistema (batzuetan bat baino gehiago dira). Gongoil horrek ez badu tumorerik, ez da beharrezkoa gainerako gongoilak kentzea, eta, Kaltetuta egonez gero, zenbait kasutan besapeko linfadenektomia egin behar izaten da edo besapeko gainerako gongoilak hustu.

  • Lan egin ahal izango dut?

    Bularreko minbiziak lan-bizitzan duen eragina aldakorra da, pertsonaren beraren eta egiten duen lanaren araberakoa. Ez da derrigorrezkoa lan egiteari uztea, paziente bakoitzaren erabakia da. Pertsona batzuek ez egitea nahiago duten bitartean, beste batzuek lan egitea erabakitzen dute, tratamenduak iraun bitartean.

  • Nola geratuko zait bularra?

    Operatutako eta erradiatutako bularra desberdina da. Gaur egun, bularreko minbiziaren kirurgia gero eta kontserbadoreagoa da, eta horrek emaitza estetiko hobeak eta ondorio fisiko txikiagoak lortzea ahalbidetzen du. Gainera, guruina erabat erauzi behar den kasuetan, normalean kirurgia berean berreraikitzen da, eta horrela, eragin psikologikoa murrizten da.

    Baina ezin dugu ahaztu, oro har, kirurgiak eta erradioterapiak bularra baldintzatzen dutela, eta, ondorioz, bular osasuntsua baino zertxobait txikiagoa, trinkotasun gogorragoa eta larruazala ahulagoa izateko joera du. Batzuetan, benatxoak ager daitezke larruazal erradiatuan (telangiektasiak).

  • Zer da markaketa?

    Erradiologia Zerbitzuak bularretako lesio ez-hautemangarriak markagailu baten bidez (arpoi edo hazi magnetiko bat normalean) lokalizatzen ditu, zirujauari lesioa erabat erauzten laguntzeko eta ahalik eta ehun osasuntsu gehien mantentzeko. Ez da aurretiko prestakuntzarik behar.

    Kirurgiaren egun berean egiten da, normalean pazientea etzanda edo eserita dagoela. Zonaldea garbitu eta anestesiko lokal bat eman. Jarraian, arpoia jarriko dugu, eta mamografia baten bidez ondo jarrita dagoen egiaztatuko dugu. Azkenik, arpoia finkatzen da, interbentzioa egin arte mugitu ez dadin.

    Komeni da pazientea norbaitekin etortzea, pertsona askori orratzek erasan egin ohi diote, eta horrek batzuetan molestia txikiak eragin ditzake (nerbioak, antsietatea, zorabioa …).

  • Zer da arpoia?

    Arpoia amu-formako punta bat duen alanbre fina da, eta erauzi beharreko lesioan ainguratzen da. Zurujauak arpoia baliatzen du gida gisa, ukigarriak ez diren bularretako lesioen exegesia zehatz-mehatz egiteko, eta ehun osasuntsu ahalik eta gutxien eramateko.

  • Gongoilak kenduko dizkidate?

    Axilaren gongoilak aztertzea funtsezkoa da gaixotasuna zein fasetan dagoen eta nola tratatu jakiteko.

    Paziente askoren kasuan, nahikoa izango da gongoil zelataria kentzea (edo gongoilak , batzuetan bat baino gehiago dira eta), gongoil horietara drainatzen da, lehenik eta behin, bularretako linfa-sistema. Gongoil horrek ez badu tumorerik, ez da beharrezkoa gainerako gongoilak kentzea, eta, kaltetuta egonez gero, zenbait kasutan besapeko linfadenektomia egin behar da edo besapeko gainerako gongoilak hustu.

  • Zer behar dut protesia lortzeko?

    Ospitalean alta ematean edo kontsultetan, zure medikuak betetako bolantea emango dizu, ortopedian aurkezteko eta eskaera egiteko.

  • Osakidetzak finantzatzen du protesia?

    Protesi finkoak edo silikonazko protesiak Osasun Sistema Publikoak finantzatzen ditu. Hala ere, ileordeak ez.

    Protesiei dagokienez, Osasun publikoak ez ditu barne hartzen hasierako bularreko protesiak, baina AECC elkarteak doan ematen ditu. Protesi finko edo silikonazkoei dagokienez, orain arte Osasun Publikoak finantzatzen ditu, %90 eta %100 artean.

    Protesi finkoak edo silikonozkoak ospitaleak edo osasun-zentroak berak eskatzen ditu.

