Digestiboko espezialista Haritz Cortés doktoreak bi pazienteri egin die ebakuntza, submukosaren disekzio endoskopikoaren (SDE) teknikaren bidez. Bi pazienteek 48 orduren buruan alta jaso zuten, sintomarik gabe. Teknika horren helburua digestio-hodiaren (esofagoa, urdaila, kolona eta ondestea) lesio neoplasiko goiztiarrak osoki eta zati bakar batean erauztea da; hala, organoa babestu eta ebakuntzaondoa nabarmen murrizten da. Gurutzetan teknika hori gauzatu ahal izateko, Haritz Cortés doktoreak urtebeteko prestakuntza-prozesu trinkoa egin behar izan du; epe horretatik hiru hilabete nazioarteko erreferentziazko zentroetan eman ditu, Japonian.

Prestakuntza egindakoan eta teknika egiteko behar den ekipamendu teknikoa eta giza taldea eskuratu ondoren, Bizkaiko lehen SDEa 2016ko abenduaren 1erako programatu zen. Pazientea 68 urteko gizonezko bat zen. Bronkopatia eta hepatopatia kronikoa, odolaren eta plaketen koagulazioaren funtzioan alterazio moderatua eta urdaileko antroan 4 cm inguruko lesio neoplasiko goiztiar bat zituen.

Anestesia orokorra eta intubazio orotrakeala erabili ziren prozedura egiteko; 90 minutuko ebakuntza izan zen, guztira. Prozeduran ez zen arazorik sortu eta tumore-lesio goiztiarra osoki erauztea lortu zen. Pazientea Digestio Zerbitzuan egon zen behaketan, baina 48 orduren buruan alta eman zioten, sintomarik gabe. Kanpoko kontsultetan aztertu dute, eta ebakuntzatik 2 hilabete igaro ostean, ez du konplikaziorik izan. Halaber, gastroskopiaren bidezko jarraipena programatuko da, urtebeteren buruan berrikusteko. Ondoren, urtarrilean, beste ebakuntza bat egin zaio bigarren paziente bati, baita aurreikusitako emaitzak eskuratu ere.

Haritz Cortés doktoreak honakoa adierazi du: «Teknika endoskopiko honek aurrerapen handia dakar era honetako lesioen oraingo tratamenduaren aldean. Paziente honen kasuan, ordezko aukera gastrektomia ez-oso bat egitea izango zen eta horrekin lotutako komorbilitateak sortu ahal izango ziren, zirrosi hepatikoa, koagulopatia eta plaketopenia moderatua baititu. Ondorioz, luzaroan ospitaleratuta egon beharko zuen; ebakuntzaren ostean Bizkortze Unitatean eta ondoren plantan. Gainera, operatutako organoaren funtzionaltasuna partzialki galtzea eragingo zuen».
Teknika hori gehituta, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak kalitatezko aurrerapauso bat eman du horrelako patologien tratamenduari dagokionez. Hala, teknika hori erabiltzen duen Bizkaiko lehen zentroa bilakatu da eta EAEko bigarrena, Donostia Unibertsitate Ospitalearen ostean.

Japoniako prestakuntza

2012. urtean, Digestio Aparatuko Zerbitzuak endoskopista bat submukosaren disekzio endoskopikoaren teknikan trebatzea planteatu zuen, orduan ez baitzegoen EAEn ebakuntza hori egiten zuen profesionalik. Proiektua Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Zuzendaritza Medikoari aurkeztu ondoren, bideragarritasun-azterketak eta txostenak egin ziren; OSTEBAk eta ospitaleko Zuzendaritza Ekonomikoak teknika ebaluatu zuten, besteak beste. Prestakuntzaren gastu guztiak BIOEF erakundeak (Berrikuntza eta Ikerkuntzarako Euskal Fundazioa) hartu ditu bere gain.

Urrats horien ostean, Haritz Cortés doktoreak urtebete inguruko prestakuntza monografiko intentsiboari ekin zion. Horren barruan, teknika animalien «in vivo» modeloaren bidez ikasteko prestakuntza-prozesua dago (Valdecillako Ospitale Birtuala, Santander) eta guztira 60 ebakuntza egin zituen. Ondoren, Madrilen 3 hilabeteko prestakuntza-egonaldia egin zuen, SDE gehien egindako erreferentziazko bi zentro nazionaletan (Puerta de Hierro ospitalea –Herreros de Tejada doktorea–, eta 12 de Octubre Unibertsitate Ospitalea –Marín, Díaz Tasende eta Del Pozo doktoreak–). Azkenik, 3 hilabeteko kanpoko txandatze bat egin zuen nazioarteko erreferente diren Tokioko bi zentrotan (Keio University Hospital –Yahagi doktorea– eta National Hospital Organization Tokyo Medical Center –Uraoka doktorea–); teknikaren sortzailearekin (Yahagi doktorea) eta haren ikasle aurreratuenarekin (Uraoka doktorea) egin zituen txandak.

Prestakuntzaren osagarri, hainbat ikastaro monografikotan parte hartu zuen, entrenamendu erreala egin zuen animalien modelo biziekin eta Endoskopia Digestiboko Espainiako Elkartearen Submukosaren Disekzio Endoskopikoaren Lantaldeko kidea izan da 2014tik.

Prozesu hori guztia bat dator Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIak goi-mailako espezializazioa bultzatzeko abiarazitako estrategiarekin, bai eta Osakidetzak, pazienteentzako zerbitzua hobetzeko asmoz, osasun-sistemaren kalitatea handitzeko duen helburuarekin ere, azken kasu horretan segurtasun klinikoaren alderdiari garrantzi berezia emanez.

Noticia anteriorEuskadiko gaixotasun arraroen erregistroak mila kasu inguru antzeman ditu, 2015ean eratuz geroztik
Noticia siguienteLogura eta osasuneko garbitasuna