Haurdun dagoen emakume baten bularreko minbiziaren diagnostikoa ez da oso ohikoa, baina haurdun dauden emakumeen artean 1/3000-10.000 ere gerta daiteke. Haurdunaldian bularrak izaten dituen aldaketen ondorioz, batzuetan diagnostikoa zaila izaten da, eta atzeratu egiten da. Horregatik, ohikoa da, oro har, tumoreak haurdun ez dauden emakumeengan baino fase aurreratuago batean diagnostikatzea.
Tratamendua diagnostikatzen den haurdunaldiaren unera egokitu behar da, baita tumore mota eta fasera ere. Lehen tratamendua kirurgia izan ohi da, eta, orokorrean, gehien erabiltzen den teknika mastektomia erradikala da; izan ere, kirurgia kontserbatzailearen ostean erradioterapia eman behar da, nahitaez, eta ezin da haurdunaldian eman. Edonola ere, erditu arte atzeratu badaiteke, kirurgia kontserbatzailea egin daiteke.
Gongoil zelatariaren biopsia selektiboaren teknika ez dago kontraindikatuta haurdunaldian. Kimioterapia behar izanez gero, ez da lehenengo hiruhilekoan eman behar, fetuaren malformazioak eragin ditzakeelako. Behinik behin, bigarren hiruhilekotik aurrera, arrisku hori %1,3koa izango da. Halere, hiruhileko horietan, erditze goiztiarrarekin, hazkundearen atzerapenarekin edo fetuaren galerarekin lotzen da.
Haurdunaldia eteteak ez du pronostikoa hobetzen; hala ere, bularreko minbiziaren kasuan, lehen hiruhilekoan diagnostikatzen bada, batzuetan haurdunaldiaren amaiera baloratu behar da, pazienteak tratamendu egokiak jaso ahal izateko. Ez da ondorio kaltegarririk frogatu fetuan.
Edoskitzea eteteak ez du amaren pronostikoa oztopatzen; hala ere, eten egin beharko da pazientea kimioterapia jasotzen ari den kasuetan.
Bestalde, bularreko minbizia izan duten pazienteen kasuetan, ez dirudi haurdunaldiak kalte egiten dionik haien pronostikoari. Betiere, beharrezko tratamendu lagungarriak aldatzen ez badira. Horregatik, bularreko minbizia izan duten eta haurdun geratu nahi duten pazienteek erreferentziazko medikuarekin kontsultatzea gomendatzen da, kasu bakoitza banaka baloratzeko.