    AECC elkarteak ileordeak mailegatzeko eta laguntza ekonomikoak emateko zerbitzua eskaintzen du, premia ekonomiko handieneko kasuetarako eta pazienteak berak eskuratzeko aukerarik ez duenerako.

  • Noiz hasi ahal naiz erabiltzen eta noiz arte?

    Kirurgiaren ondoren jartzen den lehen protesia ehuna izaten da. Zauria orbaindu ondoren, dentsitate desberdinetako silikonekin egindako kanpoko protesi bat jartzen da, bularralde naturalaren ahalik eta pisu eta portaera antzekoena lortzeko.

  • Noiz joan behar dut sendaketak egitera eta zenbat denboraz?

    Oro har, bularretako ebakuntza egin zaien pazienteak 24-48 orduz mantendu beharreko bendaje konpresibo batekin irten ohi dira ebakuntza-gelatik. Denbora hori igarotakoan, erretiratu egingo da eta zure ANBULATORIORA joan beharko duzu zainketa lokalak egitera. Beste kontrol bat behar izanez gero, zure medikuak/erizainak emango dizu horren berri.

  • Noiz hasi ahal naiz dutxatzen?

    Interbentzioaren 4. egunetik aurrera dutxatu ahal izango zara, zauria ukitu gabe lehortzean. Ondoren, garrantzitsua da eremua betadinerekin desinfektatzea eta gazak jartzea.

  • Ingresatuta egon bitartean, kirujau onkologikoa egongo da nirekin?

    Ospitaleratuta zauden bitartean, mediku espezialistek (ginekologoa, zirujau plastikoa) zure bilakaera kontrolatuko dute, eta zure egoera eta etxeko alta emateko une egokia baloratuko dute.

Nire egunerokotasunari buruz…

  • Gidatu ahal dut?

    Bai, baina kirurgia egin eta gutxienez 2 aste igaro arte ez gidatzea gomendatzen da, eta minerako medikazioa hartzeari utzi arte.

  • Elikadura egokirik badago?

    Elikagai osasungarri ugariko dieta bat egitea gomendatzen da, hala nola lekaleak, barazkiak, zerealak, frutak, esnekiak eta zuntza. Funtsezkoa da behar bezala hidratatzea, tratamenduek deshidratazioa eragin baitezakete. Saihestu tabakoa eta alkohola, bai eta gatza eta koipeak ere.

  • Desodorantea erabil dezaket?

    Ez dago desodorantearen erabilera eta bularreko minbizia erlazionatzen dituen froga zientifikorik.

  • Bainatu ahal izango naiz igerilekuan edo hondartzan prozesuak iraun bitartean?

    Bainuak, oro har, ez daude kontraindikatuta. Orbaintze-prozesuan dauden zauriak izanez gero, saihestu egin behar dira.

  • Tindatu ahalko dut ilea, berriro irteten zaidanean?

    Ilea berriro hazten da tratamendua amaitu eta 2-3 hilabetera. Oro har, tratamenduaren aurretik baino dentsoagoa, kizkurragoa eta kanosoagoa da ilea, baina tindatu egin daiteke, edonola ere lehenengo 2-3 hilabeteetan amoniakoa duten ile-tinduak saihestea gomendatzen da.

  • Ariketa egin ahal dut?

    Komeni da ariketa fisiko aerobiko eta jarraitua egitea, tratamenduek eragindako muskulu- eta osteoartikulazio-mailako ondorio kaltegarriei aurre egiten saiatzeko.

  • Eguzkia har dezaket?

    Eguzkiaren esposizio kontrolatua onuragarria da, animo-egoera hobetzen du eta D bitamina sortzea errazten du. Hala ere, esposizio luzeak eta eguneko ordu nagusietan kimioterapia mota batzuen albo-ondorioak okerragotu ditzake. Eguzki-babeseko faktorea duen krema erabili behar da beti, bereziki erradiatuta dauden edo orbain berriak dituzten eremuetan eta, gainera, estalita mantendu behar dira.

  • Joan naiteke masajeak ematera?

    Masajeak dira gorputzeko ehun bigunak manipulatzeko eskuzko metodoak, eta eskuak, hatz-puntak eta ukabilak baliatu ohi dira. Minbiziagatik tratamenduan dauden pazienteen kasuan, kimioterapiak gorputzean eragindako mina, nekea, goragalea, antsietatea, depresioa eta inpaktua murrizten laguntzen du masaje-terapiak. Era berean, antsietatea murrizten du eta ongizate handiagoa ematen du gaixotasun horrek maila emozionalean eta fisikoan dituen erronkak gainditzeko. Funtsezkoa da prestakuntza eta esperientzia duten profesionalengana joatea.

