Osasun eta Genero taldearen artikuloa. Sua eta errautsak nagusi izan dira udan; izan ere, Estatuaren erdia sugar artean egon da. Sute batzuk klima-aldaketa dela-eta gertatu dira, baina gehienak gizakiek sortu dituzte.
Horren ondoriozko suntsipena izugarria izan da eta pertsona ugari hil dira. Gaur egunera arte hamalau pertsona hil dira suaren eraginez, eta milaka hektarea suntsitu dira. Benetan izugarria. Bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeei dagokienez, dagoeneko 37 emakume erail dituzte aurten, eta horietako bat ez da estatistiketan ageri emakume transgeneroa zelako. Edozein sute edo eraso terrorista baino askoz txarragoa da.
Real Academia Españolako (RAE) hiztegiaren arabera, querer aditzaren lehenengo adierak «desira izatea edo gogo izatea» dakar, bigarrenak «maitatzea» dakar eta hirugarrenak, berriz, «zerbait egiteko borondatea izatea». Horiek horrela, beste gizaki batenganako gure sentimenduei buruz aritzen garenean aditz hori erabiltzeak pertsona hori eduki nahi izatea hartzen du barne, bere desirak eta hautatzeko askatasuna gorabehera.
Alabaina, ez da hizpide izaten norberaren desira konplexua, eta horri lotuta dago aztertzea egoera jakin batzuk onartu behar ote dituzun, zer desio duzun eta zergatik. Hortaz, gizartean zabaltzen den mezua hauxe da oraindik: «horri buruz ez da hitz egiten». Emakumeak ez du uste zilegi denik gertatutakoa salatzea edo horri buruz hitz egitea, ikasi egin baitu modu jakin batean hitz egin behar dela harremanez eta sexuaz, askotan horrek beste pertsonaren desira lehenestea badakar ere. Gehiegitan.
Horrek horrela jarraituko du indarkeria matxista mila puska egin arte, horixe baita emakumeen aurkako gizarte-terrorismoa, gure gizartearen gaitza, alegia. Zer gertatzen da gizonekin? Zergatik jartzen da arreta emakumeengan, baldin eta horrenbeste gizon badaude uste dutenak emakumeak «haien jabetzakoak» direla?
Laura Cruzek 50 urte zituen bere bikotekide ohiak erail zuenean: tiroz bete zuen azken hasperena bota arte, kide bati lapurtutako pistola erabiliz. Haren hiletan lagun batek esan zuenez, «zoriontsu zelako hil egin zuen»; 2026ko abuztuaren 9an argitaratu zen horren gaineko artikulua, El País egunkarian. Hiru seme-alaba zituzten, orain umezurtz geratu direnak; batek 18 urte ditu, eta bikiek, berriz, 14 urte. Saskibaloi-talde baten entrenatzaile zen, eta familia eta lagunak zituen.
Paula Solanas de Miguelek 27 urte zituen bere bikotekide ohiak erail zuenean, zeinak hogei sastakada baino gehiago eman baitzizkion. Emakume azkarra, sentibera eta zaurgarria zen, eta horrexegatik erabaki zuen Psikiatrian sartzea. Paula irakaslea zen, Gurutze Gorriko boluntarioa, eta berak ere lagunak nahiz familia zituen. Bere familiak baimena eman zuen bere artikulu bat argitaratzeko, eta 2026ko abuztuaren 5ean argitaratu zen El Diario Montañés egunkarian.
Bea Payá-González psikiatra da Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitalean.
Genero-ikuspegia beti.
Hona hemen Paularen azken artikulua, «Utopía de una loca» (Zoro baten utopia):
Zoro baten utopia
Ospitale psikiatriko horretako solairuak ez zeuden nahasmenduen arabera banatuta, partekatutako dohainen arabera baizik.
Solairu batean, beste pertsonen ametsak gogoratu ahal zituztenak ingresatzen zituzten; beste batean, isiltasunak entzuten zituztenak; beste batean, adinekoen baitango haurtzaro ezkutua.
Inork ez zituen horrelakoak nahasmendutzat hartzen; munduari begiratzeko modu desberdinak ziren soilik. Bea zen bere kideen isiltasunak entzuteko gai zen bakarra, eta horixe zen bere sekretu handia. Kontsulta bakoitzean, paziente bat isiltzen zenean, pazientea ohartu barik, kristalezko poto txiki bat hurbiltzen zuen berak. Ez zituen hitzak gordetzen; isiltasunak gordetzen zituen.
Isiltasun bakoitzak berezko usaina zuen. Denetariko usainak zeuden: euriak zementuan utzitako usaina, herdoildutako burdinaren usaina, ogi egin berriaren usaina, arropa garbitu berriaren usaina, etab.
Inoiz ez zuen galdetzen zein zen usain bakoitzaren esanahia; horien data jartzen zuen etiketan, besterik ez.
Gauean, ospitalea lotan zegoenean, potoak elkarri xuxurlatzen hasten ziren: Neskatoak ez zuen inoiz esan marrazteari utzi ziola inork ez zuelako bere azken marrazkia eskegi.
Gizonak ez dio beldur heriotzari; aitzitik, inork bere hutsa ez sumatzeari dio beldur.
Agureak ez du ahazten; min egiten ez dioten tokian gorde ditu oroitzapenak.
Psikiatrak ez zuen inoiz informazio hori erabiltzen kontsultan.
Ulertu zuen isiltasuna ez zela hitzen gabezia, benetako emozioa eta alderdirik gizatiarrena dagoen tokia baizik.
Beak hogeita hamar urte zeramatzan gauez ospitalera sartzen zenean isiltasunak batzen. Hogeita hamar urte bere burua sakrifikatzen, beragatik, bere minarengatik eta bere pazienteengatik. Horrela jarraitu zuen, harik eta gau batean ilargiak xuxurlatzeari utzi zion arte eta potoak desagertu ziren arte.
Bakarra geratu zen. Horra nola heldu zen ondo jakin barik, usaindu egin zuen. Inoiz ez zuen uste izan berak ere isiltasunak uzten zituela kontsultan; inoiz ez zuen uste izan bera ere neskato zoro eta hautsia izan zela, beste asko bezalaxe.
Potoa zabaldu zuen. Berea. Inoiz ozen esan ez zuen esaldi bat entzun zuen bertan: «Nekatuta nago, beti ulertu behar ditut guztiak eta inork ez nau ulertzen».
Isiltasunak interpretatzeko dohaina zeukan paziente batek harrapatu zuen bere isiltasuna: Paulak, bigarren solairukoak. Horrek markatu egin zuen, inoiz ahazten ez diren oparietako bat baitzen. Beak inoiz ez bezala egin zuen negar; hainbat urtez gordetako malkoak izan ziren.
Hurrengo goizean, bizitzan lehenengoz, psikologo batekin eskatu zuen hitzordua.



