Bularreko minbiziaren kirurgia tratamenduaren funtsezko parte bat da. Ebakuntza baten bidez tumorea erauztean datza. Oro har, egin beharreko lehen tratamendua izaten da; alabaina, batzuetan 4tik 6 hilabete bitartera atzeratzen da, tratamendua kimioterapiarekin edo hormona-terapiarekin hasteko.

Zergatik kirurgia?

Bularreko minbizia diagnostikatu zaien paziente gehienei kirurgia motaren bat egiten zaie tratamenduaren parte gisa.

Helburu nagusia da tumorea lokalki kentzea, eta pazientea gaixotasunaren zein etapatan dagoen jakiten saiatzea; horretarako, gongoil linfatikoak aztertzen dira.

Beharrezkoa bada, eta pazienteak hala nahi badu, kirurgiaren barruan bularra berreraikitzeko eta beste bularra simetriko egiteko teknikak sartuko dira, emaitza estetiko hobeak lortzeko.

Horretaz gain, tumorea fase aurreratuan dagoen kasu batzuetan, sintoma lokalak (odol- eta zorne-jarioak…) arintzeko erabil daiteke kirurgia.

Diziplina anitzeko batzorde batean adosten da zer kirurgia mota egin; horretarako, paziente bakoitzarentzat egokiena izango den alternatiba aukeratzen da, pazientearen eta tumorearen ezaugarri fisikoetan oinarrituta.

Zer ebakuntza mota?

Bularreko minbiziari dagokionez, bi kirurgia mota daude: “kirurgia kontserbatzaile” deiturikoa eta mastektomia.

Cirujía conservadora

Kirurgia kontserbatzailean, tumorea eta tumorearen inguruko bular-ehun osasuntsuaren marjina bat erauzten dira. Beraz, tratamendu horrekin bularra mantendu egiten da, bolumen pixka bat galtzen bada ere.

Lesioek tamaina handiagoa dutenean edo bularreko toki zehatz batzuetan daudenean, zaila izan daiteke emaitza estetiko ona lortzea, baita konponketa plastikoko tekniketara (kirurgia onkoplastikoa) jotzen bada ere. Kasu horietan mastektomia edo gongoil osoaren erauzketa egin behar da.

Ezinbestekoa da kirurgiaren bidez lesio osoa eta tumorerik gabeko erresekzio-marjinak erauztea. Kirurgia kontserbatzailea egiten zaien 10 emakumetik bati, gutxi gorabehera, berriro egin beharko zaio ebakuntza marjina horiek handitzeko (edo behin betiko mastektomia, aurrekoa ezinezkoa bada).

Informazio hori pieza kirurgikoaren azterketa anatomopatologikoa egin ondoren lortzen da. Azterketa hori egiteko, bi aste inguru behar dira.

mastectomia

Azaldu dugun bezala, mastektomia egiten denean bular osoa erauzten da, areola eta titiburua barne. Ebakuntza horretan bertan berreraiki daiteke bularra (berehalako berreraikuntza); beste aukera bat da berreraikuntza beste une baterako uztea (berreraikuntza geroratua) edo, besterik gabe, berreraikuntzarik ez egitea.

Kasu horretan, pazienteak bularraren bolumen osoa galduko du, eta orbain bat geldituko zaio toraxaren aurreko aldean (eskuarki, horizontala edo zeharkakoa), saihetsak estaltzen dituzten muskuluen gainean.

Hautu kirurgiko bat edo bestea egitea tumorearen eta pazientearen ezaugarrien mende dago. Batzordearen iritziz aukera egokiena zein den jakinaraziko dio profesionalak pazienteari; alabaina, ezin dugu ahaztu pazientearen beraren iritzia oso garrantzitsua dela. Bular gaixoaren aldeko besapeko gongoilak aztertzea da bularreko minbiziaren kirurgiaren beste parte bat.

Duela urte batzuk, teknika estandarra linfadenektomia axilarra edo gongoil axilarren erauzketa zen; alabaina, gaur egun, teknika hori besapeko gongoilak hasieratik baldin badaude ukituta aplikatzen da funtsean. Gaur egun, “gongoil zelatariaren biopsia selektiboa” da kasu gehienetan aplikatzen den teknika estandarra. Teknika horren bidez murriztu egiten da pazienteen morbilitatea: ondoeza, mina, aldaketak larruazalaren sentikortasunean, besoaren bolumena handitzea (“linfedema” izenez ezaguna).

Gongoil zelatariaren biopsia selektiboaren helburua da tumorea, besaperaino helduta balego, bertara drainatuko litzatekeen lehen gongoilak identifikatzea eta aztertzea.

Bi pausotan egiten da: lehen pausoan, oro har, ebakuntzaren aurreko egunean edo ebakuntza egin baino ordu batzuk lehenago, pazientea medikuntza nuklearreko zerbitzura joaten da; han substantzia bat injektatzen diote (erradiofarmako bat, zeinak gongoiletara tumore-zelulek egingo luketen moduan migratzen baitu) eta gammagrafia bat egiten diote; hala, gongoil horiek lokalizatzeko modua ematen duen irudi bat lortzen da.

Gero, ebakuntza-gelan, mediku nuklearrak eta kirurgialariak gongoil horiek identifikatu, isolatu, eta erauziko dituzte. Eta anatomia patologikoko zerbitzuak aztertu egingo ditu, tumoreak erasan dien ikusteko.

Biopsia ganglio linfático centinela