  • Neure buruari begiratzeko gai izango naiz?

    Bularreko minbizia tratatu bitartean eta ondoren nork bere gorputzarekin ondo sentitzen ikastea esperientzia pertsonala da, emakume bakoitzarentzat desberdina dena. Informazioa eta laguntza-taldeak oinarrizkoak izan daitezke aldaketa horiei aurre egiteko.

Nire familiari buruz…

  • Nire bikotekideak arbuiatuko nau?

    Zalantzarik gabe, tratamenduen ondorioz gertatzen diren aldaketa fisikoen ondorioz, zenbait emakume ez dira hain eroso sentitzen beren gorputzarekin, eta horrek beren sexualitateari egiten dio. Egoera horrek bikotekideari ere eragin diezaioke.

    Gizon gehienek prozesuan alboan izatea eta laguntzea lortzen dute, nahiz eta denbora behar duten beren bikotekideari gertatzen zaiona barneratzeko. Hala ere, beste gizon batzuek, ez dakite beren emazteak pairatzen dituen sufrimenduei aurre egiten, eta larritu egiten dira emakumearen gabeziaren edo gaixotasunaren aurrean. Gizon batzuen kasuan, larritasun hori bere emaztearekiko arbuioa bilakatzen da. Ez da oso ohikoa, eta, oro har, aurretik hondatuta zeuden harremanetan gertatzen da, edo, bestela, beren bikotekideak pairatzen duen gaixotasunaren larritasuna eta garrantzia ukatu, eta egoeraren beldur diren gizon heldugabeen kasua da.

  • Bularretako minbizia heredatzen da?

    Bularreko minbizi gehienak esporadikoak dira. Kasuen % 5-10 soilik jotzen da hereditariotzat. Garrantzitsua da familiako historia kliniko zuzen eta zehatza egitea, eta, susmorik badago, zer urrats egin behar diren jakinaraziko zaizu.

  • Nola eragin diezaiokete nire ondorengoei?

    Emakume batek bularreko minbizia izateko duen arriskua handiagoa da haren amak, ahizpa batek edo alaba batek (lehen mailako ahaideak) edo familiako kide batzuek (aitaren edo amaren aldetik) bularreko minbizia izan badute. Hala ere, bularreko minbizien % 5-10 baino ez dira hereditarioak.

    Kasu bakoitza baloratu behar da, gutxi gorabeherako arriskua zehaztu, horren jarraipen egokia egin ahal izateko.

  • Seme-alabak eduki ahal izango ditut?

    Haurdunaldiak berez ez du eraginik bularreko minbizia duten pazienteen pronostikoan, betiere behar dituzten tratamenduak oztopatzen ez baditu. Horregatik, zure mediku espezialistarekin kontsultatutako erabakia izan behar da, kasuaren banakako balorazioa egiteko.

    Bularreko minbizia tratatzeko erabiltzen diren kimioterapia-lerro nagusiek antzutasuna eragiten diete pazienteei; horregatik, garrantzitsua da gaia tratamenduak jaso aurretik lantzea eta, beharrezkoa bada, ugalkortasuna babesteko teknikak eskaintzea (obuluak izoztea, obuluak laborategian heltzea, etab.).

    Neurri horiek hartzeko erabakiak banakakoa izan behar du; pazientearen adina eta tumore mota hartu behar dira kontuan.

  • Haurdun gera naiteke prozesuan zehar?

    Haurdunaldiak berez ez du eraginik bularreko minbizia duten pazienteen pronostikoan, betiere behar dituzten tratamenduak oztopatzen ez baditu. Horregatik, zure mediku espezialistarekin kontsultatutako erabakia izan behar da, kasuaren banakako balorazioa egiteko.

    Gomendatzen da haurdun ez geratzea beharrezko tratamenduak amaitu arte, horietako asko ez baitira haurdunaldiarekin bateragarriak (erradioterapia, hormonoterapia …). Hala ere, minbiziaren diagnostikoa haurdunaldiarekin batera gertatzen bada, mediku espezialistekin kontsultatu behar da beti, kasu bakoitzean erabakirik egokiena zein den elkarrekin baloratzeko. Haurdunaldia eteteak ez du pronostikoa hobetzen; hala ere, haurdunaldiaren etenaldia baloratu behar da fetuarentzat kaltegarriak izan daitezkeen kimioterapia eta/edo erradioterapia eman behar direnean (haurdunaldiaren 1. hiruhilekoan).